Elhuyar zientziaren komunikazioa

Jirafa emakumeak

1994/09/01 Ezpeleta Arenaza, Txema | Laguéns Capablo, María Elena Iturria: Elhuyar aldizkaria

Tailandia, Myanma-ko Batasuna eta Laos-en arteko mugaldea ezaguna da bertan aspaldidanik egin ohi den opio-salerosketa dela eta. Izan ere, urre- triangelua deritzon eskualde horretan ekoizten da Europan eta Estatu Batuetan kontsumitzen den heroinaren erdia.

Hala ere, ezer gutxi dakigu mendi horietan mendeetan zehar bizi izan diren herriei buruz. Inguru horiek, oraindik ere elefanteen babesgune diren oihan, jungla itxi eta ibai urtsuen artean duela hamar urte arte ia ezezagunak genituen nekazari-guneen kokaleku izan dira.

1. irudia. Kayan herrisken kokapena.

Aipatutako eskualde garai horietan hainbat herri aurki dezakegu; mendisketako tribu izenekoak hain zuzen ere. Etnia horien artean, besteak beste, honako hauek ditugu: karen, iu, mien, akha, lahu, hmong eta lisu deitutakoak. Esan beharra dago hauetariko zenbaiten jatorria Tibet eta Txina direla.

Talde bakoitzak bere bizimodu eta tribu-ezaugarri propioak baditu ere, “jirafa” emakumeen herriak sortarazten digu harridurarik handiena, zalantzarik gabe. Izena ez dagokio emakumeen altuerari (ez baitira metro t’erdira heltzen); beren lepoaren tankerari baizik. Inon ikus daitezkeen leporik luzeenak dituzte bertako emakumeek, urre-koloreko iduneko dotoreen bitartez apaindurik gainera.

Emakume horien bitxitasunak, turistentzako ikuskizun bihurtu ditu, eta Birmaniako agintari militarren aurka duten jarrerak, inguruetako estatuetara babes bila joatera behartu ditu. Nolakoa da herri hori baina? Nola lortu dituzte horren lepo luzeak?

Kayan herria

Padung edo kayan izeneko herria, karen etniaren lau azpitaldeetariko bat dugu. Karen izena antropologoek aukeratutakoa da, tibetar-birmaniar erroa duten eta antzerakoak diren hizkuntzak dituzten herriak izendatzeko. Karen etniakoek ez dute hitz berezirik beren etniako biztanleria osoa izendatzeko, baina etniaren talde bakoitzaren baitan badute aipaturiko funtzioa betetzen duen hitz egokia; hizkuntza bakoitzean “jendea” adierazten duen hitza, hain zuzen ere. Jirafa emakumeen tribuari dagokionez, aipaturiko hitza kayan da (fonetika latinoan).

Kayanen lepo "eder" bat. 30 cm-ko luzera du eta lepoari eusten dion idunekoak 24 eraztun eta 5 kg ditu.

Egun, Birmania eta Tailandiaren arteko mugan bizi badira ere (ikus 1. irudia), beren jatorria zein den eta inguru horretan zenbat denbora daramaten ez dakigu. Eskualde menditsu hori mendikatea handi baten barnean dago. Mendikatea horrek, Tibeten hasi eta Birmaniako lurraldeetan eta Tailandiako ipar eta mendebaldean zehar hedaturik dagoenak, 1.000 eta 3.000 metro bitarteko harkaitzezko hainbat tontor du. Misiolari kristau batek eman zuen kayan herriaren berri XIX. mendearen hasieran lehen aldiz. Hizkuntzaren ezaugarrien arabera, iparreko lurraldeetatik, Tibetetik agian, II. eta VII. mendeen artean joandakoak direla uste da, baina hori ustea baino ez da.

Kayanen herriskak txikiak dira, ez dituzte hogei etxe baino gehiago izaten, eta etxeak amaren erroen arabera pilatuta daude. Etxebizitzak zurez eta banbuz eginda daude eta etxeko zolua lurzolua baino gorago jartzen dute. Halaber, bisitak hartzeko tokia ere badute; estalita dagoen atari txiki bat, hain zuzen. Etxearen barnealdean sukaldea duen gela bakarra dute; neskatxa ezkongaien intimitatea gordetzeko bionboak erabiltzen dituzte. Etxearen alboan edo azpian kokatu ohi dituzte bihitegiak. Ez dute etxean aldarerik; kristauak baitira.

Senar-emazteek eta ezkondu artean etxean bizi diren seme-alabek osatzen dute familia. Sexu-moralari dagokionez, oso zorrotza dela azpimarratu behar da, eta ezkondu gabeko emakumeak haurdun geratzen direnean, lehenbailehen ezkontarazten dituzte. Adulterioa izaten denean, bikote adulteriogileko partaide bat edo biak herriskatik kanpora bidaltzen dituzte. Dibortzioa nekez lortzen da eta alargundutako gizonezkoek ez dute berriro ezkontzerik, seme-alabak badituzte behintzat; etxea eta seme-alabak emakumearen (emaztearen edo bere izpirituaren) ondasunak baitira.

Senar-emazteak hildakoan, etxebizitza eta abere txikiak (hegaztiak eta abar) desegin egiten dira. Hileten iraupena, unean uneko baliabideen araberakoa izaten da eta bertara, herriskako biztanle guztiak ezezik, hildakoaren senideak ere biltzen dira.

Herrisketako etxeak amaren erroen arabera biltzen dira. Etxeak zurez eta banbuz eginda daude.

Kayanak bizi direneko lurra karen etniako gainerako taldekoei dagozkienak baino beherago daude. Lurraren erabilpena antolatzeko taldeka hartzen dituzte erabakiak eta arroza, artoa, basartoa, kotoia eta kalabaza dira landutako gaiak. Horretarako, oihanean, zuhaixka-geruza eta zuhaitzen goiko aldeak soilik suntsitzen dituzten su txikiak piztuz, soiluneak lortzen dituzte. Prozedura horren bitartez, lurraren emankortasunak ez du kalterik pairatzen eta uzta bildutakoan oihana berriro ere gara daiteke. Metodo horrek sedentarismorako joera ekarri die eta opioa ugari lantzetik aldendu egin ditu. Aipatu beharra dago kayanek inguruetako beste herrietakoek baino askoz ere heroina gutxiago ekoizten dutela.

Idunekoaren jatorria

Kayan herriak badu zenbait kondaira, emakumeek beren lepoa zergatik luzatzen duten azaltzeko asmoz. Kondaira horietan zaharrena, “Herensugearen istorioa” deritzona dugu eta honelaxe dio:

“Antzina, oso lepo luzea zuen herensugeak haizea maitemindu ondoren, haizeak ernaldu egin zuen. Lotura horretatik sortu zen lehen kayan gizakia. Harez geroztik, kayan emakumeek lepoak luzatzen dituzte herensuge amaren itxura hartu nahian.”

Beste kondaira batek, aldiz, hauxe adierazten du:

Kayan herrisketara heltzeko biderik egokiena Pai ibaiari jarraitzea da; ia ezinezkoa baita jungla itxian barrena ibiltzea.

“Kayan printzesa batek urrezko zuhaitza zeukan. Birmaniarrak bere lurraldeetara sartu zirenean, lapurtu egingo ote zioten beldurrak eraginda, zuhaitza lurretik atera eta lepoaren inguruan ipini zuen. Armada birmaniarrak garaipena lortu ondoren, printzesari lepoa moztu eta zuhaitza eraman egin zuten. Printzesaren ohoretan, kayan emakumeek urrezko modeea jantzi zuten.”

Egon badaude bestelako azalpenak ere. Esaterako, pizti handien aurrean idunekoek eman zezaketen babesa aipatzen duena. Duela mende asko, antza denez, gizonezkoak ehizera abiatzen zirenean lepoan eraztunak ezartzen zituzten, tigreek irents ez zitzaten. Emakumeek ere gauza bera egiten zuten, baina arrazoi estetikoak zirela eta; emakumeen artean, lepo luzeena eta politena lortzeko nolabaiteko lehia baitzegoen.

Kondairak kondaira, Txiang Mai Unibertsitateko antropologoen ustez, idunekoek emakumeak antzina gizonezkoen menpean zeudela adieraz lezakete. Zenbait ikerleren ustetan, ohaidetasuna saihesteko bidea zatekeen: adulterioa gertatzen zenean, emakumeari idunekoa kendu egiten zitzaion. Buruak euskarria galdu egiten zuenez eta erori egiten zenez, emakumea itota hiltzen zen. Beste zenbaiten esanetan, idunekoak taldeko emakumeak “ezagutzeko” erabiltzen ziren, kanpotarrek emakumeok bahi ez zitzaten.

Dena den, eta azalpen batzuek besteak baino sinesgarriagoak badirudite ere, idunekoa erabiltzearen zergatia oraindik ere argitu gabe dago.

Idunekoek sortarazitako ondorioak

Modee deritzon lehenengo idunekoa bederatzi urte betetakoan ezartzen da. Buruari berez eutsi ezin zaionez, idunekoak bizitza guztian eraman behar dira.

Kayan emakumeen lepoak, 1 cm-ko lodiera duten letoizko eraztunek osatzen dituzte. Neskatilei, lehenengo eraztun-sorta bederatzi edo hamar urte dituztenean ezarri ohi zaie, eta hazten doazen neurrian, urtero beste eraztun bat ipintzen diete lepoan, neskatxa ezkontzen den arte. Eraztunon ezarpena eta aldaketa herriko emakume zaharrenek gainbegiratzen dute.

Kayanen ustez, lepo luzeak edertasunaren adierazle dira. Horregatik zenbat eta luzeagoa, hainbat eta preziatuagoa. Diogun, adibide gisa, emakume helduek 30 cm-ko lepo “dotorea” izan dezaketela, horretarako guztira 5 kg-ko pisua duen 24 eraztunek osaturiko idunekoa behar dutelarik.

Baina ez da lepoa, aipaturiko idunekoen kokagune bakarra. Orkatila eta eskumuturretan ere hainbat eraztun ipintzen dute sarri askotan, zenbait kasutan bernak eta besagainak estalita utzi arte. Eraztun horien distira gordetzeak eta azaleko eritasunak sahiesteak lan handia eskatzen du. Emakumeek eraztunak egunero garbitu eta lehortzen dituzte ardura handiz.

Kayanek bizi guztian eraman behar dituzte idunekoak; burua ez baita berez mantentzen eta hildakoan ere, idunekoekin batera lurperatzen dituzte.

Kayan emakumeei begira gaudela, hauxe da burura datorkigun lehen galdera: nola liteke horren lepo luzea izatea? Luzaroan uste izan da eraztunek lepondo-ornoak “luzatu” egiten zituztela, baina gaur egun badakigu hori gezurra dela eta “jirafa” izena ez dela egokia, ikuspuntu anatomikoari dagokionez behintzat.

Idunekoek ez dute ornoen egitura aldarazten. Beren eraginez, lepauztaiak eta lehen sahietsak konprimatu egiten dira. Denboraren poderioz, aipaturiko hezur horiek okertu egiten dira eta ohizko kokagunea baino beherago geratzen dira, eta ondorioz, sorbaldak “desagertu” egiten dira (ikus 2. irudia). Hori agertu zen, hain zuzen ere, National Geographic Society erakundeak zenbait kayan emakumeri egindako erradiografietan.

Hezurretan izaten den aldaketa horrek azal dezake lepoan eta sorbaldan dauden eraztunen diametro desberdinen zergatia. Neskatilen kasuan, idunekoa osatzen duten eraztun guztiak neurri berekoak badira ere, lepauztaiak okertuz doazen heinean, beren gainean dauden eraztunen diametroa handiagotu egin behar da.

Esan bezala, idunekoek sorbaldan baino eragiten ez badute ere, emakumeak ikusitakoan lepoak luzatu egin zaizkiela ematen du. Sorbaldaren gaineko eragina ezkutatu eta lepoaren “luzaketa” azpimarratu asmoz, kayan emakumeek bizkarraren eta bularraren goiko aldeak nolabait estaltzen dituzten zapiak erabiltzen dituzte.

Emakumeek erabiltzen duten zapi bereziaren bitartez, lepoa are luzeagoa dela ematen du.

Begibistakoa denez, erabiltzen dituzten idunekoek hainbat arazo sortarazten die gorputzean, baina zer-nolako eragina dute emakumeen bizimoduan?

Buruaren higidurari dagokionez, emakumeek badute burua ezker-eskuin biratzeko ahalmen txikia, baina ezin dute ez aurrera eta ez atzera ere higitu. Zutik daudenean, oinak ikusi nahi izanez gero, enborra okertu beharrean daude. Eta gorputzaren beste edozein higidura egitea ere zaila gertatzen da, iduneko eta beso eta zangoetako eraztunek ematen dieten zurruntasun ikaragarria dela eta. Esaterako, edozein likido (ura, zopa...) edateko ere, lastotxoak erabiltzea behar izaten dituzte.

Jirafa emakumeen itxura hauskorra eta zurruna izan arren, ez diete emakumeek beren eginbeharrei muzin egiten eta alorrean nahiz etxean lanean ikus ditzakegu.

Etorkizuna

Tailandiako mugaldean dauden Birmaniako lurraldeak karen etniaren esku egon dira mendeetan zehar (ikus 1. irudia). Karen eta kayan estatuak independenteak izan ziren britainiarren agintaldia 1886an hasi zen arte. Berau 1948an amaitutakoan, Birmanian estatu federala gauzatu zen, baina birmaniarrek boterea oso-osorik bereganatu zutela eta, karen taldekoek armak hartu zituzten beren lurraldea defendatzeko. Harez geroztik beren independentziaren aldeko borrokan ihardun dute. Egun, kayanak eta karen etniako gainerako taldeak ere Myanmako gobernu militarraren (S.L.O.R.C.) erasoa pairatzen ari dira eta aipaturiko herri horiek ikasle- eta gerrilari-taldeei laguntza handia ematen diete.

Birmaniako armadak ez die kayanei beren lurrak lantzen uzten eta beren herrietatik bota egiten ditu. Melvin J. Wang, NBEk bertara bidalitako begiralea, karen eta kayanekin bizi izan da azken urteotan eta argi eta garbi eman du aditzera mendebaldeak zein ekialdeak ahaztua duten herri honen egoera kaskarra: “Elikadurari loturiko arazoak direla eta, malaria etengabe hedatuz doa herrietan. Egun askotan jendeak kikara bat arroz ere ez du jateko. Haurrak dira kaltetuenak, ez dago medikurik, ez irakaslerik... Gizonezkoak, armadak eramaten ditu gidari- eta haxelari-lanetan ihardun dezaten, edo bestela hil egiten dituzte.”

Egoera horren ondorioz, inguruetako estatuetarako migrazioa (batez ere Tailandiaranzkoa) emendatuz doa etengabe. Azken datuen arabera, 300 kayan baino gehiago bizi dira Tailandian, Nupa-ah eta Nam Pin Den herrietan bilduta. Horietariko hogeita hamar edo, “jirafa” emakumeak dira. Aipatu beharra dago Tailandiako gobernuak uzten dizkiela lurraldeak karen etniako errefuxiatuei, bertan gera daitezen.

Turismoaren gorakadaren ondorioz, kayan emakumeak diru-iturri garrantzitsu bihurtu dira bizi direneko herrisketarako, eta baita gerrilarien ekintzetarako laguntza eskerga ere. Nahiz eta egoera horretan emakume lepaluzeek “giza zoo” bateko partaide iruditu, zoritxarrez bizirauteko duten bidea baino ez da.

Kayan emakumeen lepo luzeak desagertuz joango dira zalantzarik gabe; herri hori gero eta industrialagoa eta modernoagoa den Tailandiako gizartera moldatu nahian baitabil. Hala ere, lehen modeea ezarrita duten neskatilak ikus daitezke oraindik ere urrutiko zenbait tokitan.

2. irudia. Idunekoek lepauztaien eta sahietsen gaineko presioa sortaraziz beherantz bultzatzen dituzte. Ondorioz, sorbaldak okertu egiten dira.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia