}

Euskal Herriko Ingurugiroa babesteko lege orokorra eta bere eragina industrian

1998/06/01 Etxaide, Maider Iturria: Elhuyar aldizkaria

Legeak Euskal Autonomi Erkidegoko industri sektore eta ekonomi jarduera gehienak ukitzen ditu, eta horrek, hemendik aurrera martxan ipini nahi den industri jarduera orok lehenik legearen bahetik igaro beharko duela esan nahi du.

Joan den otsailaren 27an Eusko Legebiltzarrak ingurugiroaren babesarekin zerikusia duten alderdi nagusiak arautzea helburu duen Ingurugiroa babesteko Lege Orokorra onartu zuen. Lege hau gizarteko hainbat sektoreren arteko hika-mika eta eztabaidaren fruitua da, urte asko behar izan dituena taxutzen eta garatzen. Izan ere, 1995. urteaz geroztik ibili da lege-aurreproiektua dantzan, Eusko Jaurlaritzako Departamentu arteko Ingurugiro-Batzordearen esku. Nolanahi ere, ez da hori izan eztabaidatu den bakarra, ezen aurreko legegintzaldian gero bertan behera geratu zen beste aurreproiektu desberdin bat eztabaidatu baitzen.

Baietsitako arauak Administrazio desberdinen arteko eskuduntzak antolatzen ditu. Gainera, ingurugiroan eragina izan dezaketen jarduerak kudeatzeko prozedura zenbait zehaztu eta Administrazioaren ikuskapen eta kontrol-mekanismoak finkatzen ditu. Legeak Euskal Autonomi Erkidegoko industri sektore eta ekonomi jarduera gehienak ukitzen ditu, eta horrek, hemendik aurrera martxan ipini nahi den industri jarduera orok lehenik legearen bahetik igaro beharko duela esan nahi du.

Legearen eduki batzuk

Legeak 118 artikulu ditu. Horietariko batzuek industri jarduerak ukitzen dituzte bete-betean, beste batzuek, berriz, beste arlo batzuk hartzen dituzte, ekarpen interesgarriak eginez ia beti. Hiritarren parte-hartze eta kontrol-mekanismoak bermatzen dituztenetan, esaterako, hiritarrak duen informazioa eskuratzeko eta ekimen publikorako eskubidea (edozein hiritarrek dauka ingurugiro-arauan ezarritakoa exijitzeko eskubidea), batetik, eta, Ingurugiro-Aholkularitzarako Kontseiluaren eraketa (gizarte zibilaren parte-hartzearekin osatutakoa), bestetik, aipa daitezke.

Bosgarren artikuluak, bestalde, ingurugiro-politikarako tresna publiko zein ekimen pribatukoak erregulatzen ditu, esaterako, ingurugiro-babeserako jarduerak burutzeko finantziazio-fondoen eratzea, ingurugiro-hobekuntzak sustatzen dituen politika fiskala, ekozergak ezartzea, ekologistek eta sektore kritikoenek oso begi onez ikusten dituztenak, hain zuzen.

Inpaktu-ebaluaziorako sistemen garapen berezia da aipatu beharreko beste puntu bat, legearen hirugarren tituluan ageri dena. Bertan hiru prozedura desberdin aipatzen dira, plan, proiektu handi eta proiektu txikietara aplikatu beharrekoak, hurrenez hurren. Inpaktu-ebaluazioa proiektu eta planei aplikatzea berrikuntza bikaina da, nahiz eta, ohi bezala horrek ere mugak izan: plan-mota batzuk baizik ez baitaude horretara behartuta.

Industriak izan dezake laster zer egina

Industriari zuzendutakoen artean ingurugiro-ikuskaritzari buruzko artikulua dago. Bertan, enpresa guztiek ingurugiro-legeria taxuz bete dezaten eta ingurugiroaren poluzioa txikiagotzeko helburuz, administrazio desberdinek ingurugiro-ikuskaritzak sustatu beharra aipatzen da.

Poluzioaren kontrol integratuari buruzko 39. artikulua garapen txikikoa bada ere, zenbait industriarentzat erabakiorra izango da laster. Honen bidez atmosferara, uretara eta lurzorura igorri edo botatzen diren isurkinak ekiditea, edo gutxienez murriztea, lortu nahi da. Hondakinei buruzko neurriak ere sistemaren barruan sartuko lirateke, guztia modu bateratuan kudeatuko litzatekeelarik.

Baimenen arloan ere badu puntu honek zer esana, ezen lizentzia eta baimenak lortzeko beharrezko prozedura administratiboak koordinatu beharra xedatzen baita. Tamalez, horrelakoak bultzatzeko konpromezua baizik ez da azaltzen legean, horren burutzea noiz eta nola gertatuko den ikustear dagoelarik.

Betiko eskuduntza-iluntasuna konpondu ezinik

Legeak eskuduntza-banaketan hobekuntza handiak ekarri arren, kritika ugari jaso ditu ingurugiro-arloan dagoen eskuduntza- eta antolaketa-nahasmena guztiz konpontzen ez duelako. Egia da hori, alde batetik Eusko Jaurlaritzako departamentu desberdinen arteko ardura-banaketa horizontala ez duelako puskatzen eta, bestetik, zenbait arlotan, urarenean batez ere, zezenari adarretatik heltzen ez diolako eta aurreko egoera ilunak bere horretan jarraitzen duelako. Foru Aldundiek, bestalde, beren eskuduntzekin jarraitzen dute eta, zenbait kasutan ga

inera, baita zabaldu ere, ingurugiro-inpaktuaren arloan esaterako. Alabaina, arazoa ez da Ingurugiro-Legearena, Euskal Autonomi Erkidegoak duen instituzio-antolaketa bereziarena baino, eta hori konponezina da oraingoz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia