}

Heriotzatik ihesi

2002/01/15 Elhuyar Zientzia

1990an, Herbehereetako Pharming enpresa bioteknologikoan genetikoki eraldatutako lehenengo zezena sortu zuten, Herman izenekoa. Hermanen ondorengo emeek beren esnean laktoferrina izeneko proteina antimikrobianoa ekoizteko gai izatea zen ikertzaileen asmoa. Alabaina, 90eko hamarkadan esperimentua bertan behera utzi zuten. Orduan, Herbehereetan espezie transgenikoak arautzeko sortutako legearen arabera, Herman eta bere ondorengoak hiltzera behartuta zeuden. Hermanek, ordea, komunikabideei esker ospe handia zuen, eta gobernuak zigorra barkatu zion.

Hala ere, joan den astean Pharming enpresakoek Herman hiltzeko asmoa zutela esan zuten, bizirik edukitzea garestia dela eta izaki transgenikoak transmititzeko arriskua dakarrela eta. Baina jendea zezena akabatzearen aurka dago, eta bizirik mantentzeko diru-laguntzak biltzen hasi dira. Gainera, laguntza handiena ehorztetxe bateko aseguru-konpainiak eskaini du. Nonbait, hiltzeko momentua iritsitakoan, hileta polit bat egiteko eta ikusi nahi duenari sarrera kobratzeko asmoa dute. Behintzat, Hermanek badu nork zaindu une hori iritsi bitartean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia