}

Fleming, sir Alexander

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1881-1955)

Bakteriologo eskoziar hau Darvel-en (Ayrshire-n) jaio zen 1881. urteko abuztuaren 6an. Ikasketak Kilmarnock Akademian burutu zituen eta 1902an Londresko Unibertsitatean medikuntza ikasteko beka lortu zuen.

Hasieratik erakutsi zuen bakteriologiarako interesa, gaixotasunen kimioterapiarako bereziki.

Lehen Mundu Gerran, Royal Army Medical Corps-en ihardun zuen lanean. Han, saiakuntzak egiten hasi zen, 1922. urtean lisozima deituriko proteina aurkitu zuelarik. Proteina hori malko eta mukietan egoten da eta zenbait bakterioren aurka jokatzen du.

Flemingen aurkikuntzarik garrantzitsuena ustekabean gertatu zen. 1928an Londresko Unibertsitatean irakasle zelarik, estafilokoko germenekin lanean ihardun eta estali gabe utzi zituen. Egun batzuk geroago, horiekin egin beharreko lanak bukaturik, germenak zituen ontzia botatzera zihoala, bertara lizun-izpi batzuk erori zirela ohartu zen. Izpi bakoitzaren inguruan bakterioak desagertu egin zirela ikusi zuen.

Flemingek lizuna isolatu egin zuen Penicillium notatum izena emanez. Lizunak azken momentuan bakterioen hazkuntza inhibitzen zuen konposaturen bat produzitzen zuela pentsatu zuen. Bakterio-mota ezberdinekin egin zituen saiakuntzak. Batzuek hazten segitzen zuten. Beste batzuek aldiz, ez. Geroago, substantzia kimiko horren efektuak aztertu zituen eta hori oso garrantzitsua izan zen odoleko zelula zuriei aplikatzeko. Penizilina bakterioentzat pozoitsua bazen ere, odoleko globulu zuriei ez zien ondorio txarrik eragin.

Baina Fleming ez zen kimikaria eta ezin zuen aurkitutako substantzia isolatu eta identifikatu. Jendearen arretarik ere ez zuen gehiegi erakarri aurkikuntza hark.

Bigarren Mundu Gerra hasi eta egoera guztiz aldatu zen. Bakterioen aurka jokatzen zuten substantzia berriak aurkitzea ezinbestekoa zen soldadu zaurituentzat. Horregatik, Flore eta Chain mediku britainiarrak penizilinarekin lanean hasi ziren eta arrakasta handia izan zuten.

Handik urte batzuetara, Waksman mikrobiologo estatubatuarrak antibiotiko izena eman zion penizilinari. Baina substantzia hori aurkitu eta aplikatu bitartean denbora asko igaro zen eta tarte horretan, Domagk mediku alemaniarrak sulfamidak aurkitu zituen. Nahiz eta horiek guztiz antibiotikoak izan ez, sendagai miragarrien aroari hasiera eman zioten.

Hala ere, penizilinaren balioa ezagutu zen eta 1944. urtean Flemingek, Florey eta Chainekin batera, Medikuntzako Nobel Saria jaso zuen. 1945ean berriz Fisiologiakoa jaso zuen.

Fleming Londresen hil zen 1955. urteko martxoaren 11 n.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia