}

Loa eta elikagaien metabolismoa

2010/10/10 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Loak ikerketa-gai garrantzitsua izaten jarraitzen du. Berriki, esaterako, loaldiaren eta elikagaien metabolismoaren arteko harreman konplexuaren inguruko bi ikerlanen berri izan dugu. Batek, haurtzaroan lo nahikoa ez egiteak etorkizunean gizentasun-arazoak pairatzea ekar lezakeela iradokitzen duten datuak eskaini ditu. Bigarrenak, bestalde, goseak egoteak loa bigarren maila batera pasatzea dakarrela egiaztatu du.
Ikertzaileen ondorio nagusiak haurtzaroko loaldia haurraren etorkizuneko pisuan “erabakigarria” dela berrestera datoz.
Mark Evans

Gauetan hamar ordu baino gutxiago lo egiten duten bost urtetik beherako haurrek joera handiagoa izan dezakete, urte batzuetara, gehiegizko pisua edo obesitatea izateko. Kaliforniako eta Washingtoneko Unibertsitateetako bi ikerlariren baieztapena da hori. Archives of Pediatrics Adolescent Medicine aldizkariak eman du berria.

Ikerketak 1997 eta 2002 urteetan egindako inkesta bat du oinarri; 1.930 haurrek parte hartu zuten, eta bi urteetan bildutako datuak alderatu ziren gero. Bada, gizentasun-arazoak izateko joera % 80 handiagoa izan zen bost urte lehenago gauetan lo nahikoa egiten ez zutenenen artean. Haurrek lau urtetik behera zituzten ikerketan parte hartzen hasi zirenean.

5 eta 13 urte bitarteko haurren emaitzetan, ordea, ez zen lo-faltaren eta geroko gizentasunaren arteko lotura bera ikusi.

Ikerlariek diote siestak ezin duela ordezkatu gaueko loa. Bi loaldiek funtzio ezberdinak betetzen dituztela azaldu dute; “siestak estresa kentzen edo ikasteko adi egoten lagun dezake, adibidez. Gaueko loaren baitan, berriz, funtzio biologikoak, psikologikoak eta lehengoratzeari dagozkienak sartzen dira”.

2002an, gizentasun-arazoak izateko joera % 80 handiagoa izan zen bost urte lehenago gauetan lo nahikoa egiten ez zutenen artean.
Colin Rose

AEBko Loaren Fundazio Nazionalak loaren inguruko aholku zehatzak eman ditu: txikienek (1-3 urte) gauero 12tik 14 ordura bitarte egin beharko lituzkete lotan; 3-5 bitartekoek, 11 eta 13 ordu artean; bost eta hamar urte artekoentzat, 10-11 ordukoa da gomendioa; eta nerabeentzat, berriz, 8,5 eta 9,25 ordu artekoa.

Ikerlariek diote hau dela haurren lo ezak obesitatea eragin dezakeela iradokitzen duen lehen ikerlana. Baina oraindik ez dute oso argi zein den azalpena, eta ikertzen jarraituko dute. “Aditu batzuentzat, zenbat eta luzeago egon esna, orduan eta gehiago jango du haur batek. Beste teoria batek dio atseden gutxi hartzen duten umeak nekatuegi daudela kirol edo jarduera fisikoak gogotsu egin ahal izateko”.

Ozpin-euliak

Washingtoneko Unibertsitatetik dator loaren inguruko beste ikerlan baten berri ere. Otordu handiek logalea dakarten bezala, “gose egoteak lo-premia bigarren maila batera” pasarazten duela eta “atseden ezarekin lotutako kalte kognitiboak murriztu” ditzakeela egiaztatu dute.

Esperimentua ozpin-euliekin egin dute; haiek ere ezin dute bizi lorik egin gabe. Baina, laborategian, mutazio bat eragin zieten euliei, lorik ez egiteak are kalte handiagoa eragin ziezaien. Lorik ezak eragindako kalteak askoz azkarrago pilatu zituzten euli haiek, eta nahikoa izan zen hamar orduz esna egotea eulia hiltzeko.

Aipatutako mutazioarekin genetikoki eraldatu zituztenen artean, jan ez zuten euliek luzeago iraun zuten esna eta bizirik. 28 ordu, hain zuzen.

Genetikako saiakuntzak egiteko maiz erabiltzen diren Drosophila melanogaster ozpin-euliekin egin dute ikerlaneko esperimentua. (Argazkia: Chromalux).

Ikertzaileek lo faltarekin erlazionatutako bi markatzaile baliatu zituzten esperimentuan: euliek listuan duten entzima bat, eta argia gustuko ez zuten estimulu batekin erlazionatzen ikasteko agertu zuten gaitasuna. Bi testetan ikusi zuten goseak dauden euliek ez zutela lorik hartzen.

“Eboluzio-ikuspegi batetik, zentzua du —dio ikertzaileetako batek—. Goseak egonda, kognitiboki zure maila gorenean zaudela ziurtatu nahi izaten duzu. Modu horretan, elikagaiak aurkitzeko zure aukerak handituko dituzu, zu zeu beste norbaiten elikagai bihurtu ordez”.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia