}

Esporak ernatzea gelditzeko isurtzen dute onddoek onddo-usaina

2011/05/15 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

EHUn egindako ikerketa batean ikusi dute guk onddo-usaintzat jotzen dugun usain hori, berez, onddoek beren hazkuntza erregulatzeko isurtzen duten substantzia bat dela.
Aspergilus nidulans onddoarekin egin dituzte onddo-usainari buruzko azterketak (Argazkia: Plasmidmap) .

Usain batzuk ingurune edo egoera jakin batzuen bereizgarriak dira, hala nola ekaitz-usaina, belar moztu berriaren usaina... Horietako bat da, halaber, onddo-usaina. Udazkenean, onddo-biltzaileek gehien atsegin duten usaina da, jakin baitakite inguruan usain hori isurtzen ari diren perretxikoak daudela. Onddoek, ordea, ez dute gizakientzat isurtzen; elkarrekin komunikatzea da haien helburua. Euskal Herriko Unibertsitatean aurkitu dute zer komunikatzen dioten elkarri onddo-usainaren bidez, eta Fungal Biology aldizkarian argitaratu dute egindako lana.

Zehazki, Kimika Zientzien Fakultateko ikertzaile-talde bat aritu da ikerketak egiten. Ez dituzte aztertu, dena den, jateko perretxikoak ematen dituzten onddoak, zientzia-gaietan luze eta zabal erabili ohi den onddo bat baizik: Aspergilus nidulans . Bada, ikertzaileek frogatu dute usaina ematen duten konposatuek onddoen hazkuntza erregulatzen laguntzen dutela.

Onddo bakoitzak bere usain bereizgarria ematen dion konposatu-konbinazioa isurtzen badu ere (hatz-marka bezalakoa da, bakoitzak berea duen ezaugarri bat), konposatu horietako asko onddo guztietan egoten dira. Horietako bat 1-okten-3-ol izena duen alkohola da, eta, hori da, hain zuzen, EHUko ikertzaileek aztertu duten konposatua. Ikerketan, ikusi dute Aspergillus nidulans onddoen espora asexualek isurtzen dutela alkohol hori, eta alkoholak esporak ernatzea saihesten duela inguruan pilatzen denean.

Udazkenean, bustitako orbel-multzoak astintzean sumatzen da gehien onddo-usaina (Argazkia: Kevin Connors) .

Esan liteke, beraz, ingurune jakin batean dagoen espora-dentsitatearen berri ematea dela alkoholaren funtzioa. Azken batean, espora bakoitzak alkohol-kantitate jakin bat isurtzen badu, alkohol horren usain handiagoa egoteak esan nahi du espora asko dagoela inguruan. Espora asko egotea ez da mesedegarria espora horietako bakoitzarentzat. Izan ere, espora guztiak batera ernatuko balira, oso leku gutxi izango lukete hazteko, eta beren espezie bereko beste esporekin lehiatu beharko lukete elikagaiak eskuratzeko. Hortaz, alkoholaren azkeneko funtzioa izango litzateke esporak elkarrengandik nahikoa urrun daudenean bakarrik ernatzea. Eta, ikertzaileek, hain zuzen, hori ikusi dute: edozer arrazoirengatik esporak sakabanatu egiten badira, alkohola desagertu, eta esporak ernatu egiten dira.

Inguruko kinaden aurrean erantzuten

Esporak ernatzean, onddoek zelula-sare korapilatsuak sortzen dituzte. Onddoen zati ezagunenak perretxikoak badira ere, haiek ugaltzeko garaian bakarrik garatzen dituzte; gainerakoan, harizpi-formako sareak eratzen dituzte zelulek. Ugaltzeko garaia iristean, sare horietatik ateratzen dituzte esporak emango dituzten gorputzak, hala nola perretxikoak. Esporak, esan bezala, sexualak nahiz asexualak izan daitezke. Ugalketa asexualaren bidez sortutako esporak jatorrizko onddoaren berdinak dira, eta haien funtzio nagusia onddoa ugaritzea eta ahalik eta azkarren barreiatzea da. Ugalketa sexualean, berriz, beste onddo batekin partekatzen dute informazio genetikoa, eta esporetatik sortzen diren zelula-sareak desberdinak dira jatorrizko onddoarekiko. Inguruneko kondizioak aldatzen direnean jotzen dute ugalketa sexualera, kondizio berrietara moldatzeko aukerak gehiago izan ditzaten onddoek.

Onddo-usaina perretxikoekin lotu ohi dugu; espora sexualak sortzen dituzte perretxikoetan onddoek (Argazkia: Photoxpress) .

Onddo-sareek hazten jarraitu behar duten, ugaltzeko garaia ote den, esporek ernatzea komeni den eta, oro har, bizi-zikloko zein fasetan sartu behar duten jakiteko, inguruko seinaleez baliatzen dira onddoak. Seinaleak inguruneko kinadak izan daitezke, edo haiek isuritakoak. Adibidez, zientzialariek bazekiten zelula-sarea lurrazalera ateratzea eta atmosferarekin kontaktuan jartzea indar handiko kinada dela espora asexualak sortzeko. Espora horiek, ondoren, hazkuntza-kondizioak egokiak direnean, ernatu egiten dira. UPV/EHUko ikertzaileek aurkitu dutenez, ordea, konidioek ere seinaleak igortzen dituzte, eta ernatzea eteten dute, espora asko pilatzen direnean. Hala, bermatu egiten dute lurzorua modu eraginkorrean kolonizatzea.

1-okten-3-ol alkoholaren eragin erregulatzailea aurkitzeaz gainera, ikertzaileek frogatu dute horrekin lotuta dagoen konposatu batek (3-oktanona) onddoaren beraren hazkuntza inhibitzen duela ingurune bat neurriz gain kolonizatzen bada, eta esporak sortzera bultzatzen duela. Bigarren mekanismo horrek adierazten du konposatu lurrunkorren hizkuntza espero baino nabarmen aberatsagoa eta konplexuagoa dela. Ikertzaileek berek adierazi dutenez, "basoan goazela onddo-usaina sumatzen dugun hurrengoan, jakingo dugu usaintzen ari garen hori elkarrizketa baten parte dela".


Ortzadar-e n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia