}

Gipuzkoako Poliklinikako lagunduriko ugalketa-unitatea Azken tekniken unitatea

2000/04/01 Murua Aitziber Iturria: Elhuyar aldizkaria

1982. urtean, Bartzelonako Dexeus Institutuan, Estatuko lehen probeta-haurra jaio zenetik orain arte, lagunduriko ugalketaz asko hitz egin eta idatzi izan da. Gizartean oso zabaldurik dagoen gaia izan arren, oraindik badira lagunduriko ugalketaren inguruan askorentzat ezezagunak diren eta ezagutu beharrekoak diren azken datu interesgarriak.

Gero eta bikote gehiago dira, beren seme-alabak izateko lagunduriko ugalketaz baliatu beharrean direnak. Gehitze hori gizartean izan diren aldaketa nagusi batzuek eragin dute.

Aipatu bezala, lagunduriko ugalketaren bilakaeran erabiltzaile-kopurua gehitzea nabarmena izan bada ere, medikuntzaren arlo honetako ikerketa eta erabilitako tekniken garapena ere ildo beretik joan dira.

Gipuzkoako Poliklinikako Ginekologia Kontsultategiko lan-taldea gidari izan dugu, lagunduriko ugalketari buruzko azalpen zehatzak emanez eta etorkizunerako iragarpenak zeintzuk diren adieraziz.

Gipuzkoako Poliklinikako lagunduriko ugalketa-unitatean erabiltzen diren tekniken lorpen-maila altua da. Egun, teknika horien bitartez, lagunduriko ugalketa-unitatean, neurri handi batean emaitza arrakastatsuak bermaturik daude. Ondorioz, lagunduriko ugalketa-tekniken bitartez lortzen den haurdunaldi-kopurua, haurdunaldi arrunten kopuruarekin alderatuz ia parekoa da.

Bestetik, aldi bereko haurdunaldiekiko ezagutza- eta kontrol-maila ere asko areagotu dira.

Hain zuzen, lagunduriko ugalketaren hastapenetan biki, hiruki eta hortik gorako aldi bereko haurdunaldiak asko ugaritu zitezkeenaren ideia gizarteratu bazen ere, gaur egun arrisku hori ia bazterturik dago. Ondorioz, lagunduriko ugalketaren bitartez sortzen diren aldi bereko haurdunaldien kopurua oso murritza da.

Gainera, sor daitezkeen haurdunaldi anitzen kasuetan, beti ere gurasoek horrela eskatuz edo egoera berezien aurrean, enbrioiak bikiak izateraino murrizteko gutxiagotze-teknikak erabiltzea, Espainiako lagunduriko ugalketa-unitateen elkartean, adostasunez onartu da.

Dena den, gutxiagotze-teknika hauek, batez ere etika aldetik sor daitezkeen irizpide kontrajarriak kontuan izanik, oraindik, Estatu-mailako lagunduriko unitate batzuetan bakarrik aplikatzen dira.

Gipuzkoako Ginekologia Kontsultategia

Gipuzkoako Poliklinikako lagunduriko ugalketa-unitatea bertako Ginekologia Kontsultategian dago. Aipatu kontsultategia osatzen duten profesionalak, abian jarri zenetik gaur egunera arte, ginekologiaren era berri eta modernoa eskaini nahian etenik gabe saiatzen ari dira. Profesional horiek espezializatu eta emakumeak izan ditzakeen patologiei aurre egiteko gai den taldea sortu zuten.

Ginekologia Kontsultategia osatzen duten bederatzi sendagileetatik, lagunduriko ugalketa-unitateko zuzendaritzaz arduratzen dena Jose Mari Gomez da. Aldiz, kontsultategiko zuzendari nagusia Alfredo Otalora da, bere espezialitatea endoskopia ginekologikoa delarik. Gainerako unitateak ondoren izendatzen diren zazpi profesional espezialistek gidatzen dituzte: Antonio Estombak ekografia, Fatima Azkuek gazteen ginekologia, Fernando Cristobalek menopausia, Migel Gabarain eta Mertxe Maiztegik emagintza, Mari Jose Ruizek psikosexualitatea eta Domingo Murgiondok bularretako gaixotasunen unitatea.

Kontsultategiko gune nagusia Gipuzkoako Poliklinikan badago ere, Gipuzkoako Ginekologia Kontsultategiak Donostiakoaz gain Arrasate, Eibar eta Irunen ere kontsultategiak baditu. Bertara hurbiltzen diren emakume gehienak Euskal Autonomia Erkidegoa, Logroño, Santander eta Burgoskoak dira jatorriz.

Donostiako unitatea Bartzelonako Dexeus Institutuarekin harremanean

Gipuzkoako Poliklinikako lagunduriko ugalketa-unitateak sortu zenetik Bartzelonako Dexeus Institutu ospetsuarekin zuzeneko harremana izan du. Hain zuzen, Donostiako unitatearen sortzaile eta buru den Jose Mari Gomez sendagilea, Dexeus Institutuko lagunduriko unitatearen sortzaile ere izan zen; besteak beste, Jose Mari Gomezek, bere espezialitaterako trebakuntza aipatu Institutuan jaso zuen.

Poliklinikako unitatean ekografian espezialista den Antonio Estomba ere, Jose Mari Gomez bezala, Bartzelonako Institutuan hezia da. Beraz, Jose Mari Gomez eta Antonio Estombak, Estatuko lehen probeta-haurra sortu zuen Dexeus Institutua beren espezialitateerako eskola izan dute. Bertan lortutako heziketa profesionala, egun Donostiako unitatean erabilgarri bihurtzen dute, besteak beste, lagunduriko ugalketarako Dexeus Institutuan erabiltzen dituzten estimulazio-era berdinak erabiltzen dituztelarik.

Aipatu bi sendagileekin batera, lagunduriko ugalketa-unitatea, hirugarren profesionalak osatzen du, Ainhoa Larrea biologoak.

Lagunduriko ugalketaren beharra areagotuz

Mendebaldeko gizartean, ugalketa-adina duten bikoteen % 15ak ugalmen-arazoak dituela onartuta dago.

Antzutasunaz hitz egiten da bikote gazteak bi urtez izandako sexu harremanen ondorioz haurdunaldirik lortzen ez duenean. Hala ere, bi urteko epe hori emakumearen adinaren arabera desberdina da. Hau da, haurdun gelditu nahi duen emakumeak 30 urteko adina izanez gero, epe hori 12 hilabetera jaisten da. Aldiz, emakumeak 35 urtetik gora edukiz gero, epe hori 6 hilabetera mugatzen da.

Urte hauetan, ugalmen-arazoak dituzten bikoteak gehitu egin dira. Ondorioz, aipatu epeak igaro ondoren haurdunaldirik lortzen ez duten bikoteen kopurua areagotuz doa. Arazo horien gorakadan gizartean izan diren aldaketa batzuek zuzen-zuzenean eragin dute. Eragile nagusiak bi dira, garrantzitsuena emakumearen adinarekin zerikusia duena delarik.

Emakumearen amatasun-adina gero eta gehiago atzeratu izana da lehen arrazoia. 29 urtetik 35 urtera bitartean, emakumearen ugalkortasuna % 50 jaisten da. Aldiz, 40 urteko emakumean ugalkortasuna 0 ingurukoa da. Azken datu honek ez du esan nahi 40 urtetik gorako emakumeengan haurdunaldirik ematen ez denik, baizik eta haurdunaldi horiek amaierara onik iristea zailagoa dela; batetik obuluen kalitate-maila jaitsi egiten delako, eta bestetik abortu gehiago izaten direlako.

Ugalkortasun-arazoen gehitzea eragiten duen bigarren arrazoia, semenaren kalitate-jaitsiera da. Kalitate-jaitsiera hori batez ere poluzio, elikadura eta bizitzeko erak sor dezaketeela ikertu izan da.

Lagunduriko ugalketa-teknikak

Lehen adieraziriko epeetan haurdunaldirik lortzen ez denean, Poliklinikako lagunduriko ugalketa-unitatean, bikotekideei azterketa berezia egiten zaie. Bertatik lortuko diren emaitzek bikotearentzat izango duten garrantzia kontuan izanik, egun Donostiako unitatean, azterketa hori hilabete batetik bira bitartean amaituta izatea lortu dute.

Bikotekideei eginiko azterketatik lorturiko emaitzak mahai gainean izanik eta ugalmen-arazoen arrazoiak zeintzuk diren ezagutu ondoren, kasuan kasurako egokiena den ugalketa-teknika aukeratzen da.

Gipuzkoako Poliklinikako ugalketa-unitatean, lagunduriko bost ugalketa-teknika erabiltzen dira. Kasu guztietan, obuluen suspertzea bultzatu eta batez ere goi-mailako bereizmeneko ekografia bitarteko kontrol jarraituak egiten dituzte.

Donostiako unitatean, lagunduriko ugalketa-tekniketan erabilienetarikoak gizonaren semenaren bitarteko intseminazioa (IAC), "in vitro" ernalkuntza (FIV) eta ICSI metodoa dira. Emaile batetik lortutako semenaren bitarteko intseminazioa gero eta gutxiago erabiltzen da.

Azter ditzagun banan-banan lagunduriko ugalketa-teknikak.

Obulazioa eragitea

Ugalmen-ezintasuna duten emakumeen % 20ak obulutegietako arazoak ditu. Hormona-tratamenduen bitartez eragindako obulazioak, obarioetan obozito gehiago sortzea bultzatzen du. Horrela ernalkuntza eta, ondorioz, haurdunaldia errazten du.
Teknika honetaz baliatzen diren bi emakumeetatik batek sei hilabeteko epean haurdun geratzea lor dezake.

Bikotekidearekiko intseminazio artifiziala (IAC)

Ugalmen-arazo txikiak dituzten bikoteen kasuetan aplikatzen den teknika hau erabilienetarikoa da.

Teknika honen bitartez, obarioen susperketa-zikloan emakumearen umetokian espermatozoide baliagarriak txertatzen dira.

Teknika hau erabiltzen duten hiru bikoteetatik batek, lau eta sei hilabete bitarteko tratamendu-zikloaren barnean haurdun geratzea lor dezake.

Emaile batekiko intseminazio artifiziala (IAD)

Gero eta gutxiago erabiltzen den lagunduriko ugalketa-teknika hau, ugalmen-arazoak gizonak dituenean aplikatzen da.
Teknika honen ezaugarriak aurrekoarenak bezalakoak dira. Desberdintasun bakarra semena emailearena izatea da.

"In vitro" ernalkuntza (FIV)

Ugalmen-arazoak bai emakumeek eta bai gizonezkoek dituzten hainbat kasutan erabiltzen den teknika da. Teknika honen bitartez emakumearengandik ahalik eta obulu gehien lortzen saiatzen dira. Ondoren obuluak laborategian, "in vitro", gizonaren semenaren bitartez intseminatzen dira. Ernaltzea lortu eta bilakaera egokia daramatela baieztatu ondoren, emakumearen umetokira aldatzen dira. Egun laborategitik emakumearen umetokira aldatzen den enbrioi-kopurua inoiz ez da hirutik gorakoa izaten. Enbrioi-kopurua mugatua izatearekin, neurri handi batean, haurdunaldi anizkoitz gutxi sorraraztea bermatzen da.

ICSI teknika

ICSI teknika, espermatozoide gutxi dituzten bikotekideen kasuetan erabiltzen da. Honen bitartez espermatozoide bat hartu ondoren laborategian obulu baten barnera sartzen da, ondoren emakumearengana aldatzen delarik. Teknika honi esker semen-arazo larriak dituzten kasuetan ere haurdun geratzea lortzen da.

Haurdunaldi anizkoitz gutxi

Lagunduriko ugalketaren hastapenetan biki, hiruki eta hortik gorako aldi bereko haurdunaldiak asko ugaritu zitezkeenaren ideia gizarteratu bazen ere, gaur egun, arrisku hori ia bazterturik dago. Kontsultategi Ginekologikoko ugalketa-unitatean erabiltzen diren tekniken bitartez kontrol- eta lorpen-maila altua bermaturik daude eta lagunduriko ugalketaren bitartez sortzen diren aldi bereko haurdunaldien kopurua oso murritza da.

Ehun emakumeetako bakoitzetik hiru enbrioi lortuz gero, ziklo bakoitzeko % 30eko haurdunaldi-kopurua lortuko litzateke. % 30eko kopuru horretatik % 85 enbrioi bakarreko haurdunaldiak izango lirateke, % 13 biki-haurdunaldiak eta % 2 hiruki-haurdunaldiak.

Sor daitezkeen haurdunaldi anizkoitzen kasuetan, beti ere gurasoek horrela eskatuz edo egoera berezien aurrean, enbrioiak bikiak izateraino baino ez gehiago murrizteko gutxiagotze-teknikak erabiltzea, Espainiako lagunduriko ugalketa-unitateen elkartean (AECRA) adostasunez onartu da. Gutxiagotze-teknika horien bitartez enbrioiak bikiak izateraino murriztea lortzen denez, haurdunaldia amaierara onik iristeko aukera asko areagotzen da. Dena den, gutxiagotze-teknika hauek, batez ere etika aldetik sor daitezkeen irizpide kontrajarriak kontuan izanik, oraindik, Estatu-mailako lagunduriko unitate batzuetan bakarrik aplikatzen dira.

Eragile psikologikoen garrantzia

Kontsultategi Ginekologikoko profesionalek, lagunduriko ugalketaren bitartez emaitza onak lortu ahal izateko ezinbestekotzat jotzen duten ezaugarri bat azpimarratzen dute. Hain zuzen, lagunduriko ugalketan eragile psikologikoek duten garrantzia. Bilakaera horretan bikoteak gorabehera askoko uneak jasango dituenez, emaitza onak lortzeko eragile nagusietarikoa, bikote eta ugalketa-unitateko sendagileen artean harreman ona izatea dela adierazten dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia