}

H. sapiens-en patuaz

2008/10/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

"Oraindik ez gara gizakiak ". Horixe uste du Atapuercako aztarnategiko zuzendarietako batek, Eudald Carbonell arkeologo, antropologo eta paleontologoak, hain zuzen. Eulad Carbonell oso ezaguna da, ez bakarrik Ikerketa zientifikoaren eta Teknikoaren Asturiasko Printzearen saria jaso zuelako 1997an, baita dibulgazioko hainbat liburu idatzi dituelako ere... eta adierazpen probokatzaile eta kitzikagarriak egiten dituelako.

Eudald Carbonell, Atapuercan.
(Argazkia: J.M. Benito.
Eskubide batzuk erreserbatuta: CC, aitortu, berdin konpartitu)

Duela gutxi izan dugu Eudald Carbonellen hitzaldi bat entzuteko aukera, Kordoban egin den Ingurumenari eta Kazetaritzari buruzko XI. Nazioarteko Mintegian, hain zuzen, eta han adierazi zuen gizakia oraindik eboluzionatzen ari dela. Are gehiago: haren esanean, daramagun bideak hondamendirantz eramango gaitu, eta populazioaren zati handi bat desagertu egingo da.

Zientzialariek "botila-lepoa" deitzen diote populazioaren galera horri, eta espezie batek, estualdi handi baten ondorioz, jasaten duen beherakada adierazten du. Horrelako prozesuek eboluzioa sustatzen dute, eta eragin handia izaten dute espezie baten bilakaeran. Izan ere, botila-lepoa eragiten duen egoeran bizirik irauten laguntzen duten ezaugarriak nagusitu egiten dira, eta hain mesedegarriak ez direnak, berriz, gutxitu edo galdu egiten dira. Horrenbestez, irauten duen populazioa bestelakoa da, aurrekoarekiko desberdina.

Giza espeziea behin baino gehiagotan igaro da botilaren lepo estutik; adibidez, Erdi Aroan, izurri beltzagatik. Asian sortutako izurria Mediterraneoko portuetatik sartu eta Europako iparralderaino hedatu zen; 1346-1353 urteen bitartean, Europako biztanleen herenaren heriotza eragin zuen. 25 milioi biztanle inguru hil zirela kalkulatzen dute, ordura arteko beste edozein gaixotasunen edo gerraren ondorioz baino askoz gehiago.

Beste kontinente batean, Amerikan, XVI. mendean gertatu zen sarraskirik handiena. Hain zuzen, europarrek eramandako gaixotasunek hango populazioaren gainbehera eragin zuten. Ikertzaile askoren ustez, armek baino eragin handiagoa izan zuten baztangak eta elgorriak Amerikaren konkistan. Hala, Dobyns ikertzaile estatubatuarraren arabera, Amerika osoko populazioaren % 95 galdu zen, Kolon kontinentera iritsi eta lehenengo 130 urteetan.

Bada, Carbonellen hitzetan, orain antzeko estualdi baterantz goaz. Berez, hitzaldiaren amaieran egin zituen adierazpen horiek, hitzaldiaren gaia beste bat baitzen: Atapuercan topatu duten azken hominidoari buruzko interpretazio berriak.Izan ere, Carbonellek eta haren lantaldeak martxoan argitaratu zuten Nature zientzia-aldizkarian Europako hominido zaharrenaren fosilari buruzko artikulua. Elefantearen leizean aurkitu zuten, eta Homo antecessor izena eman zioten.

Fosila gutxienez duela 1,2 milioi urtekoa dela kalkulatu dute, eta, hasiera batean, proposatu zuten neanderthal gizakiak eta gure espezieak izan zuten azken arbaso komuna izan zitekeela.

Orain, ordea, beste hipotesi batzuk aztertu dituzte; horien artean, Homo antecessor gizakia ondorengorik utzi gabe desagertu zela; hau da, ez zela Homo neanderthaliensis -en ez Homo sapiens -en aurrekaria izan, baizik eta garai batean sortu eta, halako batean, adarrik eman gabe, desagertu zen espezie bat. Eta hipotesi hori da, hain juxtu, probableena Carbonellen iritziz. Hori hala balitz, espezie bat arrastorik utzi gabe desagertu daitekeelako adibide bat izango litzateke H.antecessor gizakia.

Iragana, oraina, geroa

Atapuercako aztarnategia .
(Argazkia: M. Modesto)

Oraina ulertzeko eta etorkizuna iragartzeko, ezinbestekoa da iragana ezagutzea. Eta halako desagertzeak aintzat hartu beharko genituzkeela ohartarazi zuen Carbonellek. Esan zuenez, giza espeziearen eboluzioaren sustatzaile handienetako bat da desagertzea, iraungitzea. "Ia erabat ustelduta dagoen zuhaitz baten hostoa gara", azaldu zuen, "ez baitago Homo generoaren beste espezierik, garai batean lau ere egon badira ere aldi berean. Eta gure espeziea den hosto honek zer irudikatzen duen jabetzen ez bada, eta erori egiten bada, zuhaitz ebolutibo handi hori, Homo generoa, erori egin daiteke, jarduerarik ezagatik, energia-gabeziagatik".

Etsipen-puntu batekin egin zituen adierazpen horiek, baina eboluzioan horrelako prozesuak igaro behar direla uste du, eta, harentzat, orain, XXI. mendean, igaroko da gizakia botilaren lepotik. Eta hori gertatutakoan, beste kontzientzia-maila bat izango du gizakiak. Hain zuzen, beharrezkoa iruditzen zaio kontzientzia berri hori izatea garatu dugun teknologia gizarte osora zabaltzeko eta populazio osoaren mesedetan erabiltzeko.

Gainera, Carbonellek garbi du ezin dela ezer egin hondamendia galarazteko; prozesua martxan jarri duten mekanismoak geldiezinak dira dagoeneko. Arkeologoak ez du "garapen jasangarrian" sinesten; harentzat, garapena eta jasangarritasuna kontzeptu kontrajarriak dira, garapena ez baita inolaz ere jasangarria. Horrenbestez, egiten duguna egiten dugula ere, botilaren lepotik igaroko da gure espeziea.

Dena den, beste zientzialari batzuk ez dira iritzi berekoak. Kordoban Carbonellek parte hartu zuen mintegi hori egiten zen egunetan, Stephen Hawking fisikari eta kosmologoa Santiagon izan zen, eta hark ere egin zituen giza espezieari buruzko iragarpenak. Haren iritziz, orain mehatxu larriak ditu gizakiak, hala nola klima-aldaketa edo gerra nuklear baten arriskua, eta irtenbidea espazioan bilatu beharko genuke. Alegia, Lurretik kanpo, beste planeta edo satelite batera migratzea komeni zaigula. Hondamendia gertatu aurretik alde egiteko aukera izango ote dugu, ordea?

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia