Elhuyar zientziaren komunikazioa

Munduko habitaten herena mehatxupean

2000/09/24 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia


WWF erakundeak argitaratutako "Global Warming and terrestrial Biodiversity Decline" txostenaren arabera planetako landare eta animalia espezieen herena desagertu egin daiteke XXI. mendean zehar. Klima aldaketak eragin bortzitza izango omen du planeta osoko biobibertsitatean eta bereziki Iparraldeko Hemisferioko goi latitudeetan.


Planetako habitatak eta euren babesean bizi diren bizidunak klimak aginduta banatzen dira geografian, besteak beste. Hain zuzen, iraganean gertatutako klima-aldaketek bizidunen distribuzioa behin baino gehiagotan aldarazi dute. Klima epeletako zuhaitzak, esaterako, dozenaka metro migratu zuten urteko Holozenoan zehar, iparralderantz atzera egiten ari ziren glaziarrekin batera. Era berean, gaur egun bizitzen ari garen berotegi-efektuak aurrera jarraitzen badu, antzeko prozesuak gertatuko dira, baina glaziazio garaian baino askoz denbora gutxiagoan; izan ere, gaur egungo berotzea azken 100.000 urteetan izandako azkarrena da.


Beroketak, noski, habitatak eraldatu egingo ditu. Eskualde jakin bateko landareak aldatu egingo dira eta horiekin batera animaliak. Baina nola? Zein abiaduraz? Zenbat galduko dira bidean? WWF erakundeak eskatuta Jay R. Malcom eta Adam Markham ikertzaileak galdera horiek erantzuten saiatu dira eta horretarako bizidunen migrazio-gaitasunean oinarritu dute euren ikerketa. Lehena Torontoko Unibertsitateko irakaslea da eta bigarrena Estatu Batuetako Clean Air-Cool Planet gobernuz kanpoko erakundearen arduraduna.


Ikerketan biodibertsitatea mehatxa dezaketen hiru aldagai aztertu dituzte: espezieen gaitasuna, migrazio-abiadura beroketaren abiadurara egokitzeko; klima-aldaketarekin batera gertatzen den habitat-galera eta habitat horrek betzen duen eskualdea murrizteagatik izaten den biodibertsitate-galera. Aldi berean bizidunen migrazioa oztopa dezaketen faktoreak ere kontuan hartu dira: muga naturalak batetik, hala nola ozeano eta aintzirak, eta gizakiak eraikitakoak bestetik, hiriak eta landa-lurrak barne.


Ikertzaileek 7 klima-eredu eta bi eredu biogeografiko erabili dituzte berotegi-efektuaren eraginez landaredia nola alda daitekeen ikusteko eta, horren baitan, biodibertsitatearen bilakaera aurresateko.


Azkartasuna bertute


Abiada bizian berotzen ari den planetan, etengabe klima-egoera egokiagoetara migratzeko gaitasunak baldintzatzen du espezie askoren patua. Zoritxarrez, espezieen migratzeko gaitasuna oraindik ongi ulertzen ez den aldagaia da eta, ondorioz, zaila da klima-aldaketak biodibertsitatean izan dezakeen eraginaren larritasuna kalkulatzea. Oro har, ikertzaileek erabiltzen dituzten datuak antzinako aztarna fosiletatik eratorriak dira; batez ere, azken izotzaldi ondorengo oihaneztatzeak utzitakoak. Orduan klima berotu ahala basoek izoztutako eskualdeak oso azkar bete zituzten. Hala ere, gertatu zenari buruz desadostasunak nabariak dira: batzuentzat orduko migrazio-abiadurak inoiz ikusitako azkarrenak izan ziren, eta beste batzuentzat, aldiz, behar izanez gero zenbait espeziek azkarrago higitzeko gaitasuna izan dezakete.Dena dela, dagokigun txostenean ez da espezie eta habitatak zeinen azkar higi daitezkeen aztertu, klima-aldaketak zein migrazioa-abiadura eskatuko dien baizik.


Horretarako, planetako eskualde guztien "beharrezko migrazio-abiadura" faktoreak (required migration rates edo RMR) kalkulatu dituzte Jay R. Malcom eta Adam Markham-ek. Urteko metro batetik gorako abiadurak oso handitzat jo dira, erregistro fosiletan urriak baitira halako abiadurak. Espezieak planetaren berotzeari zein sentikor zaizkion kalkulatzeko bi neurketa egin dira: 100 urteren buruan eta 200 urteren buruan atmosferako karbono dioxidoaren maila bikoizteak zer eragingo lukeen kalkulatu dute eredu informatikoen bidez. Denboraldi horiek datu errealetan oinarrituta daude, ikerketa baiezkorrenek ere XXI. mende erdirako antzeko egeora iragarri baitute: Lurreko atmosferak industrializazioa iritsi aurretik zegoen karbono dioxidoaren bikoitza izango du ordurako, eta XXI. mendearen hamaieran baliteke kopurua hirukoiztu izana.


Hondamendia Ipar Hemisferioan


Jay R. Malcom eta Adam Markham-en ikerketaren emaitzek etorkizun iluna iragarri dute landare eta animalientzat. Landareetan, bai 100 urteko periodoan eta bai 200 urtekoan, ereduek iragarritako beharrezko migrazioa abiadurak ikaragarri handiak suertatu dira, azken glaziazio ondorengoak baino 10 bider handiagoak. Hori asko da, glaziazio ondorengoak jada ohiz kanpokotzat jotzen baitira. Landareentzat migrazio-abiadurak handiegiak badira, euren babesean bizi diren animalientzat ere handiegiak izango dira, azkarrago mugitu arren ez baitute habitat egokirik aurkituko.


Ipar Hemisferioko eskualde zabaletan, Kanada, Errusia eta Eskandinavian bereziki, beharrezko migrazio abiadura handiak (metro bat urteko) oso maiz agertu dira, Finlandiako % 60an, Errusiako % 38an eta Kanadako %33an, hain zuzen. Finlandian, gainera, penintsula izateak eragieten duen oztopo naturala eta hegoaldeko hiriak direla medio, abiadura handiagoak ere askotan neurtu dira.


Habitat galtzeak ere nabarmenak izango dira, eta, berriz ere, ipar-iparreko eskualdeek sufrituko dute gehien. Bertako habitaten % 50etik gora galtzeko arriskua dagoela iragarri dute ikertzaileek. Galera larrienak izango dituzten 20 herrialdeetan, Irak-ek galduko du habitat gutxien, % 43, eta Islandiak gehien, % 82. 20 herrialde horietan espezieen % 2,3-% 5,3 desagertuko da, baina galera larrienak eskualde artikoetan eta mendietan gertatuko dira, % 6- % 20 zehazki.


Laburbilduz, planeta berotzeak inoiz baino migrazio abiadura handiagoak inposatuko dizkie Lurreko animalia eta landareei eta, horien migratzeko gaitasunak ongi ezagutzen ez diren arren, badirudi eskakizuna gehiegizkoa izango dela espezie askorentzat. Hotzera egokitutako eskualdeetan, aldiz, hau da, habitat artiko eta alpinetarretan, migratu ala ez migratu espezie ugari desagertu egingo da.

E-mail bat naturaren alde


Hurrengo azaroan klima-aldaketaren gaineko bilera garrantzitsua egingo da Hagan, Herbehereetan. Bertan 1997an Kyoton onarturiko protokoloa martxan jar dadin ezarri beharreko azken arauak adostuko dituzte herrialde sinatzaileek. Baina askotan gertatzen den bezala, hasi aurreko asmo handiak ezerezean gera litezke bilera ostean. Horren aurka protesta egiteko WWF, Geenpeace, Friends of the Earth eta beste 13 erakunde ekologistak www.climatevoice.org webgunea martxan jarri dute, munduko agintari politikoei azaroko bilera alferrik gal ez dezaten eskatzeko. Horretarako gorputzean eskaera hori daramaten 10 milioi mezu iristarazi nahi dizkiete. Mezua nik, zuk edo beste edonork bidal dezake aipatutako webgunearen bitartez. Dagozkien kutxatiletan norberaren izena, abizena eta posta elektronikoa ipintzea eta klik egitea nahikoa da mezua bidaltzeko. Dagoeneko milioi bat igorri dira, baina gehiago behar dira. Milioi bat mezu berotegi-efektuaren kontrako neurriak hartzean atzeratutako urte bakoitzeko. Izan ere, klima-aldaketaz arduratzen den Nazio Batuetako taldeak 1990. urtean plazaratu zuen berotegi-efektuari buruzko lehen lana. Geroztik agerian geratu da planetaren berotzearen larritasuna, baina 10 urte geroago ez diote oraindik zezenari adarretatik heldu

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia