Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak mintzagai
2002/11/20 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Zientzia eta Teknologiaren Asteak gaur hirugarren eguna du. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak aipagai izan diren honetan, Juan Gascón, ANIELeko zuzendaria, Jose Antonio Maiz, INTELeko kalitatearen zuzendaritza batzordeko partaidea eta Kepa Sarasola EHUko Hizkuntza eta Sistema Informatikoen irakaslea izan dira hizlari, besteak beste.
Ekitaldiaren hasiera J.R. Beloki Eusko Jaurlaritzako Ekonomiako diputatuari egokitu zaio. Bere hitzaldian Europako Batasuneko erronkak geure egitearen beharraz hitz egin du. Ez du I+Gn inbertitu beharreko diruaren erronka soilik aipatu, baita enpresa eta produktu berriak sortzea, hezkuntzaren ahalmena eta kalitatea hobetzea, informazioaren gizartea bultzatzea, eta abar ere.
Hori lortzeko ahalegin berezia egin behar dela nabarmendu du, orain arteko bideari eutsiz eta hobetuz. Mintzagai dugun Zientzia eta Teknologiaren Asteak, bere aburuz, helburu horiek lortzeko bideetako bat izan behar luke, erronkaren zailtasuna gizarteratzeko balio baitu. Eta erronkari aurre egiteko ezinbesteko bi puntu aipatu ditu: lehenengoa, zer lortu nahi den eta nola lortu nahi den ondo definitu behar da, helburuak erabaki behar dira. Eta bigarrenik, oso garbi izan behar da elkarkidetzaren bidetik lortuko diren helburuez ari garela, proiektu bateratu batez alegia, bestela ez baitira helburuak lortuko.
Telekomunikazioen eta elektronikaren sektorea
Juan Gascón Canovas Asociación Aniel-eko zuzendariaren ahotik entzun dugu lehenengo hitzaldia. Aniel telekomunikazio- eta elektronika-industrien erakundea da. Hitzaldian, telekomunikazioek gure gizartean duten eragina, sektorea nola aldatu den, zein arazo dituen eta konponbideak nondik nora etor litezkeen aurkeztu zituen.
Telekomunikazioak faktore produktibo bezala aurkeztu ditu Gascón jaunak, eta haiei zuzendutako antolakuntza eta ikasketa berriak beharrezkoak direla aipatu du. Gainera, bere hitzetan, gizartearen garapena bultzatzeko sektore estrategikoa dira telekomunikazioak.
Sektoreak izan dituen aldaketak mintzagai dituela, telekomunikazioen garapenak iraultza digitala ekarriko duela ziurtatu du. Epe laburrean, gainera, banda zabaleko konexioen bizkortasunarekin eta datuak garraiatzeko ahalmenarekin, merkatu eta negozio berriak irekiko direla esan du.
Bestalde, telekomunikazio eta elektronikaren sektorearen egungo krisiaren erantzuleak aipagai izan ditu; izan ere, inbertsioak nabarmen jaitsi dira sektorean. Liberalizazio erreala oraindik gauzatzeke dagoela esan du eta inbertsioen beharra oinarrizkotzat jo du.
Azkenik, egoera txarrei etekina atera eta etorkizunera begira jarri behar dela azpimarratu du, lehiakorrago izan behar dela. Ez da nahikoa teknologiaren egunerokotasunean bizitzea, berritzaile izan behar da, teknologiaren kontsumitzaile izaten bukatu nahi ez bada. Teknologia produzitu egin behar da, eta, horretarako, unibertsitate eta enpresek globalizazioaren garrantziaz jabetu eta mundu mailako lidergoa bilatu behar dute.
Nanoteknologiak eta silizioaren mundu harrigarria
Intel mundu-mailako punta-puntako enpresa da. Bertan, silizioan egindako teknologia logikoen kalitate-taldearen zuzendarikidea Jose Antonio Maiz da. Eta hark, Intelen azken aurrerapausoak aipatzeaz gain, nanoteknologiek informatika eta zirkuituen diseinuan duten eraginaren adibide ugari azaldu ditu.
Denak harri eta zur utzi dituen hitzaldian komunikazioaren eta informazioaren prozesamenduaren (computing) arteko loturak azaldu ditu, silizioa bien arteko integrazioaren motore gisa aurkeztu du eta nanoteknologiak eta horien eraginak aipagai izan ditu.
Komunikazioaren eta informatikaren konbergentziaz ari zela, gaur egun edo epe laburrera edonork, edonon dagoela ere, edozein informazio eskuratzeko aukera izan behar duela aipatu du. Horretarako, haririk gabeko sareak eta horien garapenak erreminta egokia izango direla aipatu du.
Silizioaren berri ematean, berriz, materialak duen gaitasuna azaldu du. Informatikako osagaien lehengai bezala izan duen bilakaera zenbakitan aurkeztuz, oraindik mugarik ez duen eremu baten irudia eman du. Izan ere, azken urteetan ordenagailuen abiadura esponentzialki hazten joan da, segundoko egiten diren operazio-kopuruak gora egin du, transistore kopuruak ere bai, eta dena silizioari esker.
Adibideetan, nanoteknologiak duen eragina garbi ikusi da eta integrazioaren garrantzia ere aipatu da. Integrazioaren bidez, txip bakarrean hainbat funtzio betetzen dituzten zirkuitu ezberdinak batu eta geroz eta tamaina txikiagoa duten osagai berriak ateratzen dira egunero. Horiek lortzeko, dagoeneko ikertzen diharduten hiru dimentsioko transistoreak eta atomo bakoitzaren kontrola erabiltzea proposatu du.
Etorkizunera begira, berriz, giza gorputza genetikaren agindupean garatzen den antzera, nolabaiteko autoantolakuntza izango luketen txipak lortzeko ametsa agertu du. Horrela, horiek lortzeko erabiltzen diren prozesu industrial garestiak soberan egongo lirateke. Aurkeztu zituen beste hainbat aurkikuntzak ere oraindik asko dugula ikusteko erakutsi zuten; nanohariak, karbonozko eroale berriak, etab.
Jose Antonio Maiz eta bere lanari buruzko berri gehiago Elhuyar aldizkarian egin genion elkarrizketan aurkituko dituzu.
Euskara eta komunikazioaren eta informazioaren teknologiak
Euskarazko hitzaldian, Kepa Sarasola, EHUko Hizkuntza eta Sistema Informatikoen irakasleak euskara eta TICak izan ditu mintzagai.
Hitzaldian, hizkuntza-industria sortzeko beharra aipatu du, giza harremanak hobetu, merkatura produktu berriak atera eta hizkuntzarekin erlazionatuta dauden TICak bultzatzeko.
Euskal Herrian, eta zehatzago euskararen kasuan, oraindik lan asko omen dago egiteko, izan ere, beste hizkuntzetan erabilgarri dauden aplikazioetatik oso gutxi daude euskararentzat garatuta.
Aplikazio horien artean, ortografiako zuzentzaileak, hiztegietan kontsultak on-line egiteko aukera, itzultzaileak, Interneterako bilatzaileak, hizketa testu bilakatzen duten aplikazioak, testua irakurtzeko gai diren aplikazioak, eta beste hainbat daude sortu gabe edo sortzeko bidean.
Aplikazio horiek euskaraz sortzeko erronka ez da nolanahikoa, baina Kepa Sarasola baikor agertu da dugun gaitasuna kontuan hartuta. Horretarako, elkarlana ere ezinbesteko tresnatzat definitu du, horren ondotik etorriko baitira baliabide linguistikoak eta aplikazioak.
Aplikazio horiek, egun euskararen munduan dagoen hutsunea betetzeaz gain, eleaniztasunera zuzendutako produktuak izan beharko lukete Maizen iritziz. Gainera, haren ustez, sortutako aplikazioek modulartasuna izatea oso ezaugarri garrantzitsua da, horrela, aplikazioek inguru ezberdinetan erabilgarri izateko aukera izango baitute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia