}

Giza klonazioaren alde

1999/01/01 Arturo Elosegi Irurtia - Ekologiako katedradunaZientzia eta Teknologia Fakultatea. EHU Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ez dakit milurtekoaren amaieragatik ote den, baina gero eta profeta gehiagok munduaren akabera iragartzen digu. Estiloak aldatu dira: profeta berriek basamortua, matxinsaltoak eta estoizismoa alde batera utzi, eta gobernuz kanpoko erakundeak, kultur etxeak eta nazioarteko elkartasuna dute bizimodu. Baina profezia ez da aldatu: apokalipsia heldu zaigu. Ez, noski, Sodoma eta Gomorrako modu zaharkituan, ezta ere duela hogei urte loa galarazten zigun gerra nuklearraren ondorioz. Zinemako efektu berezietan bezala, honetan ikaragarri aurreratu dugu.

Gaurko apokalipsiaren zaldunak ozono-zuloa, Amazoniaren deforestazioa, gizartearen zahartzea eta ingeniaritza genetikoa dira. Azken honen inguruan aldizka sortzen den histeria kolektiboa ikusgarria da. Ontzi batek arto transgenikoa ekarri duela, denak aztoratuta; ardi eskoziar bat klonatu dutela, denak urduri; aberats amerikano bat bere burua klonatu nahian dabilela, denak izututa. Eta izuaz haratago, tertuliano guztiek teknika berri horien arazo etikoak azpimarratzen dituzte.

Etika zer den ere ez dakidan tonto honek agian ez ditut ikusiko ezkutuan ditugun arrisku ikaragarriak, baina mugimendu honi kutsu zaharra hartzen diot. Mezua garbia da: teknologia berria Satan beraren asmakizuna da, apokalipsia bultzatzeko. Lurrunezko makina edo hegazkina (eta segapotoa, ziurrenik) asmatu zenean bezalatsu.

Ni ez naiz sekula oso teknologiazale izan, baina izu hau guztia gehiegitxo iruditzen zait. Betiko nekazaritza tradizionalak erabili dituen labore gehienak transgenikoak izanik, landare transgenikoen aurkako altxamendua oso nekez uler dezaket. Ez naiz plasmidoak zer diren azaltzen saiatuko, baina nahi duenak aisa aurki dezake informazioa hontaz. Berdin, landareen klonazioa pekatu mortala omen, baina mahastietan (Errioxako labeldunik labeldunenetan ere) betidanik erabili diren txertaketa-teknikak hortik oso hurbil daude.

Baina jauzi kualitatiboa animaliekin, eta batez ere animaliarik animalienarekin lan egitean gertatzen omen da. Itxuraz, ahaztu egin zaigu lehen probeta-haurrak sortu zuen kalapita, hark ekarri behar zituen arazo etikoak. Edo agian haurrak ezin eduki zituen bikote lagun baten pozak ahaztarazi dizkigu beldur haiek? Klonazioa galarazteari arazo handiak ikusten dizkiot: teknologia eta merkatua prest daudenez, lortuko genukeen gauza bakarra aberats batzuen pribilegio bilakatzea izanen litzateke. Horretarako, nahiago nuke Gizarte Segurantzak ordaintzea.

Eta gainera, ez ditut inondik ikusten "norberaren kopiak" sortzeak dakartzan arriskuak. Edonork bere burua klonatuta, haurra bera bezalakoa aterako dela pentsatzen badu, eta are gehiago, "bera" izanen dela, ederra dauka! Ahaztu egin al zaigu gorpuzkeran (eta batez ere izaeran) inguruneak duen eragina? Norberaren iragana errepikaezina denez, antzeko aurpegia baino askoz gehiago ez genuke lortuko. Are gehiago, ez dezagun ahantz bizilegea dela haurrak gurasoek nahi ez bezalakoak haztea. Imajinatzen ditut kongresista zuhurren haur klonikoak, punki, pailazo edo hare-krishna bihurtuta! (Edo punkiaren seme klonikoa, Opus Dein numerario sartuta, berdin dit). Gurasoek ongi merezita, noski.

Azkenik, askotan aipatzen da klonazioak esklabo- edo gerlari-kastak sortzeko bidea irekiko lukeela. Hemen, berriro, kontua ez da teknika, helburua baizik. Esklabotza mundu osoan indarrean egon zen, inongo ingeniaritza genetikorik gabe. Baita gorputz zein izaera bereziak lortzeko modu onartezinak ere: kanturako zikiratutako mutikoak, obeditze itsuan trebatutako soldaduak, gimnasiarako gosea pasatutako neskatoak, xaboia egiteko erabilitako juduak, martiritzarako hezitako palestinarrak, adibideak erruz aurki daitezke.

Inor horrelakoak egiteko bezain ankerra bada, bere helburuak klonazioz baino aiseago eta merkeago lor ditzake modu tradizionalei eutsiz. Hezkuntza deformatiboan izandako esperientzia luzeak erakusten duenez, ingurunea behar bezala kontrolatuz gero nolanahiko pertsonak eraiki ditzakegu. Klonazioak ez digu, beraz, honetan bide berririk irekitzen, maltzurrarentzat bide guztiak aspaldi zabalik baitzeuden.

Arazoa, behin berriro, ez dago teknikan, eta teknika galaraztea mezularia hiltzearen pareko da. Nola? galdetu beharrean, zertarako? galdetu beharko genuke. Geneen klonazioa baino arriskutsuagoa iruditzen zait ideien klonazioa. Baina ezin hau zenbaiten kaskoan sartu, klonazioa galaraztea baita guztiok purifikatuko gaituena. Martxa honetan legez kanpo utziko ditugu bikiak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia