Elhuyar zientziaren komunikazioa

Gernikako itsasadarra: ingurune babestua

1989/05/01 Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Eusko Jaurlaritzak Gernikako itsasadarra bereziki zaintzeko proiektua zuela prentsan irakurri genuen. Gaia guztiz interesgarria zenez, informazio gehiagoren bila jo genuen Eusko Jaurlaritzako Juan Jose Otamendi Ingurugirorako Sailburuordearengana.

Abozeta. (Argazkia: J.L. Teres).

Elhuyar- Egunkaritan Parke Natural hitza aipatu izan da. Zein da benetako babes-maila?

J.J. Otamendi.- Argitu behar dizudan lehenengo puntua zera da: Gernikako itsasadarrak ez duela parke naturala izan behar. Lege berezia egin dugu Gernikarentzat; estatuko legerian dauden lau babes-figurak ez bait dira Gernikako kasurako egokiak. Beraz, neurrira diseinatutako legea prestatu dugu, aurretik egin diren azterketetan oinarriturik.

Elh.- Zein babes eskaitzen du lege horrek?

J.J.O.- UNESCOk biosfera-erresebentzako jarrita dauzkan erizpideei moldatzen zaie. Legearen izena “Urdaibai Biosfera-Erreserbaren Babespen eta Ordenaketarako Legea” da.

Lege honen bidez Oka ibaiaren arroa eta Matxitxako eta Ogoño lurmuturren arteko kostaldea hartzen dituen espazio administratiboa antolatzen da. Lurralde horretan bereziki babestu beharreko zonak (kostaldea, Izaro irla barne, marearen eraginpean dagoen errioaren zatia eta artadiak) definitzen dira.

Hegazti-espezie askok Gernikako itsasadarrean bizileku edo atsedenleku paregabea du. Lertxuntxoa. (Argazkia: I.X.I.).

Zona horietan egin daitekeena definitzen du lege horrek. Ez dugu debekatua zer dagoen esatea nahi izan, beti ere zerbaitek ihes egin diezagukeelako. Zona horiei zeintzuk erabilpen eman dakizkiekeen esan dugu.

Elh.- Zein ekintza-mota izango dira onartutakoak?

J.J.O.- Errioaren kasuan esaterako, lizentziarik behar ez duten aisiarakoak onartuko dira. Arrantzak lizentzia berezia behar du adibidez eta lortu egin beharko da, baldintza berezietan noski, arrantzarik egin nahi bada. Dragatuak onartuko dira, nahiz eta printzipioz bestela badirudi ere.

Gernikaldeko biztanleen garapen ekonomikoak eta itsasadarrari eman nahi zaion babesak bat etorri beharko dute. Trenbidea Gernika eta Sukarrieta artean. (Argazkia: I.X.I.).

Izan ere, egungo untziolek egiten duten lanak iraun dezan nahi dugu. Helburu hori duten dragatuak onartuko ez balira, untziolak itxi egin beharko lirateke. Dragatuok baimen espezifikoa beharko dute. Kanalaren hondoa bakarrik dragatu ahal izango da eta gainera erauzitako materiala ezingo da edozein tokitan bota; horixe bait zen orain arte egin diren dragatuek sortutako kalterik handiena.

Elh.- Dena den, untzien tonelaia mugatu egin beharko da....

J.J.O.- Tonelaiari ez zaio mugarik ipini. Motorezko untziak zenbait zonatan ibiltzeari jarri zaizkio ordea. Hala ere, horrelako arazoak geroxeago aztertu beharko dira. Guk egin nahi izan duguna, errioarentzako ekintzarik kaltegarrienei, betelan eta eraikuntzeei, balazta jartzea izan da. Bestalde, artadietan zilegi izango den ekintza bakarra entresaka, basoren mantenua helburu duen entresaka alegia, izango da.

Nekazaritza. (Argazkia: A. Galartza).

Nere aburuz, legeak duen beste alderdi oso positiboa, zera da: erabilpenak definituak eta aldaezinak izatea. Esaterako, lege hau atera behar dela jakinik, artadi-jabe batek bere sailari su emango balio (gero sailaren babes-maila birdefinitu eta pinua aldatzea izango duelakoan), ustegabe ederra izango du. Ez da birdefiniziorik egongo eta sail hori beti artadi babestu moduan kontsideratuko da. Artadia galduko litzateke, baina kaltearen sortzaileak ezingo luke gero etekinik atera. Honekin, pikareskari itzuri nahi zaio.

Elh.- Zer eragin izan dezake lege horrek Gernikaldean?

Padura. (Argazkia: A. Galartza).

J.J.O.- Beno, Legea garatzeko unean hori gure kezketako bat izan da. Horrexegatik bigarren faserako garapen sozioekonomikorako plan bat burutuko dugu. Izan ere, bertako biztanleek egun aukera ekonomiko batzuk dituzte eta ezin dizkiegu erabat kamustu. Adibidez, lurjabe batek ezin izango du txaletik eraiki nahiz eta 25.000 m 2 -ko orubea izan, eta Euskal Herrian beste edonon egin ahal izango luke legea eskutan duelarik. Bertako biztanleriari irtenbidea eman behar zaio beraz.

Babes-neurriekin bateragarria den garapen ekonomikoa planteatu behar zaio jendeari. Basagintza, nekazaritza eta turismo ekologikoa izan daitezke irtenbidea. Erabilpen-plan baten zirriborroa eta eskema eginak ditugu, baina ez dugu legearekin batera plazaratu nahi izan. Turismoa garatzea bultzatu behar dugu, babeserako erreminta izan daitekeela uste dugulako. Honek jendearen parte hartzea eskatzen du, jendeak gero onar dezan.

Elh.- Pentsatzen dudanez legeak zigorrak ere planteatuko ditu.

Lertxun gorria. (J.L. Teres).

J.J.O.- Noski, legeak badu zigorrerako atala. Alde batetik, gure sailak eta Nekazaritza Sailak jar ditzakete isunak eta 10.000.000 pta.tik gorakoak Jaurlaritzaren Gobernu-Kontseiluak jarriko ditu. Dena den, goi-muga 50.000.000 milioi dira. Zigorrak gainera metagarriak dira. Pentsa ezazu baten batek betelana egiten duela eta etxe bat erakitzen hasten dela. Isuna eraikitzaileari, orubearen jabeari eta lizentziari baiezkoa eman dion udal-enplegatu edo kargu politikoari jarriko zaio. Gainera, isuna ez da guztien artean banatuko; guztiek ordaindu beharko dute. Bestalde, kaltea egiten duena tokia lehen zegoen egoeran uztera behartuta dago.

Elh.- Zein beste alderdi interesgarri azaltzen ditu lege berri horrek?

J.J.O.- Bueno, patronatu bat sortzen da. Patronatu horrek ez du erabakitzerik izango. Aholku-organoa izango da eta helburua jatorri desberdineko jende eta erakundeek itsasadarraren garapenean beren eritziak emateko tokia izan dezaten da.

J. J. Otamendik beste gauza interesgarri asko ere kontatu zizkigun; bere sailak etorkizunerako dituen planak esaterako. Guk guzti horiek beste batean kontatzeko utziko ditugu; Gernikako itsasadarra bait zen gure helburua. Dena den, Juan Jose Otamendik eskaini zigun harrera beroa eskertu nahi diogu bukatu aurretik.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia