Futbola eta doping-a
1995/01/01 Alargunsoro, F. Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gainera lehiaketetako kontrolak beti negatiboak omen dira, drogek kirol kolektiboetan ez omen dute ezer laguntzen eta kirol-kazetariak zain-zain egoten omen dira zein harrapatuko.
Hala ere, 1958. urteaz gero G. Ottani kirol-fisiologoak dioenez Italiako lehen mailan diharduten futbolarien % 27ak anfetaminak hartzen ditu, % 62ak analeptiko kardiopulmonarrak eta % 68ak hormonak eta hormona organikoen estraktuak. Britania Haundiko Wolverhampton-go klubeko nagusi den Franck Buckley jaunak eta bertako Jimmy Stewart entrenatzaileak aitortu dutenez, giza hormonak zituzten guruin-estraktuak injektarazi zizkieten 1939. urtean Ingalaterrako kopan Portsmouth-en kontra jokatu baino lehen. Kontua, beraz, ez da gaur goizekoa.
1962. urtean Milango hiru jokalari (Bicicli, Guarneri eta Zaglio) bi partidutarako zigortu zituzten dopinga medio. Hurrengo urtean berriz, Napoli-Milan partiduan Napoliko zazpi jokalariri anfetaminen arrastoak aurkitu zizkieten. 1968. urtean Jean Louis Quadri 18 urteko gaztea, bapatean hil zen Grenoble ondoko Saint-Egrève-ko estadioan eta ondoren egin zitzaizkion analisietan anfetaminen arrastoak aurkitu zizkioten. 1975. urtean Espainian “Tonono” futbolaria hil zen zelaian, drogek giltzurrunak blokeatuta. 1991.ean Luc de Rijck belgikarra Turnhout-en Michel Van Deun medikuaren etxean hil zen bihotza geldituta, odola oxigenoz aberastuta injektatu zionean.
Urtero izaten dira futbolean hildakoak. Izan ere, anfetaminak, kokaina, efedrina, analgesikoak, narkotikoak, anabolizatzaileak eta abar erruz baitabiltza estadioetan.
Farmazietan gaitzak sendatzeko agertu orduko, depresoreak edo estimulatzaileak, bihotzerako edo arnaserako analeptikoak, morfina edo digitalina berehala hasi ziren beste arlo batzuetan ere erabiltzen. 1960. urteaz gero, anfetaminak eta androgeno anabolizatzaileak erabiltzen dira dopatzeko. 1992. urtean globulu gorriak hazteko eritropoietina izeneko giltzurrun-hormona merkaturatu zen, eta mediku italiar batzuek aitortu dutenez, urte hartantxe egin zituzten saiakuntzak kirolari profesionalekin.
Futbolarien artean jende famatuak eman du positibo dopingaren kontrako azterketetan. Hona hemen izen batzuk: Pascal Olmeta (SC Toulon), Franz Beckenbauer (Municheko Bayern), Hans Josef Kapellmann (Kolonia eta Bayern), Willie Johnston (West Bromich Albion), Pierre Littbarski (Matra Racing)...
François Ruff fisiologoak dioenez, dopingak ez du kirol bat bera ere alde batera uzten. Trebetasunekoa izan ala ez, iraupen handikoa ala txikikoa izan, ez dio axolarik. Izan ere, dopatzeko erak aukeratu egin daitezke, lortu nahi diren efektuen arabera dosiak behin eta berriz hartuz edo produktu desberdinak nahastuz.
Futbolean ez dopatzeko dagoen arrazoietako bat, nahi diren emaitzak lortzeko kaltegarria dela dioena da. Beste batzuek, analisietan ez dutela ezer harrapatzen argudiatzen dute, baina, aurrez, dopatzeko substantziak zeintzuk diren definitu beharra dago. Anfetaminak, esteroide anabolizatzaileak eta kafeina, adibidez, dopingeko substantziatzat hartzen dira, baina dopatzeko beste sistema batzuk ere badaude: odol-autotransfusioa, oxigenoa hartzea edo presio baxuko geletan egonaldiak egitea.
Nazioarteko Batzorde Olinpikoak beste substantzia asko ere baditu zerrendan sartuak, baina argitu beharra dago zerrenda askotan aldatzen dutela, produktu berriak (giza hazkunderako hormona, eritropoietina, gonadotropina korionikoak, etab.) noiznahi agertzen direlako.
Dopatzea debekatzen denean, kirolariak isilpean eta tranpatan ibiltzen dira. 1986.ean Austriako altuera-jauziko marka zuen Markus Einbergerrek onartu egin du entrenamenduetan dopatu egin zela. Honela zioen: Dopinga enpresa barruko sekretua bezalakoa da. Barnean denek dakite zer gertatzen den, baina kanpoko inork ez du ezer jakin beha r. Eta futbolean ere gauza bera. Harald Schumacher futbolari internazionalaren hitzetan: Beste edozein kirolek bezalaxe, futbolak dopingaren atzaparretatik ez du ihes egin. Diferentzia puntu batean dago: ez da ezertarako aipatzen. Estatu-sekretua da, tabua .
Batzuek diotenez, futbolerako buruko argitasuna eta bizkortasuna behar dira eta hori dopatzearekin ez dator bat. Dena den, drogak alde batera utzita buruko argitasuna jaitsiarazten duten faktore asko dira: estresa, antsietatea, motibaziorik eza, etsaiarenganako gorrotoa edo mina, adibidez. Baina droga desberdinek (lasaigarriek, psikoestimulagarriek, antalgikoek, estupefazienteek) elementu negatibo horiek moteldu edo desagertarazi egiten dituzte. Queens Park Rangers-eko Stans Bowles-ek dioenez, estimulatzaileak eta lasaigarriak hartzen zituen, eta gainerako jokalari profesionalek ere beste horrenbeste egiten zuten.
Dena den, futbolean ongi jokatzeko trebetasun handia behar da, eta batzuek argudiatzen dutenez, dopingarekin trebeziak behera egiten du. Argudio horrek ordea, badu erantzuna: dopingak jokalariaren kontzentrazioa hobe dezake eta horrekin trebeziak gora egiten du. Anfetaminek eta beste zenbait estimulatzailek, nekearen sentsazioa saihestu egiten dute. Horrez gain esteroide anabolizatzaileak eta hazkunde-hormonak muskuluak indartu egiten dituzte, teknikoki jokalariari indarra eta abiadura hobetu egiten zaizkiolarik. Jokalaria zauritzen denean, bestetik, antalgikoak, anestesiko lokalak eta minaren sentsazioa ezabatzen duten kortikoideak har ditzake entrenamenduetara lehenbailehen itzultzearren.
Garai batean futbolari internazional izandako Joël Bats-ek dioenez, futbola ez da bakarkako kirola eta talde-lana hain garrantzitsua duen kirol honetan jokalari dopatuak mesede egin dezakeela ez dago esaterik. Bestetik, positibo ematen duen kasu bakoitzeko oso ugari dira negatibo emandakoak. Talde-kiroletan, beraz, dopatzeak mesederik ez dakar.
Horrek ere, ordea, badu bere erantzuna. Estatu Batuetan saskibaloia oso maite dute eta talde-kirola da, baina jokalariek maiz ipintzen dute sudurra hautsetan. Izan ere, horietako askori azterketetan kokaina-arrastoak harrapatu zaizkie. Frantziako AS Saint-Etienne ekipoko mediku izandako Pierre Poty jaunak dioenez, nerbioei dagokienez jokalariak estimulatzaileak hartzen baditu, batetik arreta handiagoa eta adimena zorrotzagoa edukiko ditu, eta bestetik bere buruaz konfidantza handiagoa edukiko du.
Eta estimulatzaileak hamabiek hartzen badituzte, denek sentituko dute hobekuntza. Agian horregatik hartuko zuten glukosa injekzio bidez 1954. urtean mendebaldeko Alemaniako jokalariek Bernako Munduko Kopan, edo “oso kafe kargatua” Frantziako ekipoko futbolariek 1973.ean Alemaniaren kontra jokatu zutenean, edo karnitina Italiako ekipoak 1982.ean Munduko Kopa jokatu zuenean.
Dopingnik ez dagoela diotenen beste argudio bat, dopatzea futboleko muga fisiologikoetara ez dela egokitzen dioena da. Partiduan futbolariak batezbeste 10 edo 12 kilometro korritzen ditu: bizpahiru sprintean, 4-8 kilometro korrika eta kilometro bat edo bi oinez. Erresistentzia da, beraz, jokalariak izan behar duen ezaugarria (batezbeste kontsumitzen duen oxigenoa 60 ml/min/kg ingurukoa da). Baina ekintza batzuetan (norabide-aldaketetan, blokeoetan, jauzietan eta abarretan), indarra eta abiadura ere behar dira.
Horiek horrela izanik ere, aipatutako muga bakoitza dopatzeko produktuak behar bezala aukeratuta gaindi daiteke. Testosterona edo androgeno anabolizatzaileak injekzio bidez hartuta, 90 minututan berebiziko “martxan” joka daiteke, nahiz eta gero hormona eta muskuluetan ondorio kaltegarriak izan. Odol-transfusioak, kokaina eta efedrina ere hortxe daude. Norbere buruaz konfidantza handiagoa izateko eta ausardia areagotzeko, anfetaminak erabiltzen dira.
Futbolean dopingik ez dagoela argudiatzeko beste arrazoi bat kontrolak aipatzen dituena da. Frantziako Futbol Federazioak, adibidez, 1992. urtean futbolariei 228 kontrol egin zizkien eta positiborik ez zuten aurkitu. 1991. urtean UEFAk 270 kontroletatik bi jokalari harrapatu zituen dopatuta eta 1990. urtean 224 kontroletan kasu bakarrak eman zuen positibo. Horregatik Frantzian 1993. urtean egindako inkesta batean, jendearen iritziz kirol dopatuenak honako hauek ziren: atletismoa (% 85), ziklismoa (% 72), igeriketa (% 71)... Futbola zortzigarren zegoen (% 10), tenisaren ondotik (% 12).
Baina futbolariei egiten zaizkien dopignaren kontrolak beste kiroletakoekin konparatuz proportzioan oso gutxi dira. Frantzian adibidez, 1986. urtean 1.260 txirrindulariri egin zitzaizkion analisiak eta 52 futbolariri besterik ez. 1993. urtean 707 atleta aztertu ziren eta 397 futbolari (urte guztiko kontrolen % 4,9 baino ez). Horregatik aitortu du André Noret kirol-mediku belgikarrak positibo oso jokalari gutxik eman duela, hau da, futbolariak kontrolatzen ez direlako. Egia da 1987. urterarte kontrolak Europako lehiaketetan eta Munduko lehiaketetan egin zituztela; lau urtetik behin, beraz.
Hain kontrol gutxi egitea ez da ulertzekoa. Are gutxiago, futbola profesional gehien duen kirola dela jakinda. 1993. urtean, esaterako, 397 kontrol egin ziren, guztira futbolean 1.915.836 profesional aritu arren. Horrek kontrolak % 0,02ri egin zaizkiela esan nahi du, baina badakigu kontrolak eraginkorrak izan daitezen ustegabekoak eta gutxienez % 5 proportziokoak (% 10 hobe) izan behar dutela. Kontrolak ordea, askotan ez dira ustegabean egiten. Frantziako kopan 1986. urtean Tolosa eta Bordeleren arteko partidua hasi baino lehen Alberto Tarentini jokalari tolosarrari beste bordeldar batek kontrola egingo zela jakinarazi zion. Bestetik, dopingaren kontrako kontrola prozedura jakin bat zorrotz beteta egin behar da, iruzurrik eta erreklamaziorik egon ez dadin.
Praktikan ordea, prozedura hori kasu askotan ez da betetzen. 1988. urtean, adibidez, Marseillan egindako kontrolean zozketa eginda izendatutako jokalariek aurrez bazekiten analisia egingo zietela (eta gainerakoek ere bai dopatuta ere lasai ibil zitezkeela). Beste batzuetan gernu-laginak ez dira zaintzen, edo lagina hartu behar duen medikua ez da jokalariak pix egiten duenean bertan egoten. Horregatik zioen Arthur Coambra ‘Zico” futbolari brasildarrak norbaitek kontrolerako gernurik eman nahi ez zuenean beste jokalari baten lagina ematen zela, eta batzuetan laguntzera kontra jokatutako ekipokoren bat ere etortzen zela.
Horrez gain, kontrola eginda jokalariak ez duela positibo eman esaten denean, argitu beharra dago produktu jakin batzuk ez zaizkiola aurkitu, baina oraindik detektatzen ez diren beste batzuk eduki ditzake. Koramina, adibidez, 1974.ean hasi ziren detektatzen, esteroide anabolizatzaileak (eta ez guztiak) 1976. urtean, betablokeatzaileak 1986. urtean, diuretikoak 1987.ean, etab. Baina oraindik badira gernuan detektatzen ez diren substantziak: eritropoietina, kortikoide naturalak, hGH edo hazkunde-hormona...
Horregatik diote batzuek gernuaren analisiaz gain odolarena ere egin behar dela, baina hala ere arazo guztiak ezingo dira konpondu. Hori uste du, adibidez, Britainia Haundiko Batzorde Olinpikoaren buru den Sir Arthur Gold-ek: Kontrolak gaur egungoen antzekoak badira, zuhur ibili ez direnak eta gaizki aholkatu dituztenak baizik ez ditugu harrapatuko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia