Gezurrezko katebegi galdua

2019/09/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Oro ez da urre. 1912an, Piltdownen, Ingalaterran, hezur-aztarna batzuk aurkitu zituen harrobi bateko langile batek, eta Charles Dawson arkeologo afizionatuari eraman zizkion. Dawsonek Woodward paleontologo famatuarekin batera aurkeztu zituen Londresko Geologia Elkartean. Eoantropus dawsonii izenaz bataiatu zuten, eta gizakiaren aitzindari zen hominido gisa sailkatu zuten. Laster, testuliburuetan ere agertu zen gizakiaren aurrekari gisa.
Arg. Wikipedia

Buru-hezur baten zati bat, masail-hezur bat eta betortz bat ziren. Zituzten ezaugarriengatik, tximinoaren eta gizakiaren arteko espezieren bat zen, eta laster hasi ziren katebegi galduaz hitz egiten, hau da, hominidoetatik gizaki modernora iritsi arteko lerroan falta zen espeziea zela esaten.

Baina, urte batzuk geroago, A. T. Marston haginlariak frogatu zuen masail-hezurra orangutan batena zela, betortza tximino batena eta buru-hezurra gizaki moderno batena (Homo sapiens). Espezieen arteko puzzle bat zen! Hezurrei egindako azterketa berriek frogatu zuten iruzurra izan zela: hezurrak espezie eta garai desberdinetakoak ziren, eta kimikoki tratatuta zeuden, kolore berdintsua izan zezaten.

Oraindik ez da argitu nork gauzatu zuen iruzurra. Askok Dawsoni leporatzen diote errua. Beste batzuek, ordea, Sollasek gauzatu zuela uste, Woodward-en arerio batek, hura barregarri uzteko. Hala eta guztiz ere, argi dago behin ere ez zela existitu Eoantropus dawsonii, eta, hortaz, katebegi galduak galdurik jarraitzen duela oraindik.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia