}

Hozkia, oraindik zer den ez dakigun sentsazioa

1989/04/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hozkia, oilo-ipurdia, horzkidura. Izenak ez dio axolarik. Jende gehientsuenak sentsazio ez-atsegina jasaten du zenbait hots edo irudiren aurrean: azalera jakin batzuen gainean harraskatzen denean, dentistaren tornu elektrikoa entzundakoan, behazkoskorren karraska-hotsa ateratakoan edota paper-zati bat tolestatze hutsa aditutakoan. Zergatik gertatzen da? Zientzilariek ez dakite oraindik, eta hipotesi desberdinak erabiltzen dira fenomeno hori argitu nahian.

Zer inpresio sortzen dizu azkazalek arbelaren gainean egiten duten hotsak? Lasai. Ez joan eta segi ezazu irakurtzen. Pentsatze hutsarekin hotzikarak sortzen zaizkio edonori. Ba ote dakigu zergatik? Zientziak zer esanik franko badu, baina ez du arazoa oraindik argitu.

“Oilo-ipurdia” bezala ezagutzen dugun gertaera aztertu asmoz egindako inkesta batek, zerrenda bitxia eman digu; hozkia sorterazten diguten gauzen zerrenda hain zuzen. Lehen postuan azkazalak eta arbela agertzen ziren. Eta ondoren, gauzarik desatseginena dentistaren tornuak egiten duen hotsa litzateke. Zerrendan agertzen ziren beste arrazoi batzuk ematen dira ondoren: globo batek ibiltzerakoan egiten duen hotsa, poliestirenozko aparra, zenbait errotuladoreren zarata gogaikarria, frenoaren kirrinka-hotsa, auto-alarma baten bapateko zaratotsa edota behazkoskorrak estutzea.

Oilo-ipurdia sortzen duten gauzen zerrenda-buru azkazalak eta arbela daude.

Sintomak ezagunak zaizkigu: hotzikarak, bihotz-taupadak azkarragotzen dituzten irritazio edo sumindurak, edota hortz-karraska molesto hori. Baina arrazoiak, ordea, oso partikularrak dira pertsona desberdinentzat. Batzuek hotzikarak sentitzen dituzte behatz artean talko-hautsak dituztenean, edota zeramikazko objekturen bat ukitzerakoan. Besteentzat, ordea, jertse batetik bolatxoak kentzen ikustea, edo izotza hausten ikustea edota azkazalei horzka egitea izango da sentsazio gogaikarri horren iturri. Ez da fobia edo mania berezi bat; ez da beldurra soilik ere. Gertatzen dena zera da: hori ikuste edo entzute hutsak molestatu egiten gaituela.

Asko dira sentsazio hori deskribatzeko erabiltzen ditugun hitzak: nazka, hozkia, zimikoa... Kaliforniako Unibertsitateko Alan Dundes antropologoaren ustez termino desegokiak dira guztiak. Ez dut uste hitz zehatzik dagoenik azkazalak arbelaren kontra sortutako fenomenoa definitzeko. Hoberena “oilo-ipurdi” espresioa da. Hotzikara hitza eritasunarekin lotzen da eta dardaraldia, beldurrarekin.


Baina edozein izen duela ere, “oilo-ipurdi” fenomeno horrek unibertsala dirudi. Toki guztietan eta kultura guztietan jaso ahal izan den gertaera da. Oraindik oso argi ez badago ere, zerbait gertatu bide zen gizakiaren eboluzioan. Hain unibertsala den erantzunak nolabaiteko balioa edukiko zuen une jakin batean bizi-iraupenerako. Neurologo gehientsuenen ustez, hozkia borroka edo ihes-erantzun primitiboaren isladapena besterik ez litzateke. Bapateko adrenalina-deskarga batek nerbio-sistema autonomoaren erantzuna dakar: odol-basoak uzkurtu eta ilea laztu egiten da.

Kapilarrak ixten direnez, odola larruazaletik aldentzen da, aurpegia zurbildu egiten da, gorputza astintzen. Muskuluak uzkurtu egiten dira eta gure ile guztiak laztuta dauzkagula handiago eta arriskutsuago dirudigu. Erantzun guztiz irrazionala da dio William McClure-k, Kaliforniako Unibertsitateko Neurologia eta Portaerako programaren zuzendariak. 50.000 urtetik gora duen emozio-multzoa da, gure gaur eguneko gero eta gizarte sofistikatuarekin borroka bizian dagoena, gure garuneko zatirik zaharrenen oroigarria.

Egitura horiek aktibatzen direnean erne jartzen gara berehala, zergatik ez baldin badakigu ere. Agian, eta hau suposizio bat besterik ez da, hainbeste molestatzen gaituzten hotsak leopardo baten atzapar zorrotzek harkaitz baten kontra sortuko lituzketenen antzekoak direlako. Mezua argia zen gure arbasoentzat: alde egizu eta ez begiratu atzerantz .

Batzuen ustetan erantzuna biologikoa da erabat, barne-belarriak eta garun-zati batek —44 area deituak hain zuzen— soinua prozesatzeko duten moduagatik. Hots gogaikarri horiek entzumenaren espektroa saturatua dagoela adieraziko lukete. Esplikazio honek ez du ordea argitzen talko-hautsari edota jertseen bolatxoei jendeak dien kontrakotasuna.

Psikoakustikak beste bide batetik esplikatu nahi luke arazoa. Zientzia honek gizakiok soinuen aurrean dugun erantzuteko moduak aztertzen ditu. Arbel bat harraskatzen denean sortutako hotsa grabatu eta analizatzen denean, uhin ordezkaria oso konplexua da. Laborategi berezituetan grabazioaren frekuentzia jakin batzuk eliminatu egiten dira, jende desberdinak bertsio murriztu edo iragazi horien aurrean duen erantzuna ikusteko. Hasiera batean higuin edo nazka horren erantzule frekuentzia altuak zirela pentsatu zen. Baina frekuentzia horiek kendu ondoren ere, jendeak modu beretsuan erantzunez jarraitzen zuen.

Beraz, Randolph Blake psikologoak eta bere lankideek zera pentsatzen dute: ez dela hartutako edo ikasitako abertsioa; gure biologiaren ezaugarria baizik. Ba al dago naturan azkazalek arbelaren kontra sortzen duten hotsaren antzeko soinurik? Zarata edo hots ezberdinen uhinak aztertu ziren eta antzekoenak txinpantzeek egiten dituzten alarma-oihuak izan ziren. Bide horretatik Blakek esperimentu bat egitea iradokitzen du, azkazalek arbelean egindako soinuak txinpantzeetan sortzen duen erantzuna analizatzeko.

Bada oraindik argitu gabeko beste punturik ere. Zein adinetan hasten dira umeak nahigabea sentitzen soinu horiek entzunda? Sentikorragoak al dira adineko pertsonak gazteak baino? Sexu biek modu berean erreakzionatzen al dute?

Blakek ehundaka aldiz entzun ditu bere grabazioak eta beti ere hotzikarak sentitu omen ditu. Nahiz eta, berak dioen bezala, hotzikara horiek beti desatseginak ez diren.

1980an Avram Goldstein farmakologoak egindako ikasketa batean bere 249 pazienteetatik ia erdiei oilo-ipurdia jartzen zitzaien eta korapilo bat eztarrian musika entzuterakoan, zine-pelikulak ikusi edo teatrora zihoazenean, paisaia ikusgarri baten aurrean edota liburu batetik ateratako eszena heroikoren bat entzutean. Hotzikarak garondoan hasten ziren beti, aurpegira eta ilera hedatzeko. Ondoren sorbalda eta besoetarantz zabaltzen ziren, bizkarrezurrean barrena jaisteko. Goldsteinen ustetan ibilbide hau emozioekin eta nerbio-sistema autonomoaren funtzionamenduarekin lotuta dagoen garun-zati batek mugatzen du.

Sentsazio hauek endorfinen erregulazioaren menpe ote zeuden ikusteko, Goldsteinek musika-pieza bat entzutea eskatu zien. Ondoren naloxona eman zien (endorfinen ekintza blokeatzen duen droga) eta esperientzia errepikatu egin zuen. Hiru pazientek ez zuten jadanik hotzikararik sentitzen. Goldsteinen ustez dosi handigoekin posible litzateke paziente guztien artegatasuna amaitu eta desagertzea.

Ikusi dugunez zientziak nola gertatzen den argitu dezake, baina ez zergatik gertatzen den. Bitxia da, gure emozioak oro hain azalean dauzkagun une honetan eboluzioan zehar hotzikarak sentitzeko gaitasun edo ahalmen hori mantentzea. Dena den, hasierako galdera gehienek hortxe diraute: zergatik dardara eta sentsazio horiek? Gure arbasoek jasandako beldur eta mehatxuen arrasto bakarrik ote dira? Edo, ba al dago oraindik ere zientziak argitu gabeko beste osagairen bat? Etorkizunak emango al digu argitasunik; iraganetik isiltasuna baizik ez bait dugu jasotzen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia