}

Fosilak, saldu ala museoetan gorde?

2000/03/01 Kilden, Pette Iturria: Elhuyar aldizkaria

Oro har, arroketan agertzen den aspaldiko izakiaren aztarnari fosila esaten diogu. Fosil gehienak, dagoeneko desagertu diren izakien hondarrak dira. Fosilak, beraz, iraganeko lekukoak dira, hots, denboran zeharko bidaiariak. Fosilen ikerketak, Paleontologiak alegia, biziaren sorrera, garapena eta gertatutako gorabeherak azaltzen dizkigu. Baina fosila ez ezik, fosila gordetzen duen arroka eta bien arteko harremanak dira garrantzitsu informazio-iturri gisa. Bestela, Lurraren iraganari buruz deus gutxi jakinen genuke. Izan ere, fosilak eta arrokak (biak batera) eratu zireneko klima, paisaia eta bizimoduak, besteak beste, nolakoak ziren azal dezakete. Fosilak, berak bakarrik, ezin digu hau guztia kontatu. Ezta gutxiago ere.

Fosilak, Naturako bitxikeriak diren heinean, zenbait kulturatan izan dute toki. Horra hor, adibidez, itsas trikuen fosilak euskal mitologian: Santiago harriek Nafarroako Sakanako etxeak tximistetatik babestu dituzte mendetan zehar. Emeki-emeki, balio kultural hau aldatu egin da eta egun fosilak salgai aurki ditzakegu zenbait tokitan. Saltzen diren gehienak erruz aurkitzen dira; merkeak dira, beraz. Areago, fosil hauek, oso ezagunak izanik, gehienetan informazio gutxi eman lezakete. Pecata minuta, beraz. Dena den, bestelakoa gertatzen ari da oraintsu arte museotan soilik ikusi ahal izan genituen hainbat fosilekin, dinosauruenekin kasu. Duela hiru urte, USAn egindako enkante batean "Sue" tiranosauru ederra 8,36 milioi dolarretan saldu zen. Aurtengo urtarrilean Chicagoko beste enkante batean dinosauru, pterosauru eta beste izaki anitzen fosilak saldu zitzaizkien museo eta erosle pribatuei. Geroxeago, beste tiranosauru bat jarri zen salgai Interneteko enkante batean 5,8 milioi dolarretan. Horrelakoetan antzinean zientzialari anitz kexu dira, fosilak jabego pribatuan "desagertzeko" beldur baitira batetik, eta fosilak komertzialki batuta informazio garrantzitsua gal daitekeelako, bestetik. Izan ere, fosilen indusketarik egitekotan, adituen eskuetan laga behar da lan delikatu hau, fosila eta arroka osorik iker ditzaten. Legeak hala dio. Zorigaitzez, eskrupulorik gabeko biltzaileak arpilatzen ari dira hainbat aztarnategi.

Baina paleontologia amateurrak baditu alde onak ere. Esaterako, fosil arrunten kolekzionismoak indar dezake Paleontologiarako grina, neurri batean behintzat. Ohiz kanpoko fosilak, baina, hobeto daude museoetan, guztion esku bai, baina inoren esku egon ez daitezen. Euskal Herria fosiletan aberatsa dela esan behar da, bidenabar. Natur Zientzien nazio-mailako museo batek zaletu eta adituak batuko lituzke fosilaren babes, ikerketa eta gozamenean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia