}

Garapena txorien hiltzaile

1999/10/17 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Euri-zaparrada, begirada zerurantz zuzendu eta erraz ikus daitezke txori-ilarak argindarraren kableetan edo zutoinetan pausaturik. Bukoliko samarra dirudien arren, garapenaren ondorioa da, kableak, zutoinak eta abar gizakiaren asmakizuna baitira. Horrelakoak arrotz ez iruditu arren, txorientzat uste baino kaltegarriagoak suertatzen dira. Urtero milioika txoriri heriotza antena, zutoin eta abarrekin talka egin eta gero iristen zaie.

Ornitologoak ez daude batere gustura komunikazio-tramankulu berriekin. Izan ere, dorre elektrikoak, telekomunikazio-dorreak eta errepikagailuak hilgarriak dira munduko milioika txorirentzat. Heriotzak, hala ere, urte osoan zehar ez dira maiztasun berdinarekin gertatzen. Txori askorentzat migrazio-sasoia beren bizitzako azken bidaia izan daiteke. Gau ilunetan, hodeiak bildu, trumoiak jo eta ekaitzak eztanda egiten duen gauetan, txori askok komunikazio-dorreetako argiak Ilargiaren argiarekin nahasten dituzte. Horrelakoetan txori askok komunikazio-dorreekin talka egingo dute, eta kolpearen ondorioz hil egingo dira; beste asko, berriz, argiaren inguruan bueltaka arituko dira, erabat galduta, dorreek zutik eusten dieten kableekin topo egiteko arrisku bizian. Arrisku horri ihes eginda ere, kasurik onenean, txoriak lurrera erori eta leher eginda geratuko dira.

Garatutako herrialdeetan horrelako gertaerak ez dira arraroak, ia mende bat bada eta gertatzen direla. Edonola ere, arazoa eta txoriendako arriskuak azkenaldian areagotu egin dira. Telefonia mugikorra da erruduna. Izan ere, azken urteotan komunikazio mugikorretako sistemak ikaragarri hazi eta areagotu dira. Gero eta jende gehiagok du telefono mugikorra, eta telefono mugikor horiek bidaltzen den seinalea jaso dezaten errepikagailua duten dorreak nonahi jarri dira. Horiek gabe, gaur egun ezinezkoa izango litzateke komunikazioa. Etorkizuneko joerak arazoa zuzendu beharrean okertu egingo du, telefono mugikorrek eta etorkizuneko satelite bidezko telebista digitalek funtzionatu ahal izateko nahitaez dorreak eta errepikagailuak behar baitituzte.

Aurrez esandakoak literaturaren itxura eman dezake, puztutako kontua alegia, baina badira esandakoa egiaztatzeko eta indartzeko erabil daitezkeen datuak. Ameriketako Estatu Batuetako Cornell Laboratory of Ornithology erakundeko ornitologo-talde batek ikerketa sakona egin du. Ornitologoek egin duten ikerketa AEBra mugatzen bada ere, gainerako herrialdetako panorama zein eta nolakoa den ulertzen laguntzeko balio dezake. Datua honako hauxe da: urtero Ameriketako Estatu Batuetan 4 milioi txori gizakiak eraikitako objektuekin talka egin eta gero hiltzen dira. Datua munduko gainerako herrialdetara -batez ere garatutako herrialdetara- eramanez gero, Cornell Laboratory of Ornithology erakundeko ikertzaileek urtero dorreekin edo errepikagailuekin talka eginda hiltzen den txorien kopurua 100 milioitik gorakoa izan daitekeela uste dute.

Oraina goizero kantuan hasteko modukoa ez bada, txorientzat etorkizuna ez da hobea, horrelako txikikeriengatik herrialde garatuek ez baitituzte albora utziko garapenerako dagoeneko onartuta dauzkaten proiektuak. Esate batera, datorren hamarkadan estatubatuarrek mila megadorre eraikitzeko asmoa dute, 300 metro baino luzeagoak diren dorreak alegia. Goraxeago deskribatu den egoerak askotan errepikatzen badira, horietako asko txorientzat tranpa bihurtuko dira. Iazko gertaera xume batek aurrez aipatutako kopuruen zenbaterainokoa ulertzen lagun dezake. Istorioa Ameriketako Estatu Batuetako Kansas estatuan gertatu da, 1998ko urtarrilaren 22an. Eguna hotz esnatu zen, hotz eta hodeiez beteta. Gutxira elurra hasi zuen. Txoriak babes bila hasi eta behe-lainoaren eta elur-maluten artean argi gorria ikusi zutenean pozez gainezka jarri ziren. Ordu batzuetara, eguzkiak eta haizeak lainoak eta elur-ekaitza altxatu eta eraman egin zituzten. Ikuskizuna penagarria zen, 10.000 txoriren gorpuak lurrean zeuden, hilotz. Babesa eskaintzen zien argi gorria tranpa itzela suertatu zen txorientzat, telebista-dorre erraldoiaren kontra jo baitzuten. Telebista-dorre baten inguruan 10.000 txori hil badaitezke, munduan zehar barreiatuta dauden milioika metalezko egituretan zenbat hil ahal izango dira? Auskalo, baina gutxi ez.

Egia esan, inork -ezta ornitologoek ere- ez daki benetan arazoak zenbat txori hiltzen dituen urtero. 100 milioiko kopurua jaurti dute Cornell-ekoek, baina zenbatespen hutsa besterik ez da, oinarri handirik gabeko datua. Izan ere, herri txikietan, bazter ezkutuetan, herrialde ez hain garatuetan, mendian… txorien eta gizakiak eraikitako objektuen artean gertatzen diren sarraskiak ez dira kontrolatzen. Sarritan, gainera, kontrolatu nahi izanez gero ere, toki bakartuetara iristerako, harrapariek egin dute berea, eta gorpurik ez da agertzen; lumak baino ez.

Orain arte egin diren ikerketek ez dute itxaropenerako tarte handirik uzten. Dirudienez, migrazioak eta eguraldi txarrak bat egiten dutenean sarraskiak saihestea zaila gertatuko da, egituretako argiek nahasgarri izaten jarraituko baitute. Hala ere, arazoa nolabait gutxitzea badago, eta biologoak horretan ari dira, nahiz eta ez dieten kasu gehiegirik egiten. Biologoek dorre- eta egitura-kopurua mugatzea eskatzen dute; eta jartzen badira, koordinatuta jar daitezela diote, ustiaketa eraginkorragoa izan dadin eta erabiltzaile gehiagok erabil ditzan. Beste era bateko gomendioak ere egiten dira, esate baterako ohiko argiak ñir-ñir azkarrak egingo dituzten beste argi batzuez ordezkatzea, horiek txoriak uxatu egiten baitituzte.

Aipatutako neurriak hartuko balira, arazoa zerbait bigunduko litzateke, argi gorriek eta irrati-seinaleek txorien nabegazio-sistema oztopatzeko gai baitira. Irrati-seinaleek bereziki eragiten diete txoriei, Lurreko eremu geomagnetikoaren lerroei jarraitzeko trebetasuna galtzen baitute. Neurri horiek edo beste batzuk, kontua da irtenbideak bilatzeko lanean hasi beharra dagoela, eta azkar gainera, bestela txorien kantuak, enaren dantzaldiak eta abar oroitzapenen altxorrean sartu beharko dira.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia