Laborategiko arratoiaren genoma agerian
2004/04/06 Lexartza Artza, Irantzu - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Giza gaitzen kontrako pauso garrantzitsua izan daitekeela esan dute. Izan ere, animalia hori oso garrantzitsua da ikerketan, eta haren genoma ezagutzea oso baliagarria izango da emaitza esanguratsuak bereizteko. Zientzialarien esanean, giza gaitzekin zerikusia duten gene gehienen baliokideak dituzte arratoiek.
Gainera, ezagutzen diren hiru genomen konparazioa lagungarria izango omen da ugaztunen eboluzioa ulertzeko. Arratoiek eta saguek gizakiek baino mutazio gehiago izan dituztela eta azkarrago eboluzionatu dutela ikusi dute. Hori generazio-denboraren eraginez gertatu dela adierazi dute, karraskariak askoz azkarrago ugaltzen baitira. Gene-talde apur batzuk gehiago garatu dira arratoietan, esate baterako, toxina batzuen kontrakoak eta usaimen-errezeptoreak, eta horrek argibideak eman ditzake espezieen arteko fisiologia-desberdintasunen gainean.
Arratoiaren datuek erakusten dute egungo ugaztunen genomaren % 40 azken arbaso komunetik garatu dela. Gene horiek bereziki garrantzitsuak izango dira beste ugaztun batzuen genomak ikertzen direnean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia