}

Itsasontziak eta ekologia

2000/11/07 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Itsasontziek ingurugiroarekin dituzten arazoak ez dira soilik istripuetan sortzen

Itsasoak ez du ozenki ezer esaten. Badirudi ur masa handi horrek arazo guztiak irensteko ahalmena duela. Itsas arazoak lehorrean gertatzen diren hondamen ekologikoak baino zailagoak dira aztertzen. Hala eta guztiz ere, batzuetan ondorioak kostaldeetatik gertu oso nabariak izaten dira eta orduan sortzen dira larritasunak.

Gizakion aztarna itsasoan zabala da. Arazo deigarrienak itsasontziak ekarri edo eramaten duten zamen arazoen ondorioa izaten dira. Zoritxarrez ohikotzat hartu ditugu petrolioaren isurketak, baina ezin dira ahaztu beste kasu batzuetan gertatutakoak.

Plataformen arazoak

Azken hamarkadan, adibidez, Brent Spar izeneko plataforma xelebrearen istorioa pil-pilean egon da. Plataformaren erabilera asko murriztu zen eta hondoratzea erabaki zuten. Ez zirudien oso ekintza ekologikoa, barrunbeetan, metal astunak gordetzen zituelako. Greenpeace-en kanpaina handi baten ondorioz, azkenean ez zuten hondoratu. Gerora zientzialariek aurkitu dute gizakiontzat pozoitsuak diren hainbat metal itsas hondoko biomasarentzat behar-beharrezkoak direla. Azken finean, gertakizun horri esker ikasi genuena honakoa izan zen: itsasoren ekologiari buruz ezer gutxi dakigula. Ezusteko atseginak tarteka sortzen badira ere, azterketa berriek beste arazo asko plazaratzen dituzte.

Itsasontzi guztiek, txikiek nahiz handiek, erregaien hondarrak isurtzen dituzte ohiko jardueran. Autoak bezalaxe. Horrekin lotuta, duela urtebete satelite bidezko ikerketa bitxi baten emaitzak plazaratu zituen Nature aldizkariak. Kontua da espaziotik itsasontzi komertzialen ohiko bideak ikus daitezkeela, bertan hodei asko sortzen direlako. Hodei horien jatorria fitoplanktonetik datozen molekulen eraldaketatik eratutako sufre dioxidoa zela uste zen. Baina fitoplanktona ez da konposatu horren iturri nagusia. Satelitez ikus daiteke itsasontziek isurtzen duten molekula horren kantitatea itsasotik datorrena baino askoz handiagoa dela. Efektu hori ipar hemisferioan oso nabarmena da, bertan ibiltzen baita itsasontzi kopuru handiena.

Itsasontzigintzan arakatuz gero, beste motako ezusteko kimikoak topatzen dira. Jarduera horretan egurra eta metala pixkanaka baztertu dira. Beste teknologietan bezalaxe, polimeroak izan dira benetako iraultza ekarri dutenak. Izan ere, poliesterraren eta beira zuntzaren nahasketa ontzioletan material klasikotzat jotzen dute. Alabaina, horrelako egiturak babesteko estirenoaren kantitate handiak dituen erretxina bat erabili ohi da. Estirenoa, hain zuzen, Ievoli Sun ontziaren istripuan itsasoratu den substantzia nagusia da. Europako araudia baimendutako estirenoaren kontzentrazioekin oso zorrotza da. Horregatik, Europako zenbait itsasontzigilek eta beste industria mota batzuetako adituek ikerketa berriak egiteko bat egin dute. Oinarrizko egiturak egiteko beste material bat erabiltzea proposatu dute. Poliesterren lekuan polipropilenoa erabiltzen baldin bada, prozedura termoplastikoen bitartez erretxinak gehitzea saihes daiteke. Europan sustatu den material berri horien ikerketa oso adierazgarria da estirenoaren arriskuaren eztabaidarako.

Nature aldizkariko azken alean, gainera, itsasontzien eraginarekin zerikusia duen beste ikerketa baten emaitzak argitaratu dira. Maryland-eko ingurugiroaren ikerketa zentro batean egindako lana da. Oso gutxitan aipatzen den beste poluzio mota bati buruzko azterketa da; eta poluzioz barik, kutsaduraz ari gara. Hain zuzen ere, artikuluaren egileek birusak eta bakterioak lurralde batetik bestera itsasontziz garraiatzen direla aurkitu dute. Petroliontziek bidaiak hutsik egin behar izaten dituztenean oso egonkortasun gutxi izaten dute. Itsaso zabalean egoera hori oso arriskutsua izan daiteke eta, beraz, urez betetzen dituzte tangak. Lasta ura izaten da. Jatorrizko kaian ura itsasotik hartu eta bidaia amaitzen denean ur hori askatu egiten dute. Hala ere, kontuan hartu behar da itsasoko ura ez dela ur soila, mikroorganismoz betetako «salda biologiko» moduko bat baizik. Beraz, mikroorganismoak munduaren mutur batetik bestera garraiatzen dira eta bertan askatu. «Lasta uretan datozen mikroorganismoek kostaldeetako ekosistemak maiz inbaditzen dituzte», iragartzen dute zientzialari estatu batuarrek, mikroorganismo horiek kontzentrazio handitan askatzen direlako eta arrotzak direlako askatutako ekosistemetan. Bi ezaugarri horiek poluzio biologikoa asko errazten dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia