}

Fosilen mintzoa iruzurrez beterik dagoen historia

2001/07/22 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia


Paleontologoentzat ekaina aberatsa izan da, aurkikuntzaz betea. Batetik, munduko dinosauro handienetarikoaren aztarnak agertu dira Egipton, 80 tonako eta 30 metroko erraldoia; bestetik, berriz, Errusian Suminia izeneko piztiaren aztarnak aurkitu dituzte, katagorriaren tamainako animalia belarjalea, Lurrean dinosauroak baino lehenago bizi izan zena.

Aurkikuntzek indarrean dauden hainbat teoria berrikustera behartu dute, eta horretan ari dira zientzialariak. Ezer esan baino lehen, dena den, hobe izango dute aurkikuntzak behar bezala egiaztatzea, paleontologoei behin baino gehiagotan sartu diete ziria eta.

Paleontologiak iraganean Lurrean bizi izan ziren izakiak æanimaliak eta landareakæ ikertzen ditu, hau da fosilak. Paleontologia ez da soilik deskribatzailea, izan diren izakiek nola bizi ziren jakin nahi du, zer-nolako ingurunean mugitu ziren, zergatik hil ziren, beren arteko harreman genetikoak nolakoak ziren eta abar. Eta hori guztia fosilen ikerketan oinarritua. Hortaz, paleontologia gai oso konplexua da. Konplexutasun hori kontuan hartuta ere, paleontologoek egindako lanen emaitzak begi-bistakoak dira, gaur egun ia erabat onartuak ækreazionistek eta jartzen dituzte ezbaianæ.

Dena den, paleontologiaren historian izan dira gaurkoak baino garai beltzagoak, iraganaren interpretazio horretan ‘iruzurra’ hitza azaltzerainokoak. Bada hainbat adibide:

Piltdown-eko gizakia . 1912. urtean gertatu zen, Ingalaterran. Piltdown herrian kaskezur baten aztarnak aurkitu ondoren ondorioztatu zuten uhartearen iraganean hominidoak bazirela. Historia Naturaleko Museoak, Elkarte Geografikoak eta ospe handiko hainbat zientzialarik aurkikuntza ikertu eta haren balioa berretsi zuten. 1953. Kaskezur-aztarna ikertzeko, teknika anatomikoak erabili zituzten. 1953. urtean fosila berriro aztertu zuten, baina teknika kimikoak erabilita. Ondorio garbira iritsi ziren: aztarnak ez ziren inongo gizakirenak eta, gainera, guztia iruzurra izan zen. Aztarnak gizaki baten kaskezurrarekin eta orangutan baten behealdeko masailezurrarekin eginda zeuden. Inoiz ez da jakin iruzurra nork prestatu zuen.

Hego Afrikan aurkitutako kaskezurra, gizakia aztarna zaharrena.

Nebraskako gizakia akatsa izan zen, ez iruzurra. 1922. urtean Estatu Batuetako Historia Naturaleko Museoko zuzendariak, Henry Faifield Osborn-ek Nebraskan aurkitutako hagin bat jaso zuen. Ikertu eta gero, Osborn-ek adierazi zuen hagin hark tximinoen eta gizakien ezaugarriak zituela, eta ondorioz, hominidoren batena izan zitekeela. Sasoiko beste hainbat zientzialarik bat egin zuten Osborn-en tesiarekin. Bost urte geroago, 1927an, Nebraskako gizakiaren aztarna gehiago aurkitu ziren. Aztarna haiek argi utzi zuten hagina ez zela Nebraskako gizakiarena, baizik eta desagertuta zegoen txerri-espezie batena.

Aurrekoa baino borroka etsigarriagoak izan dira paleontologian, Taung-eko haurra rena adibidez. Hori ere 1912. urtean gertatu zen. Ikerlari gazte batek, Raymond Dart-ek, Hego Afrikan hezur batzuen fosilak aurkitu zituen, itxura guztien arabera haur baten kaskezurraren eta aurpegiaren aztarnak.

Ikerlari gazteak adierazi zuen Lurrean aurkitutako gizakiaren aztarnarik zaharrenak zirela, Australopithecus africanus espeziearenak. Orduko irakasle, ikerlari eta zientzialari ospetsuenek ezerezean utzi zuten Dart-en aurkikuntza. Berak ez zuen etsi, eta handik 30 urtetara, teknika biokimikoak erabilita, aurkikuntzaren balioa onartu behar izan zuten. Australopithecus africanus espeziearen beste zazpi aztarna aurkitzeak ere lagundu zuen Raymond Dart-en aurkikuntza egiaztatzeko.

Ramapithecus -aren kasuak ere astindu zituen paleontologiaren oinarriak. 1958. urtean Oxford eta Cambridgeko bi ikertzailek adierazi zuten gizakiaren lehen arbasoa Ramapithecus -a zela, 30 milioi urteko antzinatasuna eta orangutanaren antz handia zuen primatea. 1983. urtean egindako proba biokimikoen ondorioz, Ramapithecus -ak ez zuela zerikusirik gizakiaren eboluzioan erabaki zen.

Dinosauroekin egindako iruzurrek ere eman dute zeresanik. Iaz, esate baterako, bi kasu argitu ziren. Bata Galesko Cardiff-eko museoan gertatu zen. 116 urtez bisitarien aurrean egon den dinosauroaren fosila ez zen benetakoa, hezurrak, igeltsua eta pintura erabilita eginda baitzegoen. Museoko arduradunek igeltsu-zatiak erortzen hasi zirela ikustean, iruzurraz jabetu ziren. Kontua filosofiaz hartu zuten eta dinosauro faltsuaren kasuari beste batzuk atxikituta, zientziaren historian gertatu diren iruzurrei buruzko erakusketa antolatu dute. Chicagoko Smithsonian Museoan ere antzeko zerbait gertatu zen. 1905. urtetik Triceratopo baten fosila izan dute jende aurrean, iaz ohartu ziren arte beste 14 animaliaren hezurrak erabilita egindako egitura zela.

Paleontologiaren historian dauden kasu horiez gain, gaur egun ere badira eztabaidak. Behar bada Orceko gizakia rena adierazgarriena. 1982. urtean Granadako Venta Micenako aztarnategian kaskezur baten fosila aurkitu zuten. José Gilbert paleontologoak aurkitu zuen eta berak adierazi zuen 1,5 milioi eta 1,8 milioi urte arteko antzinatasuna zuen hominido haur baten aztarnak zirela. Zientzialariek aurkikuntza onartu egin zutenez, Orce-koa Eurasiako gizakirik zaharrena izango litzateke. Dena den, gaur egun hainbat zientzialarik diotenez, aztarnak zaldi batenak dira, ez hominidoenak. Egin diren azterketa biokimikoen arabera, aztarnen jatorria gizakiena da, baina hala ere eztabaida hor dago.

Ikusten denez, gizakiaren arbasoei eta iraganari buruzko eztabaidak ez du etenik. Ezin da ukatu batzuetan arinkeriaz jokatu dela, hipotesiak aireratu eta tesi bihurtuko direlakoan; beste batzuetan, aldiz, intentzio txarrez ere jokatu da, iragana norberaren teoriaren arabera egokituta. Dena den, gehienetan, zientifikoki lan egin den arren, akatsak ere gertatu izan dira, teknika berriek ezerezean utzi dituztelako sasoi batean onartzen ziren frogak. Etorkizuneko teknikek izango dira horren lekuko.

7K-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia