Mairubaratzak. Pirinioetako harrespilak liburuaren aurkezpena
2004/11/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Liburua bi zatitan dago banatuta. Lehenengoan, mairu-baratzeen inbentarioa azaltzen du, eta hor argi gelditzen da Pirinio osoan azaltzen direla, gaur egungo muga guztien gainetik. Mairu-baratzeak agertzen diren eremua zehaztu du: mendebaldean Leitzaran ibaia du muga eta ekialdean Andorraraino hedatzen dira. Zabalean, berriz, 5 eta 50 km bitarteko eremuan daude.
Eremua hain mugatua eta bakarra izateak agerian uzten du batasun kultural bat zutela mairu-baratzeak egiten zituztenek. Nor ziren gizaki haiek, ordea? Non bizi ziren? Horri buruzkoa da liburuaren bigarren zatia.
Garai hartan, Gipuzkoan eta Bizkaian harresiz inguratutako herrixketan bizi zen jendea, eta Xabier Peñalver bera ari da ikertzen herrixka haiek. Hasiera batean pentsa liteke herrixka haietako biztanleak mendira joaten zirela udan abereekin, eta han hiltzen zirenentzat egiten zituztela mairu-baratzeak. Alabaina, muga hain garbia dela ikusita eta, gainera, herrixka haien inguruan harrespilik ez dagoela ikusita, hipotesi hori baztertuta gelditu da. Seguruenik, Gipuzkoako eta Bizkaiko herrixketako biztanleek beren hildakoak lurperatu egiten zituzten, erre eta gero, baina ez zuten lurperatutako tokia nabarmentzen harriekin. Bestalde, ardiak ez zituzten Pirinioetara eramango, baizik eta inguruko mendietara, gaur egun bezala: Aralarrera, Aizkorrira...
Mairu-baratzeak edo harrespilak egiten zituen jendea, ordea, Pirinioetako aranetan bizi zela uste du Peñalverrek, gaur egun ere herriak dauden inguru beretan. Eta, antza denez, norbait hiltzen zenean, gorpua erre eta errautsak mendien goialdera eramaten zituzten. Mairu-baratzearen erdian jartzen zituzten errauts haiek, batzuetan lurrean egindako zulo batean, beste batzuetan ontzi baten barruan...
Mairu-baratze bakoitzak hildako bakar baten errautsak ditu, eta hori ere bada nabarmentzekoa, beste toki batzuetan hilobiak kolektiboak izaten zirelako. Harrespila batzuk taldetan azaltzen dira, baina normalean ez dira oso talde handiak izaten, eta gehienak bakarka daude.
Non dauden, zenbat diren, eta zer ezaugarri zehatz dituzten azaltzen da 271 orriko liburu honetan. Halaber, 176 argazki ditu liburuak, hainbat irudi, eta, zabaltzen den mapa batean, aztarnategi guztiak, bakoitza dagokion katalogo-zenbakiarekin.
Bide batez, hizkuntzalariei ere jarri die lana Peñalverrek. Hauxe idatzi du liburuaren azken paragrafoan: "Gure iritzian, harrespilak Leitzarango ibaiaz ekialdera ugari izateak, eta ibaiaz mendebaldera batere ez izateak, zerikusia izan dezake Baskoien mendeko lurraldearekin, haien lurraldearen mendebaldeko muga bata baitator harrespilenarekin. Muga horrek, bestalde, euskararen bi dialekto bereizten ditu."
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia