}

Lotxo bat, lotxo bi...

2000/03/21 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Lo gaudenean odolaren presioaren aldaketak garrantzitsuak izan daitezke bihotzaren eta giltzurrunaren osasunerako.

Gauero ohean sartzen gara atseden hartzeko asmoz. Ez dugu beti lortzen. Batzuetan loezina edo amesgaiztoak izaten ditugu bestelako kezka berezirik izan gabe. Orduan mina ala ezinegon fisiko batekin lotzen dugu arazoa. Baina lo seko egiteak, ordea, ez du esan nahi gorputzaren funtzio guztiak ere atseden hartzen ari direla. Americal Journal of Hypertension aldizkari espezializatuak gai horren inguruko ikerketa argitaratu berri du.

Odolaren presioa asko aldatzen da pertsona batetik bestera. Jakina da. Baina datu hori esna dagoen jendearengan neurtu da gehienetan. Zer gertatzen da, ordea, lo egitean? Mayo klinikako ikerlarien azterketen arabera, lotan dauden pertsona ezberdinen odol presioa ere ezberdina da. Presioaren neurgailu bana jarri zitzaien 240 pertsona osasuntsuri eta hogei orduz martxan izan zuten. Hamar minuturo egiten zen neurketa. Bi laguni baino ez zizkieten presioaren ohiko balioak neurtu.

Esperimentu horretan datu harrigarri bat aurkitu zuten. Pertsonen presioen arteko diferentziak handiagoak ziren lotan zeudenean erabat lanpetuta zeudenean baino.

«Jakina da egunean zehar gertatzen diren odol presioaren aldaketak bihotzeko eta giltzurruneko arazoekin lotuta egon daitezkeela», dio Gary Schwartz-ek, Mayo-ko hipertentsioan aditu eta ikertzaile taldearen burua. «Pentsatu izan da gauean presioa txikiagotu egiten dela muga ziurretara eta ez zela aldaketa handirik gertatzen. Gure emaitzen ondorioa da, gauean gertatzen diren odol presioaren aldaketek ere bihotzeko eta giltzurruneko arazoak izateko beste ekarpen mota gehitzen dutela».

Bere usteetan, presio altua dutenek botiken kontrolatze efektua bai egunez bai gauez jasotzen dute. «Hala eta guztiz ere, azterketa honek dioenaren arabera, zenbait pertsonaren odol presioa gauean ere neurtu beharko litzateke, lo daudenean, alegia, eta neurketaren emaitzaren arabera medikazioa etengabe egokitu. Hemendik aurrerako ikerketaren helburua, gauez presioak hartu ditzakeen muga balioen azterketa izango da. Bestalde, presio altuegia dagoneko tratamendu egokia bilatu behar da».

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia