}

Metodo zientifikoa

2021/03/01 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

metodo-zientifikoa
Arg. Pernan Goñi Olalde

Jarraian metodo zientifikoaren urrats ohikoenak zehaztuko ditugu.

  1. Behaketa: Munduari erreparatu, eta ulertu nahi denari jartzen diogu fokua. Hori da behatzea. Jakin-minak eramaten gaitu gizakiak behaketa egitera, modu naturalean.
  2. Galdera zientifiko batetik abiatu: Behaketaren ondoren, hurrengo pausoa ikerketa-prozesua bideratuko duen galdera bat egitea da. Galdera askok iradokitzen dute jakin-min zientifikoa, baina batzuk bakarrik dira ikergarriak. Ikerketa-galderak argia, zehatza, egingarria, berria eta etikoa izan behar du.
  3. Hipotesia egin: Hipotesia da ikerketa gidatzen duen iparrorratza; bilatzen edo probatzen ari garena islatzen du. Ikerketa-galderaren erantzun posiblea ere bada, mendeko aldagaien eta aldagai askeen arteko erlazioa ahalik eta argien eta laburren azaltzen duena. Hipotesia onartu edo baztertu egin behar da proba, behaketa eta esperimentazioaren bidez.
  4. Hipotesia egiteko plangintza egin: Zer egingo den eta zenbat denboran egingo den zehazten da, baliabideak ebaluatu eta lanak lantaldeari esleituta.
  5. Esperimentazioa edo landa-lana egin: Esperimentatzea zera da: fenomeno edo printzipio zientifiko bat aurkitzeko, egiaztatzeko edo frogatzeko ekintzak garatzea. Komeni da aldagai bakarra aldatzea aldi berean, gainerakoak konstante mantenduz. Landa-lanean, esperimentu, neurketa eta behaketa bakoitzaren ohar zehatzak hartu behar dira. Erregistro on batek prozesuaren berri ematen du eta lanaren azterketa oinarritzen laguntzen du. Horren araberakoa da, neurri handi batean, ikerketaren sendotasuna. Espero diren eta espero ez diren gertaerei buruzko oharrak jaso behar dira: galdera gehigarriak, kezkak, prozedurako aldaketak, ideia berriak …
  6. Emaitzak aztertu eta eztabaidatu: Ikerketa amaitu ondoren, emaitzak aztertuko dira. Aurretik, gure hipotesia onartzeko edo ez onartzeko nahikoa ebidentzia dagoen egiaztatu behar da. Eztabaidarako funtsezkoa da lortutako emaitzak balio teorikoekin, beste ikerketen datuekin eta espero diren emaitzekin alderatzea.
  7. Ondorioak atera: Lanaren aurkikuntza nagusiak laburtzeko unea hau da. Komeni da espezifikoa izatea, orokortu gabe, eta inoiz ez sartzea proiektuan egin ez den zerbait. Ikerketa esperimentalek ez dute beti hipotesia berresten; kasu batzuetan, gezurtatu egiten dute. Horrek ez du prozesua baliogabetzen: agian ez da lortu nahi zen ondorioa, baina beste aurkikuntza garrantzitsu bat egin da.
  8. Komunikatu: Zientziak eta teknologiak gure errealitatea ulertzea eta eraldatzea lortu dute, elkarren artean berrelikatu diren ikerketa txiki eta handi askori esker. Horregatik da hain garrantzitsua egindako proiektua komunikatzea.

Edukietan sakontzeko sakatu hemen.