}

Hubble begiluzeak harrapatutako irudi zoragarriak

2002/05/02 Elhuyar Zientzia

Hubble munduko teleskopio optiko-ultramore onena da, are gehiago Miaketarako Kamera Aurreratua (ACS, Advanced Camera for Surveys) jarri diotenetik. Kamera horri esker, unibertsoaren irudirik urrunenak (oraingoz hala dira) jaso dituzte NASAko astronomoek; izan ere, Hubble-n irismena hamar aldiz hobea da orain. Onartu beharra dago irudiok edozeini gustatzeko modukoak direla, oso politak baitira. Astronomoak ere zoratzen daude, ez hainbeste estetikoi ederrak direlako, baizik eta oso esanguratsuak direlako. Esate baterako, argazkietako batzuk unibertsoaren sorrera ulertzeko baliagarriak dira (oso urrunekoak direnez, oso aspaldikoak direlako).

Argazki harrigarrienen artean goiko lau horiek daude. Adar izartsua duen galaxiari (UGC10214) ‘Zapaburua’ deitu diote, eta diotenez, su artifizialezko gurpil baten moduan talka egitera doa 6.000 galaxiaz osatutako gune baterantz. Gasezko eta hautsezko mendi gorri hori, berriz, Kono nebulosa da, eta 1995ean Hubble-k harrapatutako Arrano nebulosa ospetsuaren ‘lehengusutzat’ jo dute astronomoek. Hurrengo argazkia Omega nebulosa edo M17 da, eta ikus daitezkeen izar jaio berriekin batera, agian planeta-sistema berriak sortuko direla uste dute NASAkoek. Azkenekoan, espiral-itxurako bi galaxien arteko talka ikusten da. Astronomoek ‘Saguak’ deitu diote, eta haien esanean, milaka milioi urte barru baliteke horren antzekoa izatea gure galaxiaren (Esne Bidea) eta hurbileko Andromeda konstelazioaren bilakaera.

Irudi gehiago ikusi nahi izanez gero, egin klik hemen

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia