Elhuyar zientziaren komunikazioa

Etxeko etengailuak

1990/06/01 Ensunza, Martxel Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gaia ezaguna den arren, nolabaiteko gaurkotasuna izan dezake, zeren eta bizi gareneko edota oporretan joaten gareneko etxebizitzak zahar samarrak badira, bertako etengailuak zaharrak eta desegokiak izan bait daitezke, bai geure segurtasuna zein etxebizitzarena arriskutan egon daitekeelarik.

Etxeko etengailu-motak

Etxean, hiru etengailu desberdin jarri beharrekoak dira, instalazio elektrikoa behar den bezala eginda badago behintzat.

  • Etengailu diferentziala; geure segurtasunarekin zerikusia daukana.
  • Etengailu magnetotermikoa; etxebizitzaren segurtasunarekin zerikusia daukana.
  • Potentzia kontrolatzeko etengailua; kontratatu dugun potentziarekin zerikusia daukana.

Gehien zaindu beharreko segurtasuna geurea denez, etengailu diferentziala aztertzen hasiko gara.

Etengailu diferentziala

Korronte elektrikoak eragin desberdinak izan ditzake geure gorputzean:

  1. Eragin mekanikoak: elektroiak, proiektilak bezala,desbideratu egiten dira, aurkituriko eragozpenen arabera.
  2. Eragin kimikoak: elektrolisia.
  3. Eragin magnetikoa: zelulak, burdinazko karraskautsak eremu magnetikoetan bezala, orientatu egiten dira, eragin honen efektu fisiologikoak erabat ezagunak ez direlarik.
  4. Bero-eragina: Joule efektua.
  5. Korronte elektrikoak, azkenik, hil egin gaitzake.
Giza gorputzak, bere etsaien aurkako defentsabideak dituenak, elektrizitatearen aurrean ez du zereginik.

Giza gorputzak, bere etsaien aurkako defentsabideak dituenak, elektrizitatearen aurrean ez du zereginik. Honelatan, bada, linterna bat pizterazteko aski ez diren korronteek pertsona hil dezakete.

Elektrokuzioagatiko heriotzari buruzko teoria batzuk baldin badaude ere, eritzirik hedatuena ondokoa da: shock elektrikoaren ondorio den heriotzaren zergatikoa fibrilazio bentrikularrean datza, edo gauza bera dena, bihotzeko zuntz bentrikularren uzkurdura desordenatuan, zeinak bihotzari sinkronikoki taupatzea eta ponpa bultzerazle modura bete behar duen zeregina eragozten dion.

Paradoxikoa eta ironikoa bada ere, 30 mA eta 1 A bitarteko korronteek heriotza sorteraz dezakete ia ziurtasun osoz eta intentsitate handiagoen kasuan, erredura larriak gerta daitezkeen arren, heriotz arriskua txikiagoa dugu. Korronte ahulek bihotzeko zuntzei eragiten diete, berauen uzkurdura sorterazten dutelarik; bihotzak erritmoa galtzen du. Korronte handiek, aitzitik, nerbio- eta arnas sistemari eragiten diete. Kasu honetan, arazoa arnas muskuluen tetanizazioan datza, hau dela eta, arnasketa artifiziala aplikatzea (ahotik ahorakoa adibidez) oso egokia delarik.

Gugan eta gure familiarengan eragin dezaketen tentsioak, etxeko tentsioak dira, behe tentsioak, eta berauek dira arriskutsuenak hain zuzen ere.

Segurtasun-kurba.

0,75 segundokoa den bihotz-zikloa baino iraupen txikiagoko kontaktu elektrikoetan, antza denez, fibrilazioa, kontaktua T fase kritikoak dirauen bitartean gerta daiteke, aipaturiko fasearen iraupena 0,15 segundokoa delarik.

Elektrizitate-arloan gertatzen diren lan-istripuetan, maiztasun-indizea txikia da, larritasun-indizea oso handia delarik. Normala da: langileek ezaguna dute arriskua, arretaz eta teknika egokiez gainditzen dutelarik. Istripua ez da maiz gertatzen, baina gertatutakoan larria da. Nabaria denez, hau ez da gure eta gure familien kasua; arazo honetan adituak ez bait gara.

1961. urtean, Paris-en antolatu zen jatorri elektrikodun istripuen prebentziorako Munduko Lehen Kongresuan, etengailu diferentzialen prototipo frantses eta alemaniarrerako saiakuntz probak burutu ziren.

Sekulako aurkikuntza izan zen. Oinarri tekniko sinple batez, dispositibo garrantzitsua lortu zen, zeinak miliampere batzuetako ihes-korronteen bidez ihardun zezakeen, aldi berean ampere askotako korronteak jasateko gauza zelarik. Beste modu batera esanda, honako hau erdietsi zuten: giza gorputzetik pasatu baino lehen, beronentzako arriskutsuak diren korronteek etengailua deskonektatzea.

Zer esanik ez, etengailu diferentzialak teknologi arloan eman daitekeen saririk handienetakoa merezi du; berari esker pertsona askok bizirik bait diraute. Dena den, datu hauek ez daude estatistiketan erregistraturik.

Etengailu diferentzialaren funtzionamendua

Elektrokardiograma normala.

Etengailu diferentziala, linea orokorrean tartekaturik dagoen dispositiboa da; gure gorputz edo aparaturen baten metalezko egituran zehar korronte elektrikoa zirkulatzean linea mozten duena.

Demagun, esaterako, edozein arrazoirengatik, etxeko garbigailuko eroaleren baten isolamendua hondatu egin dela, garbigailuaren txaparekin kontaktuan dagoelarik. Etxeko instalazio elektrikoa behar den bezala eginda badago eta lur-linea badauka, babeseroalean zehar, korrontearen parte bat lurreratu egingo da.

Jakina denez, edozein aparatu elektriko konektatzeko, bi eroale behar ditugu: bata, korrontea lineatik aparatura joan dadin, eta bestea, korrontea aparatutik lineara itzul dadin, eta batetik, adibidez, 10 ampereko intentsitateak zirkulatzen badu, bestetik ere, inolako ihesik ez badago, intentsitate berberak zirkulatuko du.

Gure garbigailuaren kasura itzulirik, azaldu dugun arrazoiagatik, korrontearen parte bat garbigailuaren metalezko egituratik deribatu egin da, lurrera joan delarik. Beraz, lineara itzuliko den korrontea, lineatik joan dena baino txikiagoa dugu. Hain zuzen ere, intentsitate-diferentzia honek eragingo dio etengailu diferentzialari, beronek linea moz dezan.

Etengailu diferentziala, gure gorputz edo aparaturen baten metalezko egituran zehar korronte elektrikoa zirkulatzean linea mozten duen dispositiboa da.

Demagun orain, gure etxeko instalazio elektrikoa behar den bezala eginda ez dagoela, lur-linearik ez daukalarik. Kasu honetan garbigailua ukituko bagenu eta lurrarekiko isolaturik ez bageunde, korrontearen parte bat gure gorputzean zehar deribatuko litzateke, egoera hau oso arriskutsua izanik. Hala ere, arestian azalduriko kasu berean gaude: gure gorputzean zehar, korrontearen parte bat lurreratu egin da. Beraz, lineatiko korrontea eta linearakoa desberdinak direnez, etengailu diferentzialak babestu egingo gaitu, gure gorputzarentzat arriskutsuak diren intentsitateetara iritsi baino lehen linea moztuz. Gauza bera gertatuko da aparatu baten borne edo zuritutako eroale bat ukitzean.

Dena dela, ondokoa ere esan beharra dago: etengailu diferentzialak ez gaitu babestuko, aldi berean bi eroale edo bi borne ukitzean. Kasu honetan, gure gorputzak edozein hargailu bezala jokatuko du.

Ez dago lurrerako ihesik, eta berau dugu, hain zuzen ere, etengailu diferentzialaren funtzionamenduaren oinarria.

Linea moztuko duen intentsitate-diferentziari, etengailu diferentzialaren sentikortasun deritzo.

Esana dugunez, etengailu diferentzialak geu babesten gaitu.

Dena den, gure segurtasuna garrantzitsua izanik, etxeko instalazioarena ere kontutan hartzeko modukoa da, eginkizun honetarako bestelako etengailuak (etengailu magnetotermiko deritzenak) erabiltzen direlarik.

Etengailu magnetotermikoa

Arestian aipatu dugunez, etengailu diferentzialak ez du etxeko instalazioa babestuko zirkuitulaburren bat gertatzean.

Orain dela zenbait urte babes-mota honetarako urtugarriak erabiltzen baziren ere (edo “berunak” orduko terminologia arruntaren arabera) gaur egun etengailu magnetotermikoez baliatzen gara eginkizun honetarako. Gainera, “berunak urtzen zirenean”, berauek aldatu beharra zegoen eta etengailu magnetotermikoaren kasuan, nahikoa da daukaten palankatxoari eragitea.

Etengailu magnetotermikoaren funtzionamendua

Etengailu magnetotermikoak intentsitatearen balio mugatu baterako daude eraikita. Zirkuituan zeharreko korrontearen intentsitatearen balioa etengailu magnetotermikoarena baino txikiagoa edo berdina denean, etengailuak ez du zirkuitua irekiko. Aitzitik, intentsitatearen balioa handiagoa bada, etengailuak ireki egingo du zirkuitua.

Guztiok dakigunez, intentsitatea handiagotzean, beroa ere handiagotu egiten da, eta aipaturiko bi arrazoi hauetako edozeinengatik, linea gehiegi berotuko da, eroaleen isolamenduak eta eroaleak berak hondatu eta agian suteak gertaturik. Beraz, etengailu magnetotermikoek, gainkarga eta zirkuitulaburren aurka babesten dute etxeko instalazioa.

Etengailu magnetotermikoak, etengailu diferentzialaren jarraian ipini beharrekoak dira. Etxeko instalazioa zirkuitu desberdinetan banaturik dagoenez eta berauek sekzio desberdineko eroaleez eratuta daudenez, zirkuitu bakoitzean dagokion etengailu magnetotermikoa ipini behar da.

Pertsonak eta instalazioak jadanik babesturik dauden arren, etengailuen historia ez da oraindik amaitu; etxean erabiltzen dugun energia elektrikoa ordaindu egin behar bait dugu. Eta erabiltzen duguna baino gutxiago ordain ez dezagun, potentzia kontrolatzeko etengailua ikusi ahal izango dugu etxeko instalazioan.

Potentzia kontrolatzeko etengailua

Potentzia kontrolatzeko etengailua.

Etengailu hau, energia elektrikoa banatzen duen enpresak, Iberduerok gure kasuan, edo beronek baimenduriko beste enpresa batek ezarritako aparatua dugu. Errazki identifika dezakegu aipaturiko etengailua gure etxeko kaxan, zeren, berun batzuen bidez prezintaturik dagoen bakarra bera bait da. Honen arrazoia oso nabaria da: Iberduerok soilik eta ez beste inork alda dezake etengailua.

Etxebizitzako instalazioa korronte elektrikoaz hornitu nahi badugu, Iberduerora joan eta etxean dauzkagun aparatu elektrikoen araberako potentzia kontratatu beharko dugu, kontrata daitezkeen potentzi mailak honako hauek direlarik: 1,1; 2,2; 3,3; 4,4; 5,5 eta 6,6 kilowatt.

Dakigunez, potentzia, intentsitatea eta tentsioa erlazionaturik daude P = I . V adierazpenaren bidez, edo gauza bera dena

bidez. Gaur egun, etxebizitza gehienetan, 220 V-eko tentsioa dugu. Beraz, arestian aipaturiko potentzi mailei dagozkien intentsitateak taulakoak dira.

Potentzia kontrolatzeko etengailua, intentsitatearen balio hauetako baten baterako etengailu magnetotermikoa baino ez da. Dena den, beraren eginkizuna ez da instalazioa babestea; Iberduerori kontrataturiko potentzia kontrolatzea baizik.

Zer esanik ez, etxeko instalazioan konektaturiko aparatuen potentzien batura kontrataturikoa baino handiagoa bada, intentsitatea ere handiagoa izango da, potentzia kontrolatzeko etengailua jauzi egingo delarik.

Esan gabe doa, gauza guztietan bezala, orekara heldu beharko dugu, zeren, potentzia handia kontratatzea hobea dela dirudien arren, kontsumo-energia berberarako potentzia zenbat eta handiagoa izan, Iberduerori ordaindu beharrekoa hainbat eta garestiagoa izango bait da.

Eta, hau guztiau dugu etengailua prezintaturik egotearen arrazoia; bestela oso gauza erraza izango litzateke 1,1 kWeko potentzi maila kontratatzea, eta guk geuk, gure kasa, 30 A-ko etengailua ipintzea.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia