}

Menopausia ondoko hormona-tratamendua eta bularreko minbizia

2003/08/11 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

The Lancet aldizkarian argitaratu berri den ikerketa baten arabera, menopausiaren ondoren hormona bidezko terapia denbora luzez jarraitzen duten emakumeek bularreko minbizia izateko arrisku handiagoa dute. Ikerketa Erresuma Batuan egin dute, milioi bat emakumeren artean.

Hormona bidezko tratamenduaren eta bularreko minbiziaren arteko harremana ez da gauza berria. Joan den urteko maiatzean, esaterako, tratamendu horien eragina aztertzen ari zen ikerketa zabal bat bertan behera utzi zuten arrazoi horregatik.

Kasu honetan, estrogenoa bakarrik eta estrogenoa eta progestina biak batera hartu dituzten emakumeek parte hartu dute ikerketan, eta bi kasuetan bularreko minbizia izateko arrisku dezente handiagoa neurtu dute hormonak hartzen zituzten emakumeen taldean, % 22 handiagoa, batez beste. Hala ere, zenbatekoak aldatu egiten dira tratamendu motaren eta iraupenaren arabera.

Estrogenoa eta progestina biak batera hartzen zituzten emakumeen artean, estrogenoa bakarrik hartzen zutenen artean baino lau aldiz bularreko minbizi-kasu gehiago izan dira. Normalean, tratamendu hori umetokia duten emakumeei gomendatzen zaie, hain justu, estrogenoa bakarrik hartuta umetokiko minbizia izateko arriskua handitu egiten delako. Hemendik aurrera, ordea, medikuek eta pazienteek bularreko minbiziaren faktorea ere kontuan hartu beharko dute tratamendu bat edo bestea, edo bat ere ez, gomendatzeko orduan.

Tratamenduaren iraupenari dagokionez, ikertzaileek ikusi dute tratamendu luzeek arriskua areagotzen dutela. Arriskua tratamenduaren hirugarren urtetik aurrera hasten da handitzen, eta asko nabarmentzen da 10 urte baino gehiago irauten duenean. Hala ere, hormonen eragin kaltegarria tratamendua utzi eta urte gutxira desagertzen dela ere ikusi dute.

Horrelako datuen aurrean, Erresuma Batuan botiken erabilera arautzen duen erakundeak terapia horren inguruko gomendioak aldatzea erabaki du, eta epe luzeko ondorioen berri emateko eskatu die medikuei. Horrela, hemendik aurrera, urtez urte azaldu beharko diote pazienteari balizko onurak eta kalteak zein diren, ezin ahantz baitaiteke hormona bidezko tratamenduek alderdi positibo asko dituztela. Horregatik, egokiena medikuarekin hitz egitea da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia