}

Gaiker: 10 urteko bide emankorra

1995/08/01 Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa | Yagüe, Josune Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gaiker 1985ean sortu zen Bizkaian. Enpresa txiki eta ertainei teknologia- eta garapen-zerbitzua eskaintzea zen lan-talde gazte horren zeregin nagusia. Euskal enpresek duten gabezi nagusitakoa konpontzea, hain zuzen. Horretan ari dira gaur egun ere, puntako ikerketa egiten eta hori gizarteratzeko ahaleginetan. Horretan harrapatu genituen Zamudioko Parke Teknologikora hurbildu ginen goiz hartan.

Enpresatik eta ikerketa-zentrutik, bietatik hurbil egotea da Gaikerren helburua. Merkatuaren ikuspuntua galdu gabe, ikerketaren puntan izatea. Helburu horrekin sortu zen 1985eko Uztailean Gaiker eta halaber, helburu horrek gidatzen ditu gaur egun ematen ari diren urratsak.

Arestian esan bezala, 10 urte bete berri ditu Gaikerrek. Material berrien eta bereziki plastikoen alorrean sumatu zen horren beharra eta bertatik abiarazi zen enpresa berria sortzeko asmoa. Marian Ibarrondo Gaikerreko Marketing-Saileko buruak esan zigunez “alor horretan ari ziren enpresa txiki eta ertainen gabeziarik garrantzitsuena horixe zen: teknologiaren transferentzia eza.

Gaiker sortzea erabaki genuenean, gure asmoa enpresa askotako I+G saila izatea zen, hau da, enpresa horiek teknologia berrien erabilpenaz izan zitzaketen kezkak konpontzen laguntzea eta guztientzat erreferentzi gune izatea. Horrek bi betekizun batera egitera eraman gaitu: batetik, teknologia berrietan jantzi behar izan dugu gure burua eta bestetik, merkatuaren joera berrietara egokitu behar izan dugu”. Gaur egungo Gaiker enpresak 1985ean sortu zena eta 1992an elkartu zitzaion Biotek enpresa biltzen ditu. Marian Ibarrondok azaldu zigunez “Biotek enpresak bioteknologiaren alorra jorratu izan du 1988an sortu zenetik.

Gero eta garrantzi handiagoa du arlo horrek euskal enpresetan. Bi iharduera horiek, material berrien ikerketa eta bioteknologia batera egin zitezkeela ikusi genuen eta horregatik erabaki genuen bi enpresek bat egitea. Merkatuak, izan ere, ekipo eta zerbitzu balioanitzak eskatzen ditu eta bi enpresak elkartzeak erantzun egokia emango zuelakoan geunden”.

Elkarlanerako giltza

Gaur egun Gaiker EITE taldeko kidea da. Alor desberdinak lantzen dituzten Ikerketa Zentruak biltzen ditu EITEk eta bertan partaide izateak abantaila asko ekarri ditu. “Elkarlanean ari gara ikerketa-zentruekin eta horrek merkatua hobeto ezagutzeko eta teknologiaren transferentzia biribiltzeko aukera ematen digu” esan zigun Ibarrondok. Gaurko egunean euskal enpresek oso argi dakusate etorkizunean lehiakorrak izateko produkzio-prozesua eta produktua bera ere optimizatu egin behar direla.

Gaiker enpresaren egoitza Zamudioko Parke Teknologikoan. Bertan burutzen ari dira 10. urteurreneko ekitaldi nagusiak.

Gaiker sortu zenean, ordea, ikerlariekiko mesfidantza handiagoa zela esan zigun Marketing-Saileko buruak. “Enpresa askok aurreritziak baztertu egin behar izan zituen gurea bezalako lan-talde gazte baten eskutan bere I+G zerbitzuak uzteko. Gaiker enpresa gaztea baina profesionala dela frogatu behar izan dugu. Gaur egun gure lekua finkatuta baldin badago, lan eskerga egin dugulako izan da. Oro har, ikerketa-zentruok batera aritzeak ikerlarionganako konfidantza sendotzeko balio izan duela esan daiteke”.

Ingurugiroaren erronka

Une honetan Gaikerren burutzen ari diren proiektu gehienek aurki izango dute erabilpen praktikorik euskal industrian. Alor askotan ari bada ere, ingurugiroan egindako lanek eman dute ezagutzera Gaiker. Besteak beste, uraren eta lurzoruaren poluzioa ikertzen urte asko eman ditu Gaikerrek. Txomin Bargos Ingurugiro- eta Birziklapen-Saileko buruak esan zigunez, “arlo honek gero eta garrantzi handiagoa izango du gure inguruan. Bi arrazoi nagusi aipa daitezke ingurugiroaren industriak duen hedapena azaltzeko. Batetik, Euskal Herrian poluzioaren arazoak sustrai sakonak dituela eta industriaren urterik oparoenetan bultzatu ez ziren aurrezaintza-politikak orain egin beharko ditugula. Eta bestetik, Euskal Herria gaur egun aurreko taldean ari dela esparru askotan, lurzoru poluituen kasuan, esaterako”.

Gaikerrek alor horretan egin duen ekarpenik interesgarriena lurzoruan aurki daitezkeen poluitzaileen karakterizazio-teknologia da. Bargosek azaldu zigunez “lurzoruen poluzioa aztertzea jendeak uste baino prozesu luzeagoa eta zailagoa da. Lurzoruan, izan ere, era askotako poluitzaileak aurki daitezke, produkzio-prozesu desberdinek sortu eta batere axolarik gabe bertara isuri direnak.

Gaikerrek ikerlariekiko mesfidantza-giroa gainditu behar izan du. Gainerako ikerketa zentruekin elkarlanean aritzeak lagundu egin duela esan ziguten.

Hondakin horiek urte asko eman dezakete lurzoruan, haren egonkortasuna eta erabilpena kolokan jarriz. Lurzoru poluituan lanean hasi arte, hau da arriskua azaleratu arte, ez gara horretaz ohartzen. Lurzoruan dauden poluitzaileak identifikatzea, analizatzea eta dituzten ezaugarriak ezagutzea, hau da, poluitzaileak karakterizatzeak arazoari aurre egiteko lehen urratsa da”. Horretarako behar den teknologia ez da egun batetik bestera sortzen eta horretan ari da Gaiker gaur egun. “Arazo bakoitzari irtenbide bat dagokio eta horixe aurkitzea da gure lana”, zioen Txomin Bargosek.

Lurzorua poluitzen duten substantziak karakterizatzeko orduan, Holandako Ingurugiro Agentziak erabiltzen dituen zazpi hondakin fluxuak hartu dira irizpidetzat. Horren arabera sailkatzen dira lurzoruan hartutako laginetan atzemandako substantziak. Horien azterketa egin ondoren, arrisku-maila zehazten dute. A arrisku-maila substantzia horren agerpen txikia gertatzen denekoa da. B arrisku-maila, berriz, egoera jasangarriaren eta arriskutsuaren arteko muga da. Azkenik, C arrisku-maila gertatzen denean, Gaikerreko teknikariek berehalako neurriak hartu behar direla diote, gizakiontzat edo ekosistemarentzat arriskua berehalakoa baita.

Poluitzaileak identifikatu ostean, lurzoruaren birgaitzea dator, hau da, lur sail hori erabiltzeko modua eskaintzea. Gaikerren ikertzen ari diren Biokonponketa izeneko teknika berria da une honetan berrerabilpen-tekniken artean aitzindaria. Ingurugiro- eta Birziklapen-departamentuko buruak esan zigunez, “biokonponketaren ikerketa etorkizunerako bideak jorratzea da. Urte gutxi barru nagusiki erabiliko den teknika izango dela aurrikus dezakegu”. Biokonponketa teknikaren oinarria mikroorganismoak dira, hau da, poluitzaile organikoak desegin ditzaten erabiltzen diren bakterioak.

Gaikerreko laborategi eta tailerretan enpresek erabiliko dituzten teknika eta material berriak lantzen dituzte.

Poluzioa desegingo duten mikroorganismo horiek konposatu bakterianoak edota bertako florako bakterioak izan daitezke. Kasu bietan aurrez finkaturiko hezetasun-, elikagai-, eta aireztapen-baldintzak ezarriko zaizkie. Gaikerreko teknikariek 3 urte eman dituzte biokonponketa teknika berri horretan lanean eta ahalegin horren emaitza une honetan eskuartean dituzten proiektu desberdinak dira. Besteak beste, ikerketa-zentru askoren eta Europako unibertsitate desberdinen lana Zamudioko Parketik koordinatzen ari da.

Plastikoaren arazoa, uste baino larriagoa

Gipuzkoako Sasieta Mankomunitateko hainbat herritan jadanik kalean dira plastikoak jasotzeko biltontzi bereziak. Herritar askok ez badaki ere, bertara botatzen ditugun kajak edo botilak plastikoaren birziklapen-prozesuak hobetzeko erabiltzen dira. Hau da, Gaikerren egiten ari diren ikerketarako lehengaia dira plastiko horiek. Ikerlanaren helburua hondakin horri erabilpen berria ematea da. Marian Ibarrondok zioenez "gaur egun papera edo beira birziklatzen dugun bezala, plastikoak ere behin eta berriro erabiltzeko aukera eskaintzen du.

Ingurugiro-arloan lurzoru poluituen azterketa xehea egiten dute. Gaikerren garatu duten substantzia poluitzaileen karakterizazio teknikak puntako maila lortu du.

Alabaina, egoera horretara iritsi ahal izateko teknologia egokiak ezagutu beharko ditugu eta gure beharretara moldatu". Plastikoa guk uste baino arazo larriagoa izan daiteke. Zabortegietan pilatzen diren materialen % 70 plastikoa dela esan zigun Txomin Bargosek: "etxeetako hondakinak jasotzen dira zabortegietan eta, oharkabean bada ere, plastikoa edozertarako eta neurririk gabe erabiltzen dugu".

Jendeak horrela uste ez badu ere, plastikoen bilketa selektiboa birziklapen-sistemak garatzeko giltza da une honetan. Izan ere, ugaria izateaz gain, plastiko guztiak ez dira berdinak eta ondorioz, kasu guztietan ezin da birziklapen-tratamendu bera erabili. Gaikerren ongi ezagutzen dute plastikoen teknologia. Urte asko eman dituzte birziklapen teknologiak ikertzen. "Gaikerren plastiko-mota desberdinak jaso orduko bereizteko sistemak ikertzen ari gara", esan zigun Marian Ibarrondok. "Bilketa- eta bereizketa prozesuak enpresaren beharretara egokitu behar dira eta ez alderantziz. Horretarako behar den teknologia-maila eskuratu orduko, plastikoaren birziklapena gaur egun dena baino azkarragoa eta merkeagoa izango dela uste dugu."

Gu guztion ardura

"Kontsumoaren zirkulua itxi egin behar dugu. Guztiok ahalegin handia egiten dugu birziklapena bultzatuz eta azpiegitura egokia atonduz. Birziklapenaren ondorioz lortzen diren produktuak kontsumitzen ez baditugu, alferrik ari gara".

Ingurugiroa etorkizun handia duen iharduera ekonomikoa da. Horretaz zalantzarik ez zuten azaldu Gaikerren berri eman ziguten bi solaskideek. “Gizartearen eskariaren arabera garatuko da ingurugiroaren industria” zioen Txomin Bargosek. “Kontsumoaren zirkulua itxi egin behar dugu. Guk guztiok ahalegin handia egiten dugu birziklapena bultzatuz eta azpiegitura egokia atonduz. Birziklapenaren ondorioz lortzen diren produktuak ez badira kontsumitzen, alferrikako bidean ari gara”. Marian Ibarrondo iritzi berekoa da.

Aitzitik, ez du uste birziklapenaren erronka kontsumitzailearen esku dagoenik soil-soilik. “Birziklaturiko produktuek kalitatezkoak eta merkatuan lehiatzeko modukoak izan behar dute”, zioen Marketing-Saileko buruak. Horrez gain, bat etorri ziren Bargos eta Ibarrondo birziklapenaren garrantzia azpimarratzerakoan. “Gure baliabideak mugatuak dira. Zakarrontzira ezer bota baino lehen, horren garrantziaz ohartu behar gara. Gure artean sarritan esan izan dugu Gaikerreko Birziklapen-departamentuan zaborraren kultura bultzatzen ari garela”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia