Haurtxoen “kalkuluak”
2010/07/11 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Haurtxoen gaitasunen inguruko aurkikuntza eta albisteak gero eta gehiago dira. Besteak beste, lo dauden bitartean ikasi egiten dutela, jostailuak argi hautatu ohi dituztela edo ongi eta gaizki dagoena bereizteko gai direla baieztatzera etorri dira zenbait ikerketa azkenaldian. Oraingoan, ordea, berezko “trebetasun matematikoak” ere badituztela ondorioztatu dute zientzialariek, edo gutxienez oso goiz ikasteko gai direla.
AEBko Emory Unibertsitatean egindako ikerlan baten ondorio nagusietako bat da hori. Psychological Science aldizkariak eman du haren berri.
Ikertzaileek diotenez, 9 hilabeteko haurtxoak “halako baino gehiago” edo “halako baino gutxiago” bezalako kontzeptuekiko sentikorrak dira, objektuen kopuru, tamaina eta iraupenari dagokienez. “Gure aurkikuntzek —esan dute— adierazten dute gizakiok, bizitzako lehenbiziko hilabeteetatik, kopuruari buruzko informazioa erabiltzen dugula gure esperientziak antolatzeko. Badirudi kantitatea indar handiko tresna dela objektuek nola jokatu beharko luketen aurreikusteko”.
Irudiei begira
Ondorio horretara iristeko, haurtxoei askotariko objektu-multzo batzuen irudiak erakutsi zizkieten, ordenagailuko pantaila batean. Objektuei begira zenbat denbora pasatzen zuten neurtu zuten, aurkeztutako informazioa haien garunek nola prozesatzen zuten argitze aldera. Haurrek denbora gehiago eskaintzeak iradoki dezake zerbaitek harridura sortzen diela.
Ikertzaileek ordenagailuko pantaila batean patroi ezberdinetako objektu-multzo batzuk erakutsi zizkieten haurtxoei, haien erreakzioa ikuste aldera. (Argazkia: Mark Evans ) .
Zehazki, ikerlana pertzepzio espazialaren garapena aztertzera bideratu zuten. Eta horrek zein beste dimentsio kognitibo batzuek (zenbakizko-prozesamendua eta denboraren pertzepzioa, kasu) elkarri nola eragiten dieten ere ikusi nahi zuten. “Giza garunak erregulartasun estatistikoak ditu, baina horiek nola lortu dituen ez dago argi; urteetan zehar errepikatutako esperientzia eta asoziazio linguistikoei esker lortzen diren, ala, aitzitik, haurtzarotik ere magnitudeen sistema orokortu bat ba ote dugun ikusi nahi izan dugu”, zehaztu dute. Lortutako emaitzek badirudi bigarren aukera hori indartu dezaketela.
Esperimentuan, ordenagailuan objektu beltz eta marradun handi batzuen irudiak eta beste zuri eta motadun txikiago batzuenak erakutsi zizkieten lehenik. Ondoren, objektu zuri eta motadun gehiago erakutsi zitzaizkien beltz eta marradunak baino. Eta hor ikusi zuten haurrek denbora eta arreta gehiago eskaini zietela irudi zuriei beltzei baino. Hau da, harritu egin ziren patroi hori ikusita, espero baitzuten irudi handienak (beltzak) ugarienak ere izango zirela.
(Argazkia: Mykl Roventine ) .
Ikertzaileek diote “kongruentzia hautsi izanagatik gelditu zirela objektuei begira. Badirudi dimentsio ezberdin horien artean munduan korrelazioa egotea espero dutela”.
Aurkikuntza hori oinarri hartuta, beraz, uste dute gizakiak magnitudeen sistema orokortu batekin jaiotzen garela. “Eta hala ez bada —argitu dute— azkar asko garatzen dugula esan genezake behintzat”.
Emaitza horiek etorkizuneko beste ikerlan batzuetarako ere baliagarriak izan litezkeela dio ikertzaile-taldeak. Informazio kuantitatiboa nola prozesatzen dugun ikertzen jarraitzeko asmoa dute, bai egoera arruntetan eta baita ezohikoetan ere. Izan ere, badira eragiketa matematikoak ulertu eta egiteko zailtasunak dituzten pertsonak, baina esparru hori orain artean gutxi aztertu izan dela adierazi dute.
7K-n argitaratua.