Gizakiaren "bakartasuna", gaur egungo salbuespena
2013/01/01 Gómez Olivencia, Asier - Parisko Historia Naturalaren Museoa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Iazko abuztuan, Meave Leakeyren taldeak Nature aldizkarian hiru giza fosil berri aurkeztu zituen. Fosilak (aurpegi bat, masailezur oso bat eta masailezur-zati bat), Keniako Turkana lakuaren ekialdeko ertzeko hiru aztarnategitan topatu ziren. Geologikoki duela 1,78-1,95 miloi urte artean datatu dira, eta aurpegia izango litzateke fosil-multzo honetan zaharrena. Autoreentzat, fosil berri hauek giza espezie berberaren barruan sar litezke eta 1972. urtean topatutako KNM-ER 1470 garezurrarekin batera taldekatu ahal dira; fosil horren berezitasuna aurpegi laua da. Zientzialari hauentzat, fosil berri hauen garrantzia antzinako giza aniztasun taxonomikoa baieztatzean datza, hau da, Afrikako ekialdean aldi berean giza espezie desberdinak bizi zirela.
Richard Leakeyk KNM-ER 1470 aurkeztu zuenean, 1973. urtean, Homo sp. bezala sailkatu zuen. Horrek esan nahi du, fosila Homo generokoa izanda, H. erectus eta H. habilis fosilekin alderatzean ezberdintasun ugari zeudela. Geroago, zientzialari batzuek proposatu zuten agian "1470" garezur handia eta H. habilis en garezur txikiak espezie bereko baina sexu desberdinetako indibiduoei dagozkiela. Hipotesi hori fosil berriekin deuseztatu da baina. Aurpegi berria "1470" indibiduoarena bezalakoa da, baina askoz txikiagoa, eta, beraz, "1470"aren aurpegi bereizgarriak ez dauka tamainarekin zerikusirik, ez da alometriaren ondorioa. Nahiz eta askotan KNM-ER 1470 Homo rudolfensis izendatua izan, Meave Leakeyren taldearen artikulu berrian izendatze hori saihestu egin dute, eta azpimarratzen dutena zera da, Afrikaren ekialdean orain dela 2-1,7 milioi urte artean bi giza espezie garaikide bizi izan zirela: bata "1470" garezurraren antzekoa, burmuin tamaina handiagoa eta aurpegi laua dituena, eta bestea Homo habilis , burmuin tamaina txikiagoa eta prognatismo (muturraren aurrerako proiekzioa) garatuagoa dituena. Are gehiago, ikertzaile hauek Afrikatik kanpo (Georgia errepublikan) aurkitu diren giza arrasto zaharrenak, 1,8 miloi urtekoak, beste multzo batean sailkatzen dituzte: "early --hau da, hastapenetako-- Homo erectus " gisa.
Homo generoaren hasierako aniztasuna erradiazio adaptatibo baten ondorioa izan zela proposa dezakegu; baina, oraingoz, fosil eta aztarnategi gehiago behar ditugu, giza espezie hauen paleobiologia, ekologia eta kultura materiala ezagutzeko. Dena dela, gure leinuan espezie anitz egotea ez zen une batean, hasieran, suertatu zen bitxikeria izan. Aitzitik, badirudi gaur egungo egoera, espezie bakarrekoa, salbuespena dela gure leinuan, Homo generoan. Izan ere, gaur egungo "bakartasuna" oso egoera "berria" da (ikuspuntu geologiko batetik), 12 mila urtekoa. Flores uhartean dagoen sumendiaren erupzioa orain dela 12 mila urte gertatu baitzen. Erupzio hori uharte horretan bizi ziren Homo floresiensis tamaina txikiko gizakien iraungipenari lotuta omen dago. Floresko giza fosilak metro bateko altuera eta txinpantze baten burmuin-tamaina zituen, eta, beraz, "Hobbit" ezizena aproposa suertatzen zaio. Nahiz eta uhartean topaturiko arrasto arkeologiko zaharrenak 800-900 mila urtekoak izan, orain arte espezie horren fosilak duela 74 eta 12 mila urte artekoak dira. Jatorriari dagokionez, "Hobbit"ak uhartean bertan gertaturiko nanismo-prozesuaren ondorioa izan litezke, beste giza espezie batetik eratorriak (agian H. erectus , agian beste espezie bat).
Giza aniztasuna areagotzen da atzera jotzen badugu denboran. Adibidez, orain dela 50 mila urte gure espeziea ( Homo sapiens ), Afrikatik irten ondoren, Australiaraino iritsia zen. Momentu hartan Europan oraindik Neandertalak topa genitzakeen. Neandertalak ( Homo neanderthalensis ) iraungi den giza espezierik ospetsuena da funtsezko hiru arrazoirengatik. Lehenik, XIX. mendearen erdian deskribatu eta guk ezagutu dugun iraungitako lehen espeziea da. Bigarrenik, ez dakigu zein diren Neandertalak iraungitzearen arrazoiak. Eta, hirugarrenik, egun dakigunaren arabera, Neandertalak eta gure espeziea garaikideak izan ziren Europan eta hamaika eztabaida egon dira bi espezieen arteko topaketa posibleen inguruan: ea gertatu ote ziren, eta hala izan bazen epe ertain zein luzeko ondorioak zein izan ziren. Are gehiago, gure espezieak Neandertalen desagertzean parte hartu izanaren posibilitatea (zuzena izan ala ez) gori-gori dagoen eztabaida zientifikoa da gaur egun, eta gure espeziarekiko lehia ekologikoa edo demografikoa gertatu zela proposatzen da. Klima-hozketa baten ondorioz, sapiens ak Europara sartu zirenean Neandertalak ahulduta zeudela ere proposatu izan da. Beraz, orain dela 50 mila urte, gutxienez hiru giza espezie desberdin topa ditzakegu. Alde batetik, agian Asiako ekialdean oraindik Homo erectus a ez baitzen iraungi, eta bestetik, paleontologia molekularrak sapiens eta Neandertala ez den hirugarren leinua topatu baitu: "denisovanoak". Hauen arrasto fosilak, haatik, murritzak dira, eta, genetikoki ezagutu arren, morfologikoki oraindik ezezagunak dira.
Are atzerago joanda, egoera berdina dugu: Pleistozeno ertainean ere gutxienez hiru giza lerro ebolutibo desberdin topa ditzakegu. Europan, Neandertalen arbasoak; Afrikan, gure aitzindariak; eta Asian, Homo erectus a. Honekin guztiarekin ziurta dezakegu gaur egungo egoeraren ezohikotasuna. Azkeneko 50 urteetan berreskuratu diren fosilei esker, gaur egun jakin badakigu gizakiaren historia ebolutiboa askoz korapilatsuagoa (eta interesgarriagoa) dela, lerro ebolutibo ugariduna. Beraz, Homo habilis-H.erectus-H.sapiens eboluzio linealaren eredua zeharo gaindituta dago. Hau da, giza eboluzioaren "zuhaitzak" gero eta "sastraka" itxura handiagoa du, eta "sastraka" honetan adar bakarra egotea, araua baino areago, salbuespena da. Egun, giza lerro guztien patua ez dugu ezagutzen (horretan gabiltza), baina zenbaitetan giza espezie batzuen iraungitzearen atzean gaur egun arduratzen gaituzten gai berak aurki ditzakegu: lehia ekologikoa, presio demografikoa, klima-aldaketa, hondamendi naturalak... Paleontologiak, geologiarekin eta arkeologiarekin batera, egungo mundua hobeto ulertzeko erremintak eskaintzen dizkigu. Baina etorkizunerako iraganetik ikas dezakeguna kontuan hartzea gure eginkizuna da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia