Lertxunak: zango luzeak, moko zorrotza

1991/01/01 Aihartza, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hegaztiak dira, zalantzarik gabe, ornodunen artean eta oinarrizko egitura anatomikoei dagokienean, aldakortasun gutxien ageri dutenak. Hala ere, hegaztien oinarrizko eredu honek plastikotasun handia eskaintzen die, eta ondorioz, aldaketa minimo batzuen bitartez oso bizimodu desberdinetara egokitzeko eta oso habitat eta txoko ekologiko desberdinak kolonizatzeko gai dira. Bizimodu eta bizileku zehatzetarako moldaera honen adibide bikaina, ardeidoek eskaintzen digute; lertxun, lertxuntxo eta gisa bereko hegaztiez osaturiko familiak alegia.

Lertxuntxo txikia (Egretta garcetta), luma zuri, leun eta dotorez jantzitako ardeido ederra dugu. (Argazkia: J.R. Aihartza).

Ardeidae familia mundu osoan barreiatuta bizi diren hirurogeitabederatzi espeziez osatuta dago, hauetariko gehienak tropikalak izanik. Euskal Herrian berriz, Europako bederatzi espezieetatik sei bizi direla esan daiteke, nahiz eta oraingoz habiagile seguruak bost baino ez diren.

Ardeido guztiak ingurune hezetan bizi diren harrapakariak dira, eta ur gezetan nahiz itsas adarretako gazi-gezetan ere aurki ditzakegu.

Hegan doazenean, lertxunak zango eta moko luze nabarmenagatik bereiz daitezke, lepoa "S" bat eginez atzerantz biltzen dutelarik.
J.R. Aihartza

Hegazti hauen ezaugarririk begibistakoena soin-zati desberdinen luzetasuna dugu. Hain dira luze eta meheak, ze sarri beren mugimenduetan liraintasun eta dotoretasunetik baldarkeriarik farregarrienera pasatzen bait dira. Dena dela, zango luze eta meheak oso baliagarri gertatzen zaizkie uraxalean beren harrapakinak uxatu gabe ibiltzeko. Era berean, azkon-itxurako moko zorrotza eta lepo luze malgua ehiza-tresna aproposak dituzte beren ehizaki dohakabeak harrapatzeko.

Ikuskizun bikaina izaten da lertxuntxo txikia (Egretta garcetta) arrantzan ari denekoa: uretan mantso mugituz, hanka baten gainean geldirik egoten da, lepoa atzera botata, moko zorrotza aurrerantz eta behera zuzentzen duen bitartean. Segidan beste hanka uretan sartu, eta hondotik aurrerantz mugitzen du poliki-poliki, bertan dagokeen arrainen bat mugi erazteko asmoz. Harrapakinen bat sumatuz gero, lepoa balezta baten moduan askatzen du, moko zorrotza aurrera jaurtiz eta arraina, igela edo dena delakoa bertan harrapatuz.

Azken urteotan gero eta arruntagoa da lertxuntxo txikia gure aintzira eta paduretako uraxaletan ehizean ikustea.
J.R. Aihartza

Lertxuntxo txikia (Egretta garcetta) tamaina ertaineko ardeido liraina dugu; kolore zuri garbiko luma leun eta finez jantzia. Moko luze-zorrotza beltza du, eta baita zango luzeak ere, behatz hori deigarriak izatea espeziearen bereizgarri delarik. Araldian bestalde, eta ardeido gehientsuenek bezala, itxura dotore honi garondotik ateratzen zaizkion luma luze eta finak gehitzen dizkio apaingarri gisa. Luma leun eta eder horiek animalia hauen kalterako izan ziren garai batean. Izan ere XIX. mendearen bukaeran milaka lertxun, lertxuntxo eta beste garbitu bait ziren emakumeen kapelu eta jantzietarako hornidurak lortzearren. Iharduera honek, hegazti hauen bizimodu koloniala dela eta, kalte ikaragarria egin zien ardeidoen populazioei; ehiztariek kolpean dozenaka hiltzen bait zituzten.

Euskal Herrian habiagile urria den arren —Nafarroako gune bitan baino ez da ugaltzen ikusi— lertxuntxo txikia migrazio-sasoietan eta negutiar moduan gure lurraldeko hainbat ingurune hezetan arrunt izatera heldu dela esan daiteke. Nola-halako ugaritasun hau berria dela esan behar da ordea, eta espezieak Europa osoan erakusten duen hedatze-joera nabarmenaren ondoriotzat jotzen da. Esate baterako, 1981.era arte Urdaibaiko itsasadarrean bitxia izan den arren, azken urteotan bertan dabiltzan lertxuntxoen kopurua ikaragarri hazi da, negutiar arrunta izatera iritsiz (Galarza, 1989).

Lertxun hauskara (Ardea cinerea) Euskal Herriko bisitari negutiarra da. (Argazkia: J.R. Aihartza).

Lertxuntxo txikia egunez bizi den hegazti taldezalea dugu, eta araldian izan ezik ohitura isilekoa izaten da. Bere habitatari dagokionez ez du baldintza zorrotzegirik ezartzen; aintzira eta zingiretan nahiz arroz-soro eta paduretan ere bizi bait daiteke, bertan arrain, anfibio eta intsektuz elikatzen delarik. Ugalketarako ordea, eta gainerako ardeidoek bezalatsu, zuhaitz, zuhamuxka edo lezkaz osatutako landaretza trinkoaz gainera, lasaitasuna beharrezkoa du bere koloniak eratzeko, eta hori zoritxarrez Nafarroako aintzira bakar batzuetan baino ez diogu eskaintzen gaur egun.

Lertxun hauskara (Ardea cinerea) dugu Europako ardeidorik handiena. 90 cm-ko luzera eta 170 cm-rainoko hegal-zabalera izanik, eskualde eurosiberiarrean hedapen zabala duen hegazti handi bakarretakoa dugu, eta Euskal Herrian ere eskuarki ikus daiteke —zenbait lekutan talde handitan gainera—, nahiz eta lertxuntxo txikiaren kasuan bezala, batez ere gure ingurune hezeetako bisitari negutiarra den.

Lertxun gorria (Ardea purpurea) negua Afrika tropikalean igarotzen duen ardeidoa da. Udaberrian ordea iparralderantz dator, Nafarroako hegoaldean habia egiten duelarik. (Argazkia: J.R. Aihartza).

Lertxun hauskara moldagarritasun handiko espeziea da, eta arrantza ugaria eta gizakiongandiko lasaitasuna besterik ez ditu eskatzen ingurune batera egokitzeko, baina esan bezala, azken baldintza hau aurkitzea bereziki zaila zaio Euskal Herrian; bertan ingurune apropos gutxi, eta seguruenik, daudenetan ere giza presio handiegia topatu bide bait du.

Arrantzale/ehiztari bikaina izaki, egunean 500 gramo jaki behar ditu lertxun hauskarak, bere harrapakinen artean arrainak, igelak, intsektuak, sugeak, arratoiak, beste hegaztien txitoak, eta txilinporta helduak (Tachybaptus ruficollis) ere konta daitezkeelarik. Ardeidoek duten hestegorri dilatagarriari esker, harrapatutakoak normalean osorik irensten ditu; bere liseri-urin gogorrek hezurrak ere deskonposatzen dituzte, ile, atzazal eta ezkatak berriz “egagropila” izenaz ezagutzen den bola iletsua eratuz kanporatzen dituztelarik.

170 cm-ko hegal-zabalera izanik, lertxun hauskara Europan hedapen zabala duen hegazti handi bakarretakoa dugu.
J.R. Aihartza

Ugalketa-lekuetan lertxun hauskarak kolonia handiak eratuz biltzen dira, habiak egiteko normalean zuhaitzetako adarrik garaienak aukeratuz. Tamalez ordea, Euskal Herrian ez da ugalketarik egon denik ikusi orain artean. Dena dela, 1990.eko udaberrian bikote heldu bat ikusi da Pitillaseko aintziran araldian, eta baita habia egiteko materialak garraiatzen ere, eta beraz baliteke inguru hezeak zertxobait zainduz gero epe laburrean lertxun hauskara Euskal Herriko hegazti habiagileen zerrendan sartu ahal izatea.

Aurrekoa baino zertxobait txikiagoa bada ere, antzerako itxura eta ohiturak ditu lertxun gorriak (Ardea purpurea). Espezie honen banaketa geografikoak ordea, ohitura termofiloagoa isladatzen du. Izan ere Asiako hego eta ekialdean, Ekialde Hurbilean eta Afrikako hegoaldean ugari den arren, Europan bere banaketa Mediterranioaren inguruetara, eta Frantzia eta Holandako gune bakan batzuetara mugatzen bait da. Penintsulan bertan ere, hego eta erdialdean ohizkoa den arren, iparraldean bakan ikusten da oso. Gainera, Europako populazioak migratzaileak dira, eta ugalketa burutu ondoren Saharatik behera ihes egiten dute eskualde tropikalen bila.

T. Uribe-Etxebarria

Nafarroan hogeitabost bikote ugaltzaile inguru aurkitu dira, beti ere erribera aldeko aintzira eta ibai-bazterretan eta populazio garrantzitsuenak Biana eta Pitillaseko aintziretan izanik.

Aurreko espezieak ez bezala, lertxun gorriak lezkadia nahiago du zuhaitzak baino habia egiteko, eta lan hori koloniatan burutzeko joera duen arren, dentsitate baxuko lekuetan bakarka ere egin dezake.

Bere lumajearen kolorazioa ere lezkadiko bizimodurako egokitua du: lepoan eta bularrean zehar ageri dituen luzetarako marra ilunek funtzio disruptibo argia dute, lezken artean animaliaren forma galdu erazi egiten dutelarik. Horregatik, eta txori-zezenek (Botaurus stellaris) eta amiltxori txikiek (Ixobrychus minutus) ohi duten bezalaxe, lertxun gorriek ere, arriskua izan daitekeen edozeren aurrean “hesohol-jarrera” hartzen dute; edo bestela esanda, lepoa luze-luze egin eta mokoa zerura begira dutela geratzen dira, lezkadiaren baitan ikuskaitz bilakatuz. Txitoek ere jarrera bera hartzen dute inor habiara hurbiltzen bazaie.

Bere lumaje kriptikoari esker, lertxun gorria ondotxo kamuflatzen da lezken artean.
J.R. Aihartza

Lertxun gorriaren habia, tolestu eta elkarren artean trabatutako lezka eta ihiz osatutako plataforma bikaina izaten da (gehienetan urazalaren gainetik 2 m ingurura eraikia) eta bertan 4-6 arrautza urdin errungo ditu emeak. Bertatik jaioko diren txitoak nidikolak izaten dira, eta beren elikaduraz —helduek paparrean ekarritako arrain, igel, suge, etab.ez osatua—, bi gurasoak arduratzen dira.

Lezkadian bizitzeko moldatuta dauden ardeidoen artean adibide nabaria, txori-zezen arruntean daukagu (Botaurus stellaris). Izen bitxia da hau lertxunarentzat, baina beronen zergatia garbi izanen dugu udaberriko gau isilen batean animalia xelebre honen araldiko kantu lodia entzuteko aukera baldin badugu. Izan ere zezenaren marrao labur eta apala gogorarazten bait du.

Bere lumaje kriptikoa eta bizimodu iheskorrari esker, txori-zezena ikuskaitza da aintziren inguruetako landaretzaren artean.
A. Elosegi

Txori-zezena ilunabarrez edota gauez bizi den hegazti iheskorra da; oilo baten tamainakoa, hegarako zaletasun eskasekoa, eta normalean lezkadiaren babesetik sekulan ere ateratzen ez dena. Bere lumen kolore arre marraztu eta pintarratuari esker ikuskaitza gertatzen da lezka artean, bere defentsabide garrantzitsuena kamuflajea delarik. Elikadurari dagokionean ez du desberdintasunik ageri gainerako lertxunekiko, eta batez ere arrain, intsektu eta ornogabe txikiak ehizatuz bizi da hau ere.

Bere izaera iheskorraren ondorioz, txori-zezena hegazti bakarzalea da; koloniarik sortzen ez duena alegia. Europako populazioen urritasuna animalia honen habitat-motarekin lotuta egon daiteke. Izan ere, txori-zezenak lezkadi zabalak behar bait ditu bere bizimodua burutzeko, eta tamalez lezkadiak ikaragarri murriztu dizkiogu azken mendean zehar.

Ohitura isil eta gautar-izaerako hegaztia izanik txori-zezen arrunta (Botaurus stellaris) Nafarroako habiagile urria dugu. (Argazkia: A. Elosegi).

Euskal Herrian txori-zezen habiagileak Nafarroan bakarrik aurkitu dira, herrialde honetan sedentarioak izanik. Hala ere, txori-zezenen populazioa oso urria da bertan, eta orain arte behintzat Biana eta Pitillaseko aintziretan baino ez da ikusi —bizpahiru bikote guztira—, nahiz eta hegazti hauen bizimodu ezkutua dela eta, beste nonbaiten izatea ere balitekeen.

Txori–zezenaren tamaina berekoa den amiltxori arrunta (Nycticorax nycticorax) ere, bizimodu ilunabartar eta gautarra egiten duen ardeido txikia dugu. Hain zuzen, lertxuntxo honen latinezko izena —”gaueko belea”— ohitura gautar hauetatik eta ilunabarrean ehiza-lekuetarantz abiatzen denean botatzen dituen karraka latzetatik datorkio.

Lumaje osoa garatuz gero, lertxun gorri gazteak habia inguruan ibiltzen dira hegarako lehen saioak eginez.
J.R. Aihartza

Amiltxoria hedapen zabaleko hegaztia dugu. Hego eta Iparramerikan, Afrikan, eta Eurasiako eskualde epeletan bizi da. Hegazti arborikola eta koloniala izanik, ez du txori-zezenaren kolorazio kriptikorik ale gazteetan baino ageri, eta helduen lumajea lertxun hauskararen antzekoagoa izaten da, begi gorri-biziak bereizgarri dituela. Morfologiaren aldetik berriz, lertxun tipikoengandik urrundu egiten da zertxobait. Izan ere bere lepoa laburra bait da, eta mokoa eta zangoak ere ez bait ditu hain luzeak. Aldaketa hauek, landaretza itxia eta zuhaitzetako adarren artean hobeki ibiltzeko moldaerak direla pentsa daiteke.

Amiltxoria egunez lezkadi-inguruetako eta ibai-bazterretako sahats eta tamarizen artean babestuta egoten da. Ilunabarra iristen denean berriz, ibai-ertzetara edota uraxal zingiratsuetara hurbiltzen da intsektu urtar, krustazeo eta ornodun txikien ehizera.

Amiltxori arrunta (Nycticorax nycticorax) lepo eta zango laburreko ardeido txikia da. (Argazkia: J.R. Aihartza).

Europako populazioak negua Afrika tropikalean igarotzen duten talde migratzailez osatzen dira. Apiril aldera berriz, amiltxoriak iparralderantz datozkigu ugaltzera.

Euskal Herrian espezie urria den arren, azken urteotan Nafarroako erriberako ingurune heze desberdinak kolonizatzen ari da, Bianatik hasi eta Tuteraraino Ebro ibaiaren inguruko zenbait puntutan populazio iraunkorrak ezarri direlarik.

Izaera koloniala izanik, ingurune lasaietan amiltxori arruntak talde handitan biltzen dira habiak egiteko.
J.R. Aihartza

Azkenik, amiltxori txikia (Ixobrychus minutus) da Euskal Herriko ardeidoen artean aipatu beharreko seigarren espeziea. Berau lertxun txikia dugu oso; 35 cm luze, 55 cm-ko hegal-zabalera, eta 150 g-ko pisua besterik ez bait ditu. Lumajearen koloreari dagokionean, hau amiltxori arruntaren eta txori-zezenaren bitartekoa da. Ezkutatzeko gaitasun handia izaki, inor ohartu ere egin gabe gizakiongandik gertu bizitzeko gauza da. Arriskua daitekeenaren aurrean hegazti honek ere “hesohol-jarrera” hartzen du, eta haizeak lezkadia astintzen badu, lepoaz lezken mugimendua imitatzen du.

Amiltxori txikia ere ohitura gautarrak dituen animalia dugu; ehizera batipat ilunabarrez abiatzen dena. Lan honetan ari denean, lezketan uraren gainetik eta isiltasun osoz ibiltzen da, atzamar luzeez kanaberei eutsiz, eta ehizakiren bat uretan ikusita gainera jauzi eginez. Era berean, bi kanaberei eustea aski du lezketan gora igo eta landareren baten muturrean kokatutako txitxiburduntzi tentagarria harrapatzeko.

Amiltxori arrunta gautarra da, eta beraz, ilunabarrean ehiza-lekuetarantz abiatzen da bere harrapakinen bila.
J.R. Aihartza

Amiltxori txikia Eurasiako eskualde epeletako padura, urtegi, aintzira eta ibai-bazterretan bizi da, egokitzeko lezkadi trinko txiki bat aski duelarik. Europako populazioak migratzaileak dira, eta ugalketa burutu ondoren, uztaila aldean edo, gazteak dispertsio-mugimendutan hasten dira, abuztu inguruan Afrika tropikalerantz abiatzen direlarik.

Euskal Herrian amiltxori txikia oso urria da, eta espezie honetan ere gehienetan Nafarroan ikusi dira, nahiz eta Arabako hegoaldeko gune batzuetan ere detektatu den. Ugalketarik ez da inon ere detektatu gure lurraldean, baina hala ere Nafarroan hamarren bat bikote habiagile izan bide direla estimatu da, eta animaliaren ohitura iheskorrak direla eta, agian gehiago ere izan daitezke.

Ardeido guztiek antzerako baldintzak eskatzen dituzte bizitzeko: alegia, ehiza ugariko ingurune heze sanoak, eta gizakiongandiko lasaitasuna. Baldintza zailak ordea gaur egun!
J.R. Aihartza

Bukatzeko gaur egun zenbait ardeidoren kasuan hedapen-prozesurik ikus badaiteke ere, oro har hegazti-talde honen garapena oraindik oso zalantzagarria dela esan behar da. Nabarmena da hauen eta beste zenbait espezieren iraupena segurtatzeko animalia hauen habitat diren ingurune hezeak babestea derrigorrezkoa dela. Tamalez ordea, ingurune hauekiko babes-neurriak ez dira aski. Izan ere, beren harrapakari-izaera dela eta, ardeidoak piramide trofikoaren goiko aldean kokatuta daudelako bereziki sentikorizan bait daitezke uretan disolbatuta garraiatzen diren intsektizida, pestizida eta abarrekiko, horrelako toxikoek katea trofikoetan zehar ageri duten kontzentrazio-emendioa dela eta. Beraz, ingurune hezeen espazio fisikoa bera zaintzeaz gain, derrigorrezkoa da hauen inguruan gerta daitezkeen iharduera guztiak ezagutzea eta kontrolatzea, baldin eta ekosistema garrantzitsu hauek eta bertako biztanleak mantendu nahi baditugu.