Elhuyar zientziaren komunikazioa

Harri ibiltarien gaia ez da hainbesterainoko misterioa

2010/01/10 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Estatu Batuetan, Kalifornia eta Nevada estatuen artean, Death Valley dago, Heriotzaren Harana, Mojave basamortuaren bihotzean. Izenak berak adierazten duen bezala, kondizioak oso-oso gogorrak dira han bizidunentzat. Eta, dirudienez, harriek ere korrika atera nahi izaten dute handik. Hain zuzen, inork ukitu gabe batetik bestera mugitzen diren harriak daude han, Racetrack Playa deritzon eskualdean. Harriak bere kabuz ibiltzen dira Heriotzaren Haranean

Mike_Black.Dots

Mugitzen diren harriak ez dira harkosko txikiak bakarrik; 320 kilogramo arteko harri-pusketak ere mugitzen direla jasota dago. Eta bitxiena da inork ez dituela sekula mugitzen ikusi. Baina hainbat geologok aztertu dituzte, eta harriei GPSak eta antzeko tresnak jarrita frogatu dute baietz, leku batetik bestera mugitzen direla.

Dena den, begi-bistakoagoak diren frogak ere badaude mugitzen direla egiaztatzen dutenak: bidean doazela arrasto nabarmen-nabarmenak egiten dituzte. Erraz asko ikus daiteke zer ibilbide egin duten, eta, egia esan, oso bitxiak izaten dira: batzuk zuzen-zuzen mugitzen dira, beste batzuek sigi-saga handiagoak egiten dituzte, batzuek norabidea aldatu eta guzti egiten dute, eta abar.

Eta hori guztia aldapa nabarmenik ez duen eskualde batean. Izan ere, Racetrack Playa aintzira bat izan zen garai batean, eta, gaur egun, aintziraren hondo laua izan zena lautada elkor bat da. Harriek ematen dute bizidun ibiltari bakarrak eremu horretan... eta, noski, harriak ez dira bizidunak.

Euria egiten duenean, zentimetro gutxi batzuetako ur-geruza eratzen da. Neguan, izozten denean, izotzak erraztu egiten du harriak mugitzea (Argazkia: USGS).

Misterio-kutsua, azalpen argia

Irudi dezake harri ibiltarien kontu hori azalpenik gabeko misterio bat dela, baina, egiaz, ez du halako misteriorik. Estatu Batuetako Geologia Departamentuak sakon aztertu zuen harrion mugimendua, eta behingoz argitu zuen nola eta zerk eraginda mugitzen diren. Inguru horretan une jakin batzuetan bat egiten duten geologia- eta eguraldi-kondizio jakin batzuek mugiarazten dituzte.

Beren ibilbidean uzten dituzten arrastoek iradokitzen dute lurzorua bustita dagoenean bakarrik mugitzen direla. Beraz, badugu fenomeno horretan beharrezkoa den lehenengo "osagai" bat: euria. Baina, noski, bustita egotea ez da nahikoa; indar eragile bat behar da.

Dirudienez, eragilea haizea da. Atzera-aurrerak egiten dituzten arren, eta noraezean mugitzen direla dirudien arren, ikertzaileek ikusi ahal izan dute harriak iparralderantz edo ipar-ekialderantz mugitzen direla, gutxi gorabehera. Eta, hain zuzen, norabide horretan mugitzen da inguru horretako haize nagusia.

Mugitzen joan ahala uzten dituzten arrastoek argi uzten dute mugitu, mugitzen direla, inork ikusi ez dituen arren (Argazkia: Tetraktys).

Hala ere, harriak ez dira mugitzen euria eta haizea batera dauden guztietan; pare bat urtean behin mugitzen dira, eta neguan beti. Zergatik? Bada, neguan bakarrik eratzen delako izotza, harriak mugitzeko beharrezko hirugarren "osagaia".

Inguru horretan oso euri gutxi egiten du, baina, egiten duenean, aintziraren hondoa izan zen eremuan hiruzpalau zentimetroko ur-geruza bat eratzen da. Neguan berehala izozten da ur hori, basamortuetan ohikoa izaten den bezala tenperaturak oso muturrekoak izaten baitira han: udan bero izugarria egiten du, eta, neguan, berriz, oso hotz.

Hortaz, neguan, harriak izotzez inguratuta gelditzen dira. Izotza urtzen hasten denean, izotz-geruza hautsi egiten da, eta haizeak izotz-xaflak bultzatzen ditu, baita haietan "txertatuta" dauden harriak ere. Azpian ur- eta buztin-geruza labainkor bat dutenez, irristatu egiten dira. Eta bidean arrasto nabarmenak uzten dituzte, gero, berriz ere lehor-lehor dagoenean, hainbat buruhauste eragiten dituztenak.

7K- n argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia