}

Hondoratutako itsasontziak: ur azpiko memoria

2007/09/01 Egüés Ergialde, Maider - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Itsas arkeologoek itsas hondoa arakatzen dutenean, batzuetan, antzinako objektuak aurkitzen dituzte, gure memoriaren parte diren objektuak. Altxor txikiak izaten dira, anforak, harrizko aingurak edo mineral-lingoteak, besteak beste. Baina beste batzuetan, zorte hobea dutenean, objektu horiek zeramatzaten itsasontziak aurkitzen dituzte.
Hondoratutako itsasontziak: ur azpiko memoria
2007/09/01 | Egüés Ergialde, Maider | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Arkeologo bat Ternuako uretan aurkitutako San Juan baleontzi euskaldunaren hondakinak aztertzen.
M. Izagirre
Ez dago urrutiko itsaso exotikoetara joan beharrik hondoratutako itsasontziak aurkitzeko. Gure kostaldean badira zenbait. Odissey enpresa amerikarrak induskatu zuen Sussex galeoi ingelesean ez bezala, gure itsasontzi hondoratuetan ez dira urrezko eta zilarrezko milaka txanpon aurkitu... eta ez, ez dira Titanic bezain ikusgarriak. Gure kostaldean daude, ordea, eta haien balioa haien itxura apaletik haraindi doa.

Kontxako badian

Itsasontzi hondoratuen ibilbideko geltoki garrantzitsu bat Kontxako badia da. Milaka lagun ibiltzen dira urtero, uda-garaian, Donostiako Kontxan plisti-plasta... baina, ziurrenik, gutxik jakingo dute ur horietan bertan, metro batzuk beherago, hainbat itsasontzi zaharren hondakinak daudela. Donostiako INSUB Itsaspeko Ikerketa Elkarteak dituen datuen arabera, hamar itsasontziren hondakinak daude Kontxako itsas hondoan. Horien artetik adierazgarrienak 'erlojuen itsasontzia' eta 'zumitzen itsasontzia' dira.

'Erlojuen itsasontzia' bederatzi metroko sakoneran dago, Kontxako erlojuen pare-parean... hortik datorkio izena. 1999an sakonki aztertu zuten ontzia, eta ikusi zuten egitura osoaren bosten bat soilik kontserbatzen dela: branka eta popa falta zaizkio, eta kroskoaren egurrezko pieza batzuk baino ez dira geratzen. Hala ere, pieza horiek bata besteari nola mihiztatuta dauden aztertuta jakin dute ontzia XVI. eta XVII. mendeen artekoa dela. Hala ere, testuinguru arkeologikoa ez dute ontziaren egur-zatiek soilik osatzen... testuinguru horren parte da ontzi osoa estaltzen duen uharri-tontorra ere. Ikerketaren ondorioz jakin dute uharri horiek guztiak ontziaren lasta zirela. Lasta horren helburua zen ontziak uretan gehiegi ez flotatzea karga gutxirekin zihoanean. Ontziak zeraman kargari dagokionez, ez dute ezer aurkitu.

'Erlojuen itsasontzia' goitik begiratuta. Gaineko harriak ontziak zeraman lasta dira.
M. Izagirre

Bestea 'zumitzen itsasontzia' da. INSUB elkarteak 70eko hamarkadaren hasieratik ezagutzen du itsasontzi hori. Badiaren sarrerako barran hondoratuta dago, gutxi gorabehera Aquariumen parean. Hamalau metroko sakoneran dago, eta aurkitu zutenean karga soilik geratzen zitzaiolako jarri zioten izen hori: zorroztarriak eta burdina forjatuzko zumitzak.

Arkeologia-teknikariek uste dute karga hori inguruko burdinoletakoa zela. Izan ere, zumitzen bidez komertzializatzen zen burdina gehien XVIII. mendean. Gero, burdina hori, ontziolekin lotutako forja-tailerretan erabiltzen zen. Ontziaren egituratik, berriz, ez da ezertxo ere geratzen... ez dago egur zatien inolako arrastorik. Desegin egin da itsasoaren indarraren eraginez, baina baita teredo navalis delako zizareagatik ere... hondarraren azpian ez dagoen egur guztia jaten du zizare horrek.

Baina zergatik hondoratu ziren bi itsasontziak? 'Zumitzen itsasontziaren' kasuan, baztertu egin dira hondamendiaren hipotesia edo ontzia irauli izana. Zumitz-fardelak eta zorroztarriak elkarren jarraian eta bata bestearen ondoan daudenez, uste dute ontzia bere kasa hondoratu zela, maniobra txar baten ondorioz edo. 'Erlojuen itsasontziaren' kasuan, berriz, zailagoa da esatea. Errautsak aurkitu dira itsas hondoan; beraz, baliteke sute baten ondorioz hondoratu izana edo, bestela, ekaitz baten ondorioz.

Jakin-minak jota norbaiti bururatuko balitzaio bi itsasontzien hondakinak ikustera joatea, ezer gutxi aurkituko luke; izan ere, hondakinek osatzen duten multzo arkeologikoa babesteko, legarrez estaltzea erabaki zuten duela urte batzuk.

Orioko itsasadarrean bost txalupa

Kontxako badian aurkitutako ontzietako baten karga: zorroztarriak.
M. Izagirre

Donostiako kostaldetik ekialderantz joz gero, Orio da itsasontzi hondoratuen Donostiako kostaldetik ekialderantz joz gero, Orio da itsasontzi hondoratuen ibilbidean hurrengo geldiunea.

Historikoki, Orioko itsasadarra bide garrantzitsua izan da merkataritzako nabigaziorako, eta, ondorioz, hondoratze askoren lekuko. Itsasadarraren hondoa maiz dragatu behar izaten dute garbitzeko, eta lan horien ondorioz agertu zen 1992an lehenengo txalupa.

INSUBekoek aurkikuntzaren abisua jaso zutenean, berehala urperatu ziren ikertzeko. Bostehun urperaketa-ordu egin zituzten eta 800 argazki atera zituzten, baina hura hasiera baino ez zen. 2003. urtera bitartean, beste lau txaluparen hondakinak eta haien zamak agertu ziren, guztiak XVI. eta XVIII. mendeen artekoak. Zama burdin lingoteek eta burdin mineralak osatzen zuten, eta txalupen hondakinak, berriz, berrehun bat egur-piezak. Ontzi guztiei Orio izena jarri zieten: Orio I, Orio II, Orio III, Orio IV eta Orio V .

Uretan murgilduta ordu piloa pasatu zuten INSUBeko teknikariek ontzi bakoitzaren egitura ikertzen, pieza bakoitzaren jatorrizko antolamendua marrazten eta pieza guztiak etiketatzen. Bestalde, GPS bidez, txalupa bakoitzaren kokapen zehatza erregistratu zuten.

UNESCOk salaketa gisa argitaratutako argazkia: Orio IV txalupa nasaren azpian.
M. Izagirre

2003an, berriz, sorpresa tristea jaso zuten arkeologoek: Oria ibaiaren ezkerraldean nasa berria eraikitzen ari ziren, Orio IV txalupa zegoen tokitik oso gertu. Arriskua ikusirik, INSUBekoek jakinaren gainean jarri zituzten obretako arduradunak, baina alperrik izan zen... nasa berriak bete-betean harrapatu zuen txalupa. Haren heren bat nasaren azpian geratu zen betiko. Arkeologoak sutan jarri ziren. Neoprenoa jantzi, uretako kamera hartu eta berehala egin zioten argazkia Orio IV txalupari, nasaren azpian harrapatuta. Argazkia UNESCOra bidali zuten, eta erakunde hartako lehendakariak, ikusi zuenean, erakundearen argitalpen berezi batean salaketa gisa ateratzea erabaki zuen, kontrazalean.

Haserrea alde batera utzi eta ekindako lanarekin jarraitzea erabaki zuten INSUBekoek. Hurrengo pausoa bost txalupen piezak eta itsas hondoan sakabanatuta zegoen karga uretatik ateratzea zen. Lan horretan ari zirela, hainbat objekturekin egin zuten topo. Orio II txaluparen ondoan eztainuzko pitxer bat aurkitu zuten, ziurrenik ardoa gordetzeko. Ikerketen ondoren, pitxerra 1510. urtekoa dela ondorioztatu dute.

Orio IV txalupan, berriz, zapata baten hondarrak aurkitu zituzten egurren artean. Zapata Kanadara bidali zuten ikertzeko, eta, ardo-pitxerra bezala, XVI. mendekoa dela esan dute. Orain, zaharberritzen ari dira zapata hori. Txalupen 200 piezak itsas hondotik atera ondoren, guztiak Aiako Agorregiko burdinolara eraman zituzten. Gaur egun, hango urmaeletan gordetzen dira, uretan murgilduta. Hala egon behar dute kontserbatu ahal izateko; izan ere, hainbeste denboraren ondoren, ura bihurtu da pieza horien medio naturala. Uretatik kanpo utziko balira, uzkurtu egingo lirateke.

Berrehun bat egur-piezak osatzen dituzte Orioko txalupen hondakinak.
M. Izagirre

Txalupen tipologia aztertu eta gero, guztiak patatxak direla ondorioztatu dute. Ontzi mota hori kostaldean zehar minerala garraiatzeko erabiltzen zen, baina burdinoletaraino ere iristen zen; izan ere, zingo txikiko txalupak zirenez, erreketan gora ibil zitezkeen. Ibietan idi-gurdiak zain izaten zituzten burdin minerala jasotzeko, eta, ondoren, burdinoletaraino eramateko.

Urbietako altxorra

Kantauriko kostaldetik irten gabe, Gernikako itsasadarra dugu beste 'altxor' baten kokaleku.

Gernikako itsasadarra Euskal Herriko ibai-nabigazioko bide garrantzitsu eta zaharrenetako bat izan da historian zehar. Itsasadarraren sakonera handiari esker, ontziak erraz sartu ahal izan dira itsasotik Gernikaraino, kostaldetik barrualdeko lurretara dauden 6 kilometroak gaindituz.

1998ko uztailean, Gernikako itsasadarra bideratzeko lanak egiten ari zirenean, hondeatzeko makina batek hainbat egur-zatirekin topo egin zuen lau metroko lokatz-geruza baten azpian, Urbieta izeneko inguru batean. Ontzi baten hondakinak ziren. Gernikako Udalak obrak gelditu eta azterketa arkeologikoa egiteko agindu zuen. Zientzialariak lanean hasi, eta erradiokarbonoaren analisiek emaitza zirraragarria ekarri zuten: ontzia 1450ekoa zen, Amerikako aurkikuntza baino lehenagokoa. Horrela deskubritu zuten, ustekabean, Euskal Herriko ontzi zaharrena.

Urbietako ontzia. Gaur egun Bilboko Itsas Museoan ikus daiteke.
M. Izagirre

Garrantzi handikoa zelako, ontzia lokatzetatik ateratzea erabaki zuten, berreskuratzeko. Hiru urtez egon zen aska batean, ur desmineralizatuz eta argizari likidoz osatutako nahaste batean. Helburua zen egurrak xurgatutako ura argizari likidoarekin ordezkatzea pixkanaka-pixkanaka. Hala, piezek, jatorrizko bolumena eta forma mantenduko zuten lehortutakoan.

Ontziaren arkitektura aztertu ondoren, gainezarritako sistemarekin eraikitakoa zela ikusi zuten arkeologoek. Sistema horrek Eskandinavian du jatorria, eta handik Atlantikoko beste herrialdeetara zabaldu zen Erdi Aroan. Uste dute Euskal Herriko kostaldera Akitaniatik iritsi zela. Ontzia, jatorriz, 12 metro luze eta 4 metro zabal zen, eta, kostan eta ibaietan ibiltzeko, bela eta arraunez baliatzen zen.

Euskal Herriko ontzi zaharrena duela urtebete erakutsi zuten lehenengo aldiz jendaurrean, eta, gaur egun, Bilboko Itsas Museoan dago ikusgai.

San Juan baleontzi euskalduna, Kanadan urperatua
1974an, Selma Barkham historialaria Oñatiko unibertsitate zaharreko artxibo historikoetan ari zen lanean. Euskal baleontziei buruzko dokumentazioa bilatzen ari zela, bat-batean, emozioz bete zuen datu batekin egin zuen topo. Dokumentu zahar baten arabera, San Juan izeneko euskal baleontzi bat hondoratu zen 1565. urtean Labradorko Red Bay portuan. Karga osoarekin hondoratu omen zen, balea-koipez betetako mila upelekin.
Urpeko kameralari bat INSUBeko urpekari Manu Izagirre lanean filmatzen, Kanadan.
(Argazkia: M. Izagirre)
Barkhamek aurkikuntzaren berri eman zion Robert Grenierri, Parks Canada ikerketa-taldeko zuzendariari, eta hark berehala jarri zuen lanean bere taldea. Ternuako ur hotzetan urperatu eta baleontzia identifikatu zuten. Orain arte aurkitu dituztenen artean ondoen kontserbatutako baleontzia da. Kanadako ur hotzei esker, egoera ezin hobean zegoen Pasaian eraikitako ontzia.
Aurkikuntza zer garrantzitsua zen ikusita, Kanadako Gobernuak indusketa-lan sakona egitea erabaki zuen eta 1979an. Robert Grenierren zuzendaritzapean, arkeologoak lanean hasi ziren. 3.000 pieza identifikatu, marraztu eta etiketatu zituzten; 50.000 argazki atera zituzten eta bideo-kamerarekin 41 orduko grabazioa egin zuten. Guztira, ur-azpian, 14.000 ordu igaro zituzten, eta, kanpoan, laborategian, askoz ere ordu gehiago. Baleontziaren kontserbazio-egoera onari esker, Kanadako arkeologoek datu-piloa jaso ahal izan zuten euskaldunen ontzigintza-teknikei eta bale-arrantzari buruzko ohiturei buruz.
San Juan baleontzian aurkitutako zapata-pare bat, zaharberrituta.
(Argazkia: M. Izagirre)
San Juan baleontzia 25 metro luze zen, eta, hondoratu zenean, orain dela lau mende, Euskal Herrira itzultzeko bidaiari ekiteko prest zegoen. Udako ekaitz bortitz batek, ordea, bete-betean harrapatu eta ontzia hondoratu egin zen. Tripulazioa, 60 gizon, ontzitik ahalik eta gauza gehien ateratzen saiatu zen... sotoetan zeuden balea-koipez betetako upelak, ordea, itsasoak jan zituen. Labradorko ur hotzetan geratu ziren, orain 7 milioi euroko balioa izango luketen upelak.
Ontzitik berreskuratutako objektu asko Red Bayko museoan daude gaur egun, baina San Juan baleontziak, munduko arkeologiaren mugarri bihurtu den ontziak, ur azpian jarraitzen du... eta jarraituko du. Hala erabaki dute Kanadakoek.
Egüés Ergialde, Maider
3
234
2007
9
039
Historia; Giza zientziak
Artikulua
48

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia