}

Ilargiaren sorrera, estereoan

2009/05/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

NASAri (ere) ekonomia-krisiak gogor eragin dion arren, hainbat proiektu ditu martxan. Horietako bat da Stereo. Berez, Stereo bi zunda dira, eta une hauetan Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen orbitaren bi puntu berezitan daude. Hain zuzen, puntu horietan, Lurraren grabitate-indarra eta Eguzkiarena neutralizatu egiten dira. Eta, han, Ilargia nola sortu zen argitzeko aztarnak topatzea espero dute.

Ilargiaren sorrera azaltzen duen teoria baten arabera, duela 4.500 milioi urte, Theia izeneko planetak protolurraren aurka jo zuen. Talka izugarria izan zen, eta, haren ondorioz, hondakin pila bat geratu zen espazioan, Lur haren inguruan. Denborarekin, hondakinak elkartzen eta trinkotzen joan ziren, eta hala osatu zen Lurraren satelitea, Ilargia.

Nazioarteko Espazio Estaziotik ateratako argazki honetan Lurraren atmosfera eta Ilargia ikusten dira
Argazkia: NASA)

Teoria horri Tehiaren edo Talkaren teoria deitzen zaio, eta, gaur egun, Ilargiaren sorrera azaltzen dutenen artean, onartuena da. Izan ere, ondo azaltzen du, besteak beste, zergatik dituen Ilargiak konposizio eta dentsitate horiek, zergatik duten Lurrak eta Ilargiak antzeko adina, edo zergatik den Ilargia hain handia Lurrarekiko. Hala ere, astronomoek ez dute Theia existitu zelako froga garbirik topatu. Hain juxtu, horren bila joan dira Stereo zundak espazioaren toki berezi horietara.

Lurraren eta Eguzkiaren grabitate-indarrak neutralizatzen diren lekuei Lagrangeko puntuak deitzen zaie, Joseph Lagrange matematikariak frogatu baitzuen, XVIII. mendean, halako lekuak daudela Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen orbitan. Bost dira, L1etik L5era, eta espazioan noraezean dabilen materialak haietan biltzeko joera du.

Theia ere horietako punturen batean sortuko zen, han bilduta zegoen materiala elkartuta. Theiaren teoria sortu zuten astronomoen ustez, L4 edo L5 izan daiteke Theiaren sorlekua. Haien esanean, Theia Ilargiaren neurria izan zuen arte handitu zen puntu hartan; gero, sortzen ari ziren beste planeten grabitatearen eraginez, handik atera zen, eta orduan sartu zen Lurraren orbitan.

Teoria ontzat emanez gero, Theia aspaldi desagertu zen, baina Theiari elkartu ez zitzaizkion materialek oraindik L4an edo L5ean jarraituko lukete. Theiasteroide deitzen zaie material horiei, eta astronomoek teleskopio bidez bilatu izan dituzte. Bilatu bai, baina aurkitu ez, oraingoz. Stereo zundek, berriz, hurbiletik miatuko dituzte L4 eta L5 puntuak, eta, beraz, haiek detektatzeko aukera izango dute. Baldin eta theiasteroiderik badago, noski.

Ez da teoria bakarra

Dena den, hori ez da Stereo zunden zeregin nagusia . Izatez, Stereo eguzki-behatoki bat da. Zundak Eguzkiaren alde banatan jarriko dira, eguzki-jardueraren hiru dimentsioko ikuspegia izateko. Baina hara joateko L4tik eta L5etik igaro behar dutenez, bide batez, Theiaren arrastoak bilatuko dituzte. Zundak dagoeneko hasi dira datuak bidaltzen, eta, lehendik ezagunak ziren asteroide batzuez gain, ez dute ezer topatu. Hala ere, irailean eta urrian izango dira leku horietatik gertuen; beraz, oraindik badute aurkikuntzaren bat egiteko itxaropena.

Eta Theiaren teoriaz gain, badira Ilargiaren sorrera azaltzen duten beste teoria batzuk . Haietako baten arabera, eguzki-sistema eratzen ari zen garaian, protolurrak oso azkar biratzen zuen, eta handik zati handi bat banatu zen: Ilargia. Teoria horrek, ordea, hutsune nabarmenak ditu.

Beste teoria batek dio Ilargia espazioaren beste leku batean sortu zela, eta, Lurretik hurbil igarotzean, planetaren grabitateak harrapatu egin zuela. Baina hori gertatzeko probabilitatea oso txikia da.

Gerta zitekeen, baita ere, biak espazioaren eremu berean sortzea, baina ez iristea elkartzera, eta bat bestearen satelite bihurtzea. Alabaina, kasu horretan bien konposizioak antzekoak izan beharko lukete. Eta ez da hala.

Ilargiaren sorrera azaltzen duten teoriarik ez da falta, beraz. Frogak behar, ordea, bat edo beste baieztatzeko...

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia