}

Ilargiaren maparik zaharrena lurpean dago

2001/03/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Orain dela gutxi arte, ezagutzen zen ilargiaren marrazkirik zaharrena Leonardo da Vincik 1505. urtearen inguruan egindakoa zen. Hala ere, batek baino gehiagok lehenagoko irudirik egon behar zuela uste zuen, horien artean Ontarioko Unibertsitateko Philip Sooke-k.

Horrela, haitzulotako arroketan antzinako grabatuetan ilargi-irudia bilatzen hasi zen eta Knowth-eko hileta-ganberan zerbait interesgarria aurkitu zuen: han egindako arrastoak ilargi betearen argazki baten gainean jarriz gero, ilargiarekin bat zetozela egiaztatu zuen. Zalantzarik gabe, orain arte ikusi den ilargiaren irudikapen zaharrena da.

Knowth Irlandan orain dela 5.000 urte eraikitako gune batean dagoen Neolitoko hileta-tumulu bat da. Tumuluak Europako luzeenak omen diren bi igarobide estu ditu, bata ekialderantz eta bestea mendebalderantz. Igarobide bat ganbera zabal batetan bukatzen da eta han, batzuen ustez, Europako garai horretako arte-bildumarik handiena dago.

Zirkulu- eta espiral-itxurako grabatuak dira gehienak, nonbait ilargia irudikatuz, eta beste batzuk izarren irudiak dira. Arkeologo batzuek diotenez, ganberara daraman igarobideak une jakin batzuetan eguzkia eta ilargiaren izpiak jasoko zituen eta, hain zuzen ere, asmo horrekin eraiki zuten tumulua leku zehatz horretan. Hala ere, zergatik eta zertarako egin zuten galderentzako erantzunak bilatzen jarraitu beharko dute arkeologoek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia