}

Europako Fenomenologia Sarearen aurkezpena

2001/02/28 Elhuyar Zientzia

Fenomenologiak fenomeno zikliko naturalen aldiak aztertzen ditu, batez ere klima-aldaketarekin erlazionatuta daudenak. Fenomeno horiek, adibidez, lehenengo loratzea edo ernatzea, lehenengo hostoen sorrera, lehenengo hegazti-migrazioa, lehenengo tximeleten agerpena izan daitezke. Gertaera natural horien sasoiak klimarekin zuzenean lotuta daude.

Maiatzaren 1ean Europako Fenomenologia Sarea aurkeztuko dute Herbeheretako Wageningen-go Unibertsitatean egingo den lehenengo egitasmo-bileran. Sare horren asmoa Europan datu fenomenologikoen erabilera zein klima-aldaketari buruz kontrola eta ikerketa bultzatzea da. Europako Batasunaren egitasmo hau hiru urterako da (2001etik 2003ra) eta Europako hamahiru herrialde biltzen ditu.

Azkeneko hamarkadetan, behaketa fenomenologikoek landare, hegazti, intsektu eta anfibioen fenomenologian aldaketa esanguratsuak erakutsi dituzte. Gainera, arazo horien jatorria klimaren aldaketa dela ikusi dute, hainbat alderdiekin erlazionatuta baitago, adibidez, hazkuntza-garaia luzatzearekin, espezieen arteko orekarekin eta elikagaien erabilgarritasunarekin. Naturan sorrarazitako kalteaz gain, klima-aldaketak nekazaritzan ere badu eragina, hala nola, gaitzen eta izurriteen hedapenean, uztaren kalitatean eta izozte-garaien aldaketetan.

Sarearen eginkizuna, alde batetik, gai horrekin harremana duten erakunde eta taldeei laguntza ematea da eta, bestetik, behaketetan jendeak partehartzea bultzatzea, bereziki 12-18 urteko gazteek.

Orain arte, Europa mailan datu-bilketa izugarria egin bada ere, sarritan erakundeen arteko komunikazioa eta elkarlana ez da egokia izan. Hori dela eta, eraginkortasuna mugatzen da, ondorio globaletara iristea zailagoa delako. Horrela, ekologian, giza osasunean, nekazaritzan, hezkuntzan eta abarretan aplika zitezkeenak ezin izan dira martxan jarri. Sare horri esker, datuen azterketa eraginkorra egin ahal izango da eta emaitzak esparru guztien zerbitzura jarriko dira.

Egitasmoari buruzko informazioa Interneten: http://www.dow.wau.nl/msa/epn/

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia