| Eguneroko martxak ez digu gehienetan pentsatzeko astirik ematen. Nahikoa lan izaten dugu eginbeharrei erantzutearekin; eta zenbaitzutan, gainera, hurrengo egunerako utzi behar izaten ditugu, egunak dituen hogeita lau orduak ez baitira aski izaten eginbehar guztiak burutzeko. Gauza bera gertatu zitzaien iazko UEUren udako ikastaroetan Iruñean elkartu ziren kimikariei: 24 ordutan oharkabean erabiltzen ditugun konposatu kimikoak eta kimika aztertzera elkartu ziren, baina orduak falta zituztela konturatu ziren, hain da zabala aztergaia! Dena dela, kimikak gure eguneroko bizitzan duen garrantzia berresteko parada izan zuten. Eta orain, esperientzia hori guri helarazi nahi digute, ea gu ere horretaz jabetzen garen. 
 Kimikari-talde batek 
        eguneroko kimika edo bestela esanda, 24 ordutan oharkabean erabiltzen 
        dugun konposatu kimikoak eta kimika aztertu ditugu Udako Euskal 
        Unibertsitateak, UEUk, bere zilarrezko ezteiak zirela eta Iruñean 
        antolaturiko 25. ekitaldian. Iraganak etorkizuna du izan da 
        bertan erabilitako lema. 1996/97 ikasturtean landu eta garatu genuen ideia; 
        horretarako mintegi iraunkorra osatu genuen eta gure artean galdera bat 
        plazaratu zen: nola heldu gaiari, hau da, zenbat konposatu kimiko desberdin 
        erabiltzen ditugu egun arrunt batean? Nola bana eta deskriba genitzazke 
        horien ezaugarri kimiko-fisikoak era erraz batez? Non aurkitu honi buruzko 
        bibliografia? Gaiaren ildo nagusia edo ardatza definitzeko eta, noski, horrelako galderei erantzuna emateko bilera-pare bat behar izan genituen eta noraezean ibiltzeko arriskuan geundenean, gutako bati burmuinean argia piztu zitzaion: zergatik ez diogu egun arrunt bateko gure jarduerari so egiten eta hau hizkera kimikoz deskribatzen? Zehatzago eta mugatuagoa egiteko, ohetik altxatzen garenetik berriz oheratu arteko tartea ezarri genuen eta konposatu kimikoak eta kimika hasi ziren azaltzen, hasieran apalki eta gero arrapaladan. Goazen bada, kontaketa hura gogoratzera, konposatu kimikoen izenak soilik aipatuz, ez egitura kimikoak ezta formulazioak ere. Inbentarioa Ohean gaudenean arropa 
        erabiltzen dugu, hau da, zuntz naturalak, kotoia esaterako, edota zuntz 
        sintetikoak, hala nola poliesterrak, poliamidak... Hauek aztertzeko, zuntzak 
        makromolekulak direla kontuan hartu beharko genuke eta polimerizazioei 
        esker lortzen direla. Halaber, makromolekulak direla eta, polibinilkloruroa, 
        poliestirenoa edo poliuretanoa sintetikoki ekoizten direla konturatu ginen, 
        baina egon badaude naturalak diren beste batzuk, zelulosa esaterako (paperak). 
        Horrela multzo bat definitu genuen: makromolekulen multzoa, hain zuzen. 
 Ohetik altxatu eta 
        gero, seguraski, garbiketari ekingo diogu guztiok, ura, xaboia, gela, 
        hortzorea, xanpua, eta abar erabiliz, hain zuzen ere; hau da, azido koipetsuen 
        gatz sodikoak erabiliz. Ondoren kosmetikoak, koloniak, alkoholetan disolbaturiko 
        esentzia-olioak, ezpainak koloratzeko argizari bereziak, ilea apaintzeko 
        henna moduko koloratzailea..... Beraz, detergenteak eta kosmetikoak ere 
        landu behar genituela ohartu ginen. Hurrengo jarduera 
        gosaria izan zitekeela aipatutakoan urduri jarri ginen, zer zetorkigun 
        gainera jakinda: edozein elikagai, gutxienez, karbono-hidratoz, gluzidoz 
        eta lipidoz osatuta dago eta hauek gure metabolismoan oxigenoarekin erre 
        egiten ditugu energia eta abar eskuratzeko. Hau guztia, jakina, elikagaien 
        kimika da. Baina hau ez da dena, zeren gosaria berotzeko agian butanoa 
        edo hiri-gasa edo ikatza erabiliko baitugu; hau da, energia ere erreakzio 
        kimikoei esker eskuratzen dugu. Beste batzuek, berriz, 
        bitrozeramikak edo berogailu elektrikoak erabiliko dituzte. Beraz, energia 
        nondik eskura daitekeen ere aztertu beharra zegoela ikusi genuen. Katilu bat edo beirazko 
        edalontziren bat ere erabiliko genuen, edota zilarrezko goilara; eta material 
        ez-organikoen multzoa gure aurrean zabaldu zen. Gosaria aipatu eta 
        hurrengo jarduera aipatzerakoan desadostasunak azaldu ziren, desberdinak 
        garelako, zorionez: gora polidispertsitatea! baina guztietan agertzen 
        ziren kimika eta konposatu kimikoak. 
 Batzuek kalera irten 
        nahi zuten apurtxo bat, itota zeudelako eta haizea hartzera joan nahi 
        zutelako. Hauek oxigenoa kontuan hartu behar genuela esaten hasi ziren 
        eta berehala ozonoa, klorofluorokarbonoak, CFC-ak, euri azidoa, poluzioa, 
        berotegi-efektua etorri zitzaizkigun burura; nolabait esateagatik, atmosferaren 
        kimika delakoaren gaia jorratu behar genuela adostu genuen. Honetan ari 
        ginela, poluzioa gora eta poluzioa behera, batzuk egarritu eta ura etorri 
        zitzaien burura, ur-tratamendua, oxigenoaren eskaera biologikoa, hondakin-urak 
        eta abar ere landu behar zirela aipatu zuten. Kutsadura, poluzioa 
        eta antzeko hitzak, batez ere gas- eta likido-egoerakoak, aipatzen ari 
        ginen bitartean, egoera solidoan horrelakorik gertatzen ote zen galdetu 
        zuen batek eta berehala beste zerrenda luze bat zabaldu zen gure aurrean. 
        Esate baterako, zer gertatzen da biodegradaezin diren plastikoekin? Eta 
        ur-botilen PVC-arekin, kautxuz egindako autoen gurpilekin, edo gaur egun 
        etengabe hedatzen ari diren material konposite berriekin? Konpositeak 
        eta polimeroak, azken finean, oso antzekoak direnez, denak batera lantzea 
        erabaki genuen. Baina hemen, Euskal 
        Herrian noski, ezin ditugu, zoritzarrez, lindano eta antzeko pestizidak 
        aipatzeke utzi eta beraz, egun erabiltzen diren pestizidak, belar-hilkariak, 
        ongarri nitrogenodunak, eta abar ere eguneroko inbentario honetan sartu 
        behar dira. Orain arte egindako 
        konposatu kimikoen zerrenda kimikoki lantzea oso neketsua izan zitekeela 
        sumatu ondoren, batek buruko mina zeukala eta ea norbaitek aspirina bat 
        bazeukan galdetu zuen; bai aukera! zeren gure artean zeuden kimikari organikoek 
        ez baitzuten egokiera hori alferrik galdu. Farmakoak, printzipio aktiboak, 
        drogak (euskaraz droga eta ingelesez drug izendapenak oso kontzeptu zabala 
        dauka), pilulak, jarabeak... den-dena kimika organikoarekin lotuta zegoela 
        adierazi ziguten, eta konposatu kimiko hauetariko batzuk egunero erabiltzen 
        ditugula ere bai, alkohola adibidetzat. Beste azpimultzo berri bat zabaldu 
        genuen ea azido azetilsalizilikoarekin buruko mina baretzen zen. 
 Ez dut ondo gogoratzen, 
        baina uste dut zerrendatze-lan honetan bero-bero geundenean, norbaiti 
        bere erloju elektronikoak pick-pick-pick seinalea eman ziola eta elektrokimikariak 
        zuri-zuri jarri zirela. Egunen batean, erreakzio kimikoei esker lortutako 
        energia elektrikoa erabiliko ez bagenu ez dakit zenbat erloju, irrati, 
        kalkulagailu eta antzeko gailu geratuko liratekeen geldirik. Beraz, pila 
        alkalinoak, bateriak, efektu fotoelektrikoa eta landare berdeen fotosintesia 
        ere redox prozesuak dira eta egunero-egunero erabiltzen ditugu. Eguna aurrera joan 
        da eta neka-neka eginda gaudenez ohera joateko ordua ailegatu dela konturatzen 
        gara, beraz, argia amatatu eta
 Argia! Fluoreszenteak edo wolframiozko 
        bonbilak edo neon gorria edo sodio horiak kimikari esker ikusten ditugu, 
        hain zuzen ere. Nolabait esateagatik, argiaren kimika. Laserrak, su artifizialak, 
        ipurtargiak, poxpoluak, kandelak erreakzio kimiko eta konposatu kimikoei 
        esker ikus ditzakegu; beraz, hor ere landu beharko genuke. Argia amatatu eta 
        gero oraindik ezin dugu lorik hartu, egunean zehar erabiltzen ditugun 
        konposatu kimikoen eta kimikaren irudiak etengabe ari baitira pasatzen 
        gure burmuinean. Eta horien artean gure zilarrezko eraztuna, edo urrezko 
        belarritakoak, edo karea, pintura, porlana ikusten ditugu. Azkenean loak 
        hartzen gaitu eta bihar arte. Ikastaro honetan, 
        dibulgazio-mailan kokatuta, egunero erabiltzen ditugun konposatu kimikoak 
        eta kimika aipatu eta beren ezaugarri kimiko-fisikoak landu nahi izan 
        ditugu, hain zuzen ere, kimika eta konposatu kimikoen garrantzia agertarazteko. 
        Halaber, Estatu Batuetako datuak erabili baino, ahal izan dugun neurrian, 
        Euskal Herrikoak eskuratu nahi izan ditugu, hemengo irudiak, arazo ekologikoak, 
        eta batez ere konposatu kimiko hauek ingurugiroan sortzen duten eragina 
        landuz. Ikastaroa aipaturiko gai guztiak lantzeko laburregia geratu zaigula 
        aitortu behar dugu. Dena dela gauza batzuk, agian deigarrienak, azpimarratu 
        nahi nituzke: 
 
 Penaz, agian, energia 
        berriztagarriei dagokienez parke eolikoa behin eta berriro aipatua izan 
        genuen, baina bertara joateko txango bat antolatzea ezina gertatu zitzaigun. 
         Hala ere, batek esaten 
        zuenez zeozer laga biu datorren urterako. Emandako ikastaro 
        hau unibertsitateetako lizentziatura-ikastaroetan sartu ahal izan da norberak 
        aukera libreko kreditu gisara. Artikulu hau amaitzeko, 
        ikastaro hau gauzatu ahal izateko emandako laguntzagatik eskerrak eman 
        nahi nizkieke Udako Euskal Unibertsitatekoei. | 
Mijangos Ugarte, Fernando
 
         
                     
                   
    
    
   




 
            






