}

Labore transgenikoek eta arruntek portaera bera dutela ondorioztatu dute

2001/02/07 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Landare transgenikoak bai ala ez eztabaidan murgilduta dago gizartea, baina labore transgenikoen portaera, eragin eta ondorioak ezagutu gabe. 80ko hamarkadaren amaieran hiru ziren labore transgenikoei loturiko kezka nagusiak: belar txar edota inbaditzaile bihurtuko ote ziren; labore transgenikoei txertatutako geneak polenaren bidez barietate basatiei transferituko ote zitzaizkien eta eraldatutako barietate basatiak inbaditzaile bihurtuko ote ziren; eta labore transgenikoak gizakiarentzat eta aziendarentzat arriskutsuak izan ote zitezkeen.

Portaera naturala

Londresko Imperial College-ko ikertzaileek labore transgenikoak naturan nola portatzen diren ikertu dute eta hainbat kezka argitzeko oinarriak ezarri dituztela adierazi dute Nature aldizkarian. Ikerketak 10 urte iraun du eta lau labore transgeniko aztertu dira: koltza, artoa, patata eta azukre-erremolatxa. Lau horiek ikertu dira eta ez beste batzuk ikerketa hasi zenean eskuragarri zeuden lau labore transgenikoak horiek zirelako.

Bakoitzaren barietate trasgenikoa eta barietate arrunta 12 habitat naturaletan landatu zituzten eta soroaren eboluzioaren segimendua egin zuten urterik urte. Helburua barietate transgenikoak eta barietate arruntak naturan nola portatzen ziren alderatzea zen, transgenikoek gehiago irauten ote zuten ikusteko eta inbaditzaile bihurtzen ziren egiaztatzeko.

10 urteren buruan guztien portaera parekoa dela ondorioztatu dute. Transgenikoak ez dira sorotik kanpo arruntak baino gehiago hedatzen, ez da aldaketa genetikorik gertatu eta ez dute barietate arruntek baino gehiago iraun. 10 urteren buruan, bere horretan utzi ondoren, guztiak desagertu egin dira ereindako eskualdeetatik.

Ondorio partikularrak Ikerketaren ondorioak motzean lotu nahi izan dituzte London College-ko ikertzaileek eta argi utzi dute labore transgeniko mota batentzat besterik ez duela balio ikerketa honek. Hau da, ingurune naturalean hobeto moldatzeko genetikoki eraldatu ez diren laboreentzat. Bestelako aldaketa genetikoek laboreak inbaditzaile bihurtuko ez dituztenik ez dute esaten ikerketan, soroan ereiteko prestatutako labore transgenikoek naturan gutxi irauten dutela baizik. Baina idortasunari aurre egiteko genetikoki eraldatutako landareak eta izurriteei erresistente izateko prestaturikoek izan ditzaketen inpaktu ekologikoaz ezin da ezer ondorioztatu ikerketa honetatik. Horiek aparte ikertu beharko dira.

Egunkarian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia