Marrazo erraldoiek ez dute hibernatzen
2002/09/11 Elhuyar Zientzia
Marrazo erraldoia (Cetorhinus maximus) Lurreko ozeano guztietan aurki daitekeen plankton-jale baketsua da. Marrazo balearen ostean, munduko arrainik handienetan bigarrena da; 18 metroko luzera izatera hel daiteke.
Planktona ura iragaziz harrapatzen du. Aho handia zabal-zabalik izaten du igeri dabilen bitartean, eta zakatzetan harrapatzen ditu planktona osatzen duten izaki txikiak. Diotenez, ordubetean 50m-ko luzera duen igerileku bateko ur guztia iragazteko gai da.
Britainia Handiko Itsas-biologia Elkarteko zientzialariek, marrazoen joan-etorriak aztertzeko, 21 marrazo erraldoi markatu eta satelite bidez jarraitu zieten duela hiru urte. Ordutik hona jasotako datuekin ondorio interesgarriak lortu dituzte. Horietan harrigarriena da neguan ez dutela hibernatzen.
Neguan askoz ere plankton gutxiago dagoenez, marrazoek jateari utzi eta ozeano hondoan hibernatzen dutela uste izan da. Baina, lortu diren datu berriekin, neguan ere oso aktiboak direla jakin dute. Janaria bilatzeko uste baino gehiago mugitzen dira eta askotan sakonera handietan ere murgiltzen dira.
Beraz, marrazoak uste baino eremu zabalagoan ibiltzen dira eta, zientzialarien esanean, marrazo erraldoia babestu nahi bada, eremu hori guztia hartu beharko da kontuan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia