}

Lore fluoreszenteak

2001/10/25 Elhuyar Zientzia

Lore-sorta ikusgarria osatu dute Italian. Ingeniaritza genetikoa erabiliz lore fluoreszenteak egin dituzte. Lore arruntak diruditenak berde distiragarri bihurtzen dira argi ultramorearen azpian. Lore horien sortzailea, Tito Schiva, San Remoko Florikultura Institutuko ikertzailea da, eta bere iritziz "lore fluoreszenteek erakusten dute ingeniaritza genetikoa edertasunerako ere erabil daitekeela". Fluorezente berdearen proteina erabili dute loreak itxuraldatzeko. Proteina hori marmoketatik eskuratzen dute eta lorearen genearekin nahastuz lortzen dute lore fluoreszentea.

Lore horien distira argi ultramoreek azalarazten dute, eta, beraz, etxean horrelako loreak jartzeak ez du ekarpen handirik egingo. Diskoteka eta taberna ilunetan jartzeko aproposak izan daitezke, baina oraindik ez dirudi horrelakorik gertatuko denik. Bi oztopo daude arrosa fluoreszenteak merkaturatzeko. Batetik, ingeniaritza genetikoarekin egindako gauzak susmo txarrez hartzen dira merkatuetan; eta, bestetik, genetikoki eraldatutako produktu bat merkaturatzeko baimena eskuratzea milioi bat dolar kostatzen da Italian gaur egun.

Australiako Florigene konpainiak genetikoki eraldatutako loreak egiten ditu. Krabelin, arrosa eta bitxiloreen koloreak eraldatzen dituzte. Baina arazoak dituzte lore horiek Europan merkaturatzeko, ingeniaritza genetikoz eraldatutako produktuak arautzen dituen legediaren ondorioz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia