Lehen aldiz emakume batek, Frances Arnoldek, irabazi du Milurteko Teknologia Saria

2016/05/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Frances Arnold Arg. Caltech

Teknologiako Nobel sari gisa ere ezagutzen da Milurteko Teknologia Saria. Bi urtez behin ematen da, “modu jasangarrian pertsonen bizimodua hobetzen duten berrikuntza teknologikoak” asmatzeagatik. Aurten, Frances Arnoldi eman diote; hala, Milurteko Teknologia Saria jasotzen duen lehen emakumea da.

Caltech Zentroko bioingeniaria da Arnold, estatubatuarra. 1979an Princeton Unibertsitatean lizentziatu zen, Ingeniaritza Mekanikoa eta Aeroespazialean, eta geroztik ibilbide emankorra izan du. Sari asko irabazi ditu, eta azken hau “eboluzio bideratua” metodoarengatik eman diote.

Jarduera jakina duten entzima berriak lortzeko, DNAn mutazioak eragitean datza metodoa. Bi hitzetan azalduta, lehenik, milaka mutazio eragiten dira, entzima desberdin ugari lortzeko. Gero, entzima horien funtzioa probatzen da, eta interesgarrienak aukeratzen dira. Azkenik, eraginkortasuna hobetzeko aldaketak egiten dira.

Metodoak aplikazio asko ditu teknologia berdeetan. Horren bidez lortu zuen, adibidez, zelulosa degradatzeko entzima bat. Horri esker, nekazaritza-hondakinetatik bioerregaiak lortzeko prozesua hobetzea lortu zuen. Gaur egun, mundu osoko laborategietan eta arlo askotan aplikatzen da, hasi garbigarrietatik eta sendagaietaraino.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia