}

Ilargia eta giza jokabidea: usteak zenbat ustel?

2018/09/01 Labaka Etxeberria, Ainitze - ErizainaErizaintza II saileko irakasle eta ikertzailea EHU | Arozena Ormaetxea, Kristina - Erizaina eta EHUko ikertzailea; Diseinatzaile grafikoa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Aspalditik dator Ilargiak gizakion jokabidean eragina izan dezakeelako ustea; hain zuzen ere, sinesmen horren inguruko lehen idatzia Hipokratesen garaikoa da (K.a. 400. urtea). Mendeak igaro ahala, bizirik mantendu dira Lurraren sateliteari loturiko usteak, eta, gaur egun ere, badira pertsonen jokabide oldarkorrak edota osasun-arazoak astroaren faseei egozten dizkieten profesionalak ere. Zer du, baina, mitoak egiatik?
1. irudia. Ilargi-faseek edo ilargialdiak 29,5 eguneko iraupena dute, batez beste. Fase bakoitzean Eguzkiak argituriko Ilargiaren zatia ikusten da, Lurretik begiratuta. Ilbetea, bereziki, gertaera arraroekin lotu izan dute hainbat kulturak.

Ezagun da Ilargiaren erakarpen-indar grabitatorioak, Eguzkiarenarekin batera, itsasgora eta itsasbehera eragiten dituela. Nabaritasun horrek, eta Ilargiaren fase zehatzei loturiko naturako beste zenbait gertakarik eta sinesmenek, zaildu egiten dute zientzia eta fikzioa bereiztea. Jarraian, errealitatea aurreiritzi eta usteetatik bereizten ahaleginduko gara, gaiaren inguruko ikerketetan oinarrituz. Has gaitezen Ilargiarekin lotuta gure inguruneko izakietan gertatzen diren jokabide-aldaketei behatzen.

Mareen indarra eta argia

Mareak direla eta, zenbait itsas animaliaren ugaltzeko jokabidea Ilargiarekin sinkronizatzera eraman du eboluzioak. Itsas dortokek ilbete edo ilberriko itsasgora baliatzen dute arrautzak hondarretan erruteko, hurrengo itsasgora arte uretatik salbu izango diren tokian. Itsas triku eta txibientzat, berriz, ilbeteko argiaren intentsitateak abiarazten du ernalketa. Planetako egitura bizidun handienak ere —Australiako koral-hesiak, alegia—, azaroko ilbetearen osteko ilunabarrean soilik egokitzen den zeru-kolore bereizgarria sumatzen duenean askatzen ditu arrautzak eta esperma [1]. Azken horiek ez dira, ordea, Ilargiaren argiaren arabera era batera edo bestera jokatzen duten izaki bakarrak.

2. irudia. Nekazariek ikus ez ditzaten, argitasun-maila baxuko gauak aukeratzen dituzte Tanzaniako elefanteek labore-sailei erasotzeko.

Itsasotik lehorrera mugituz, Tanzaniako Mikumi parke nazionalean egindako ikerketa baten arabera, ilbetea den gauetan, gizakiak landatutako labore-sailei erasotzea ekiditen dute elefanteek. Elefanteak animalia katemeralak dira, hots, egunez zein gauez jarduten dutenak, eta labore-sailetara bazka bila argi gutxiko gauetan joaten dira bereziki, nekazariek ikus ez ditzaten [2]. Tanzania hegoaldeko lehoiak ere iluntasunaz baliatzen dira gizakiei erasotzeko. 1988 eta 2009 bitartean jazotako 450 erasoetatik, gehienak ilbetearen ondorengo 10 egunetako ilunabarretan gertatu ziren, Eguzkia sartzen denetik Ilargia ateratzen den arteko tarte luzean [3]. Horrela, bada, jokabide horiek guztiak Ilargiak eragindako itsasgoraren edo Ilargiak islatutako argiaren mendeko egokitzapenak dira, bizirautea bermatzeko garatutako jokabideak, beraz. Ez dute, ordea, adierazten sateliteak animaliengan izan lezakeen efektu zuzenik.

Plinio Zaharraren teoria

3. irudia. Ilargiaren grabitazio-indarrak Lurreko ozeanoetan eragiten du, gertuen dituen ur-masak erakarriz. Mugimendu horien ondorioz gertatzen dira itsasgorak eta itsasbeherak. Ilberri eta ilbetean, gainera, lerrokatu egiten dira Lurra, Ilargia eta Eguzkia, eta satelitearen erakarpen-indarrari Eguzkiarena gehitzen zaio; hala, marea biziagoak sortzen dira.

Kristo ondorengo lehenengo mendean, Plinio Zaharra ezizenez ezagun zaigun erromatar idazleak honako hau iradoki zuen: Ilargiaren indarrak itsasoa astin bazezakeen, zilegi zela gizakion organismoko likidoak ere asaldatzea. Teoria horri jarraiki, 1978an, Arnold Lieber psikiatrak iradoki zuen Ilargiak, mareen indarraren bidez, gure garuneko ur-molekulak lekualda zitzakeela. Horrela, astroak giza jokabidean zuen eragina azaldu nahi izan zuen, Lieberrek berak Floridako Dade eskualdean egindako ikerketa batean aurkitu baitzuen ilbetean gizakiak joera handiagoa zuela hilketak eta erasoak egiteko. George Abell astronomoa izan zen teoria hori ezbaian jarri zuen lehena, eta hiru fenomeno naturaletan ardaztu zuen bere argudioa: batetik, Ilargiaren grabitate-indarrak ozeano eta lakuen gisako ur-egitura irekietan baino ez du eragiten, eta ez garuna bezalako egitura estali eta itxietan. Bestetik, ilbeteak eraginik izango balu, ilberriak ere eragin berbera edo handiagoa izan beharko luke, fase horretan Ilargia Eguzkiarekin lerrokatzen baita, eta bien grabitate-indarra batzen baita (ikusi 3. irudia). Azkenik, Ilargia handia bada ere, oso urrun dago gizakiongandik, eta ezin du izan sorbalda gainean pausatutako intsektu batek baino eragin handiagoa. Ildo beretik, Kellyk eta kideek jaioberri baten inguruko gorputzek umearengan eragiten duten grabitate-indarra Ilargiarenarekin alderatu zuten (ikusi 4. irudia), eta astroaren eragina hutsala zela ondorioztatu [4].

Ilargi eta laino, sorginentzat giro

Ez al du funtsik, orduan, Lieberrek hilketen eta ilbetearen artean aurkitutako loturak? Bada, mareen indarra kausa modura proposatzean asmatu ez bazuen ere, beste zenbait ikerketak berretsi dute ilbetean eraso oldarkorrak egin edo pairatzeko arriskua areagotzen dela. Kasurako, Alemaniako Bavaria eskualdeko hainbat polizia-etxetan sei urtez jasotako 23.127 krimenen txostenak aztertuta, ikertzaile-talde batek ondorioztatu zuen ilargi betean eta ilbeheran ugariagoak izan zirela kalean egindako eraso larriak. Fenomeno horren zioaren inguruan zenbait faktore proposatu dira. Lehenik, kontuan izan behar da Ilargiak berak zuzenki eragiten ez badigu ere betea dagoenean argi gehiago islatzen duela, eta argi horrek melatonina ekoiztea galarazten digula gizakioi. Melatonina loaren zikloa kontrolatzen duen hormona da; gure erretinek argi-izpirik jasotzen ez dutenean ekoizten da, eta loa eragiten du. Gau argitsuetan, baina, zikloa eten daiteke, eta lo falta eta jokabide oldarkorrak agerrarazi. Horretaz gain, argitasun gehiago egoteak ikusgaitasuna handitzen digu, eta horrek krimenak egiten laguntzen du. Bestalde, sinesmen kulturalak medio, gaizkileak ilargi betearen eraginpean dagoela pentsa dezake, eta krimena egitera adoretu. Azkenik, ilbetean eta hurbileko gauetan izaten den argitasuna dela eta, ohikoagoa da gaueko aisialdiko ekintzak egitea eta ordu txikitan kalean ibiltzea, eta, ondorioz, estatistikoki aukera gehiago daude eraso bat egin edo jasateko [5].

4. irudia. Ivan Kellyk, James Rottonek eta Roger Culverrek, 1985. urtean argitaratutako “The Moon Was Full and Nothing Happened” artikuluan, ilargiak haur jaioberri batengan eragiten duen marea-indarra alderatu zuten amak, medikuak eta ospitaleak eragiten dutenarekin.

Ilbetea eta osasuna

Ilargiak gizakion osasun-egoeran eragin dezakeela pentsatu izan da, eta hainbat ikerketa egin dira gai horren inguruan ere. Nahaste psikiatrikoekin hasiz, ikerketek ez dute ilargi-faseen efektu esanguratsurik aurkitu, larrialdi-zerbitzuetan erregistratutako izu-atakeei edota antsietate- zein depresio-sintomen larriagotzeari dagokienez, ez eta nork bere buruaz beste egiteko saiakeretan ere [6]. Epilepsia-krisien inguruan hainbat ikerketa egin badira ere, emaitzek ez dute bat egiten krisi gehiago zein ilargi-fasetan gertatzen den adieraztean [7]. Glasgowko Unibertsitateak egindako ikerketa baten arabera, bihotzekoaren sintomak izan baina proba diagnostikoetan gaitzaren jatorri biologikoa aurkitu ez zen kasu gehiago izan zen ilargi beteko egunetan [8]. Fenomeno hori azaltzeko, ikerketaren autoreek proposatzen dute, azalpen biologikorik izan ezean, zerikusia izan zezakeela Ilargiaren inguruan eraikitako sinesmen sozialak.

Sinesmenak egiatzat hartzen direnean

Gogamenak gertaera jakin batzuei garrantzia eman eta oroimenean finkatzeari irudipen-korrelazio deritzo. Beste hitz batzuekin esanda, errealitatean existitzen ez den lotura bat egiazkoa balitz bezala hautematean datza. Ilargi betea izan eta ezohiko zerbait gertatuz gero, xehetasun aldrebes hori gogoratuko, kontatuko eta hedatuko dugu, bat datorrelako Ilargiaren inguruan ditugun aurreiritziekin. Adibidez, ikerketa baten arabera, Ilargiak pazienteen aldartean eragiten zuela sinesten zuten psikiatria-zerbitzuko erizainek pazienteen portaera arraroen gaineko ohar gehiago idazten zituzten ilbetea zenean, Ilargiaren eraginean sinesten ez zuten erizainekin alderatuta [9].

Bada, baina, Ilargiak giza jokabidean duen balizko eraginaren inguruko teoria bat ere: Emory Unibertsitateko Charles Raison psikiatraren esanetan, gaur egun mito zahar dena errealitate izan zitekeen sortu zen unean. Izan ere, argi artifizialik ez zegoenean eta gizakiak ortzipean lo egiten zuen garaian, Ilargiaren distirak loa galarazten zien pertsonei, eta tartean izango ziren buru-nahasteak zituztenak ere. Lo faltak baldintza psikologiko zehatz batzuekin bat egiten duenean —nahaste bipolarrarekin, esaterako— jokabide-asaldurak jazo daitezke. Hortaz, litekeena da arbasoek egindako lotura horrek mendeak gainditzea, eta, Raisonen eta kideen esanetan, “fosil kultural” gisa har daiteke Ilargiak gizakiongan duen efektuaren inguruko sinesmena.

Bibliografia

[1] Moon Power dokumentala, Peter Crawfordek zuzendua (2003-10-09an kaleratua, The BBC Natural World collection).
[2] Jody Gunn, Dawn Hawkins, Richard F.W. Barnes, Fredrick Mofulu et al. 2014. The Influence of Lunar Cycles on Crop-Raiding Elephants; Evidence for Risk Avoidance. African Journal of Ecology 52 (2): 129–37.
[3] Craig Packer, Alexandra Swanson, Dennis Ikanda eta Hadas Kushnir. 2011. Fear of Darkness, the Full Moon and the Nocturnal Ecology of African Lions. PLoS ONE 6 (7).
[4] Ivan Kelly, James Rotton eta Roger Culver. 1985. The Moon Was Full and Nothing Happened. Skeptical Inquirer 10 (2): 1–14.
[5] Teresa Biermann, Rita Asemann, Carmel McAuliffe, Armin Ströbel, et al. 2009. Relationship between Lunar Phases and Serious Crimes of Battery: A Population-Based Study. Comprehensive Psychiatry 50 (6): 573–77.
[6] Geneviève Belleville, Guillaume Foldes-Busque, Mélanie Dixon, Évelyne Marquis-Pelletier et al. 2013. Impact of Seasonal and Lunar Cycles on Psychological Symptoms in the ED. General Hospital Psychiatry 35 (2): 192–94.
[7] Robert D. Bolen, Zeke Campbell, William A. Dennis, Elizabeth H. Koontz, eta Paul B. Pritchard. 2016. “Effect of Lunar Phase on Frequency of Psychogenic Nonepileptic Events in the EMU.” Epilepsy and Behavior 59: 62–63.
[8] Faheem Ahmad, Terence J. Quinn, Jesse Dawson, eta Matthew Walters. 2008. A Link between Lunar Phase and Medically Unexplained Stroke Symptoms: An Unearthly Influence? Journal of Psychosomatic Research 65 (2): 131–33.
[9] R. D. Osborn. 1968. The Moon and the Mental Hospital; an Investigation of One Area of Folklore. Pychiaty and Mental Health 17 (5): 476.

CAF-Elhuyar sarietara aurkeztutako lana.