}

Izarretara belauntzian

1999/09/12 Elosegi Irurtia, Migel M.

NASAren hainbat proiektutan, badira zientzi fikzioa diruditen bakarren batzuk; errealitate dira ordea. Etorkizunean Eguzkiaren haizeak eramango ditu espazio-ontziak espazioan zehar. Eguzkiaren haizea Eguzkiak koroatik eta norabide jakin barik bidaltzen dituen partikula elektrikoek osatzen dute. Doanekoa izateaz gain, etorkizuneko propultsio-sistema eraginkorragoa ere izango da, gaur egungo espazio-ontzien abiadura baino hamar aldiz azkarrago mugitzen baita. Deep Space 1 zundarekin egindako proben ondorioak dira horiek guztiak.

Aipatutako zundarekin egin den ikerketan lortu diren emaitzak praktikan gauzatzerik balego, egun bakar batean 7 milioi kilometro egin ahal izango lirateke; adibidez, Saturnora joateko urte bete nahikoa izango litzateke. Eguzki-haizearen ikerketan ateratako datuen ondorioz, NASA ezaugarri horietara egokitu beharko liratekeen espazio-ontziak diseinatzeko urratsak ematen hasi da. Oinarrian espazio-ontziek karbono-zuntzez egindako bela erraldoiak izan beharko lituzkete aluminiozko geruzaz estalitako belak hain zuzen ere. NASAren proiektuen arabera, 2005. urterako prest egongo da Geostorms izeneko espazio-ontzia, bidaia Eguzki-haizeak lagunduta egingo duen lehena. Heliopausa izeneko puntura bidali nahi dute, Eguzkiaren haizeak gure Eguzki Sistematik kanpo dauden beste izar batzuk bidaltzen duten haizearekin bat egiten duen gunera.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia