}

EUSKADI IRRATIA: ESAN ETA IZAN

1996/06/01 Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Esan eta izan. Aski ezaguna izango zaizu esaldi hori irakurle, Euskadi Irratiko promozio-kanpainetako lelo ezaguna baita: hitza eta nortasuna, esana eta izana. Martxoaren 26an egoitza berria estreinatu zuen Euskadi Irratiak, Donostiako Miramonen (behin-betiko?) finkatuz. Iraganaren arrastorik gabe zabaldu dizkio ateak egoitza berriak irratiari eta bertan, punta-puntako sistema informatikoaz baliatuko da aurrerantzean. Bertara joan ginen aldaketaren nondik norakoak ezagutzera. Irrati berria aurkitu genuen bertan: halaxe esana zuten eta izan, halaxe da.

Julian Belokik, Euskadi Irratiko zuzendariak ireki zizkigun irratiko ate berriak. Lokutorioak, estudioak, fonoteka, Donostiako parajerik ederrenetako batera zabaltzen diren leihoak... horiek guztiak ikusterik izan genuen. Hizpide nagusia berriz, Euskadi Irratiaren aurpegi berria izan genuen, irratian egindako berbak zuzen jasotzen, prozesatzen eta bideratzen dituen teknologia berria.

Gure inguruan parekorik ez du Euskadi Irratiak erabiltzen duen informatizazio-sistemak. Berariaz sortua da, hainbat emisoratako kudeaketa-sistemak bisitatu eta gero, emisorak dituen beharretara egokitu baita sistema informatiko osoa. Oso-osorik integratzea lortu duen lehendabiziko emisora da: grabazioa, editajea, artxiboa edota emisioa bera, guzti-guztia integratu du Euskadi Irratiak sistema bakar batean. Eta jakina, erabiltzaileari begira egina dagoenez, euskaraz ageri dira pantailetako mezu guztiak. Goitik behera aldarazi dute gutariko askok irratiari buruz izan genezakeen irudia: zintarik ez dago jadanik eta irrati-estudioan saguaz egiten da lan.

PCAudio, irrati berriaren bihotza

PCAudio izenaz bataiatu duten sistemaren filosofia funtsean, erraza eta ezaguna da: datuen kudeaketa-sistema informatikoa. Alabaina, sareak kudeatzen dituen datuak audioari dagozkio, hau da, musikari edo hitzari. Horrek sarearen diseinua baldintzatu eta bere bi ezaugarri nagusiak definitzen ditu: batetik, sarearen funtzionamenduak erabat azkarra izan behar du, disfuntziorik gabea; izan era, agindua jaso orduko exekutatu behar du, denbora-tarterik txikiena ere hutsune gisa interpretatzen baitaaudioan; eta bestetik, memoria-gaitasun itzela izan behar du, audioko datuek leku handia behar dute eta. Internet-ereduaz funtzionatzen du Euskadi Irratiko informazio-sareak eta une honetan 100 ordu (27 segundok mega bat betetzen dutela kontuan izanik) biltegiratzeko aukera eskaintzen du.

Irratiaren egiteko guztiak integratu dira sistema berrian; guk dakigularik, Estatu Espainolean goitik behera digitalizaturiko lehen irratia da.

Etxe osoaren funtzionamendua arautzen du kontrol-gune nagusiak. Bertan dago ordenadore zentrala, irratiaren bihotza, eta horrexek kudeatzen ditu irratian dauden 12 terminalak. Segurtasun-neurri bezala, ordenadore zentrala bikoizturik dago: ezaugarri eta egiteko berak dituen bigarren ordenadorea dago eta lehenak huts eginez gero, automatikoki aktibatuko da. Kontrol-gune nagusian bestalde, irratiak kanporatzen duen oro kalitate handiz jasotzen duen grabazio-sistema berria ere badago: emisio osoa etengabe grabatu eta biltegiratu egiten du. Bere memoria ez asetzeko, eguneroko mantenimendu-zerbitzua eskatzen du grabazio-sistemak: behar ez den informazioa botatzera edo beste euskarriren batean gordetzera ohitu behar dute irratiko lankideek.

Ordenadore zentralaren eta 12 terminalen arteko loturaz Novell 4.1 aplikazioa arduratzen da. Sistemaren abantailarik garrantzitsuena informazioa eskuratzeko orduan nabaritu dute: informazio guztia sarean dago, baina terminal bakoitzetik eskura eta manipula daiteke: entzun, grabatu, editatu edota emititu daiteke informazio hori. Hori guztia egin ahal izateko, audio-datuak GDS izeneko programaren bidez exekutatzen dira.

Euskadi Irratiko estudioetan zintak desagertu dira. PCAudio sistemak audio-datuen kudeaketa azkarra egiten du. Eta horixe da irrati berriaren funtsa.

Informazioa azkar manipulatzea errazten du eta magnetofoi zaharren egiteko bera du; irratian eskarmentua duten profesionalak ikara ez daitezen gainera, magnetofoien itxura bera du ordenadorean azaltzen diren mezuak: botoiak, zintak eta baita magnetofoiarena dirudien teklatua ere. Kontrol-postu bakoitzari ezarri zaion funtzioaren arabera, erreprodukzioa eta grabazioa edo erreprodukzio soila egin daiteke. Terminalean ipiniriko informazio-plakak kontrolari emango zaion erabilpenaren arabera jarri dira eta hortik, sos batzuk aurreratzeko modua ere izan da.

Grabazio- eta artxibo-sistemak ere erabat aldarazi ditu Euskadi Irratiko informatizazioak. Irratian artxibo-lanek ordu asko jan ohi dituzte, sistema tradizionalean artxibatu beharreko informazioak irauten duen denbora bera behar baita berau gordetzeko. Ordu horiek guztiak ezerezean utzi ditu sistema berriak, sagua arrastatuz kopiatu egiten baitira datuak fitxategi batetik bestera, horretarako maiz segundo gutxi batzuk behar direlarik. Horrez landa, artxiboaren antolaketarako aukera anitz eskaintzen du, digitalizaturiko informazioa ez baita eskutik eskura garraiatu behar, sarearen bidez baizik. Horrek guztia azkartu ezezik, lan-antolaketa logikoagoa ere ekarri du Miramongo estudioetara. Entzulea ohartuko ez bada ere, orain errazago egiten da lan.

Etorkizunari begi berriez so

Irratia maite duen edonor txunditurik uzteko moduko ikustaldia izan zen. Goiz da oraindik sistemak sor ditzakeen arazoak aurreikusteko, baina morrontza informatikoa aipatu zigun Julian Belokik gai horri buruz galdetu genionean. Baina potentzialitateak damaio sistema berriari etorkizuneko dimentsioa: aukerako irratia, automatizazioa, baliabide teknikoen aprobetxamendu egokiagoa edota baliabide pertsonalen formazioa. Aukera horiek guztiak hortxe daudela esan ziguten eta izan, hala da .

"ETORKIZUNEKO IRRATIAREN GAKOA DEFINIZIOAN DATZA"

Julian Beloki Euskadi Irratiko zuzendaria da 1991z geroztik. Ongi ezagutzen du hortaz, irratiak azken urteotan izan duen bilakaera. Etorkizunerako aukerez eta irrati berriaren inguruko kontuez hitz-aspertu luzea egiteko aukera izan genuen irratia bisitatzera joan ginen egunean.

Zetiaz-Elhuyar: Euskadi Irratiaren informatizazioak zertan eragingo dio programazioari?

Julian Beloki: Oraindik etorriko diren aldaketak aurreikustea zaila da. Potentzialitateari begiratzen badiogu, etorkizuneko irrati bat egiteko moduan gaudela esan dezakegu. Bitartekoak ongi ezagutu behar ditugu lehenik, egiazki zer egin dezakegun ikasi egin behar dugu. Izan ere, geu maisu eta geu ikasle garela ari gara une honetan guztiz berria den irrati-eredua erabiltzen eta ez dakigu oso ongi noraino eraman gaitzakeen horrek.

Z.-E.: Irratiko entzuleak sumatuko al du sistemaren aldaketa?

J. Beloki: Oraindik beharbada ez. Guk irratiarekin dugun eskarmentuagatik, berehala ohartzen gara girotzeko erabiltzen den musika gaizki samar entzuten denean edo ahotsaren eta musikaren arteko desorekak daudenean. Aldiz, entzule arrunta ez da ohartzen eta gainera, ez du ohartu behar. Aldaketak programazioa berritzean eta baliabide informatikoak erabiliz sortuko ditugun produktu berrietan atzemango direla uste dut. Hori guztia oraingoz, egin gabe dago.

Z.-E.: Noiz hasi zen irrati-eredu berria inplementatzeko prozesua?

J. Beloki: Oraintsu urtebete, iazko ekainean hain zuzen. Egoitza aldatu behar genuela eta, irratiaren beraren filosofiari ere astindu on batzuk emateko garaia zela uste genuen eta sistema berriaren bila abiatu ginen. Hainbat irrati bisitatu, aukera tekniko desberdinak eskaintzen dituzten enpresetara joan … eta apurka-apurka, irratira egokitutako sistemak hobeto ezagutzen hasi ginen. Berehala ikusi genuen kanpoko ereduek gehienera guk egin nahi genuenaren norabidea markatzen zutela eta ezingo genituzkeela bere horretan hemen erabili. Guk Euskadi Irratirako berariaz sorturiko eredua behar genuen eta hori han-hemenka ikusitako gauzetatik aukera eginez sortu da. Epe motzera horrek asko estutu gintuen, den dena gure esku zegoelako, baina epe ertainera mesederako izan da. Guk geuk diseinatu dugu irrati berria eta guk geuk ezagutzen ditugu beste inork baino hobeto bere sekretu guztiak. Gainera, material desberdinak aukeratu ditugu, aurrez eginiko diseinuaren arabera hornitu gara materialez eta horri esker, neurriko irratia egitea lortu dugu.

Z.-E.: Irratiko lan-taldea bera ere egokitu behar izan da sistema berrira...

J. Beloki: Bai horixe, eta horretan sufri zitekeen guztia sufritu dugula esan daiteke. Irratia ezin duzu itzali lan-taldea formazio-ikastaroetan ari delako; eguneroko emisoa etengabe, gure eguneroko lan-erritmo eroan hutsik egin gabe egin behar izan dira ikastaro horiek. Nik neuk ikasi nuen sistemaren funtzionamendua erabiltzaile-mailan eta gero, taldeka azaldu nien lankide guztiei. Egoitza zaharrean egin genituen lehenengo saioak, baina esperimentazio-fasea gauetik goizera amaitu zen: Miramona etorri orduko, akabo magnetofoiak eta zintak!

Z.-E.: Nolakoa izango da etorkizuneko irratia?

J. Beloki: Une honetan, irrati-emisora asko krisi sakonean sartuta daude. Irrati-eredu finkorik ez izateak irratiaren krisi hori areagotu egiten du, zaila baita oso une honetan jaun eta jabe diren komunikabideekin lehiatzea. Definizio horri heltzen ez zaion bitartean, zaila da irratiaren etorkizuna garbi ikustea. Nolanahi ere, Euskadi Irratiaren eredu berriak etorkizuneko aukera asko eskaintzen dizkigu. Aukerako irratia egin dezakegu, informazio zerbitzu berriak eskaini bitarteko teknologikoek lagundurik. Esate baterako, entzuleari eguraldiari buruzko informazioa eskuratzeko modua eskain diezaiokegu telefono zenbaki baten bidez, edota informazioa sailkatzeko eta helarazteko bide berriak jorra ditzakegu. Urrats hori ematera ezin gara oraingoz ausartu, gaur-gaurkoz ikasteko prozesuan buru belarri murgilduta gaudelako. Baina egin daiteke eta nire ustez, iritsiko da menuaren araberako irratiaren garaia.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia