Erresonantzia magnetikoa hiru dimentsiotan
2004/06/02 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
TRAC proiektuaren helburua barne-organoen hiru dimentsioko irudiak ikusteko prototipoa garatzea da. Horretarako, errealitate areagotua deritzan teknikaz ari dira baliatzen, eta, amaitzean, ebakuntzak planifikatzeko eta ebakuntza-gelan laguntzeko balioko du prototipoak.
Lanak Vicomtech ikerketa-zentroan ari dira egiten. Han, ordenagailu bidezko irudien tratamenduaren arloan lan egiten dute, eta aplikazio medikoak ikertzen dituzte, besteak beste. Hor kokatzen da, hain zuzen ere, TRAC proiektua. Oraingoz gibelaren irudigintza areagotuan ari dira lanean.
2Dtik 3Dra
Erresonantzia magnetikoko eskanerrek 3 mm-tik 3 mm-ra gorputzaren ebakiduraren irudi bat ematen digute. Normalean, bolumenarekin lotutako informazioa lortu nahi bada, bi dimentsioko irudi horiek bata bestearen ondoan jarri, eta, medikuak bere esperientziaz eta irudiak interpretatzeko gaitasunaz baliatu behar du gibelaren hiru dimentsioko irudia osatzeko bere buruan. Hain zuzen, prototipoak lan hori egitea nahi da, 3 dimentsioko irudiak sorraraztea, zuzenean. Horretarako eman behar diren pausoak aztertu eta lantzen dihardute TRAC proiektuan .
Ohiko erresonantzia magnetikoan lortutako bi dimentsioko irudiak dira abiapuntua. Lehenengo, irudi horiek iragazi egin behar dira, ordenagailu bidezko algoritmo matematiko egokien bidez. Iragazkiek zarata elektronikoa kendu eta xehetasunak nabarmentzen dituzte, baina iragazki egokia aukeratu behar da garrantzizko ñabardurarik galdu gabe lan egiteko.
Jarraian, segmentazio-algoritmoak aplikatzen dira. Algoritmo horien helburua gibelaren azala identifikatu eta silueta ondo zehaztea da. Proiektuaren zeregin zailenetakoa da hori, gibela organo handia eta konplexua baita. Azkenik, hiru dimentsioko irudia osatzeko, berreraikuntza-algoritmoak aplikatu eta gibelaren irudi bolumenduna lortzen da.
Horrelako irudiek, hasieran, gibeleko kanpo-anatomia aztertzeko eta kalteen hedadura ikusteko balioko dute, eta, aurrerago, sistema gehiago doitutakoan, gibelaren barruko hodiak, tumoreak eta abar aztertzeko adina bereizmen izango dute. Baina proiektuak badu bigarren zati bat; hain zuzen ere, errealitate areagotua eta ebakuntza-gela bera lotzen dituena.
Irudiak ebakuntza gelan bertan
Bigarren zati horren helburua da erresonantzia bidez lortu eta hiru dimentsiotan berrantolatutako irudiak ebakuntza-gelan bertan ikustea; eta, gainera, gaixoaren gorputzeko zuzeneko irudian kokatuta.
Hainbat pausu eman behar da hori lortzeko. Batetik, pazientearen gorputzaren ondoan kamera estereoskopiko bat kokatu behar da. Kamera berezi horrekin, pazientea hiru dimentsiotan filmatuko da operazioan zehar. Kamerak hartutako irudiak ordenagailuak prozesatu eta hiru dimentsioko irudipena ematen duen pantaila lau batean ikusten dira.
Era beran, pazientearen gorputzaren eta kamera estereoskopikoaren kokapen zehatza jakin behar dugu, uneoro. Horretarako, 3 markatzaile islatzaile jartzen dira pazientearen azalean eta beste 4 kamera estereoskopikoan. Sistema optiko batek markatzaileei jarraitu eta haien kokapena igortzen dio ordenagailu bati. Horrela, pazientea edo kamera estereoskopikoa mugituz gero, pantailako irudia ere mugitu egiten da.
Azkenik, erresonantzia magnetikotik lortutako gibelaren hiru dimentsioko irudiak behar dira. Orain, ordenagailu batek datu horiek guztiak jasotzen ditu eta pazienteren bista areagotua sortzen du: pazientea eta pazientearen gibela aldi berean ikusten dira. Eta pantaila lau berezian ikusten direnez, sakontasun-itxuraz ikusten dira, hiru dimentsio izango balituzte bezala. Irudi horiek ebakuntzetan ere erabilgarriak izatea lortu nahi dute.
Proiektuaren garapena eta ikerketaz arduratzen da Vicomtech, baina badira partaide gehiago ere: jarraipen-sistemak egin eta saltzen dituen STT eta, datu-base medikoetan aditua den BILBOMATICA. Azkenik, emaitza guztiak Bilboko Gurutzetako Ospitaleko adituek aztertzen dituzte, benetan erabilgarriak ote diren jakiteko. Hango medikuak dira, nolabait esateko, produktuari oniritzia emango diotenak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia