}

“Erantzukizun sozial handia genuela sentitzen genuen”

1997/11/01 Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Usurbilgo egoitzan elkartu ginen uztaileko goiz batean. Larunbata, hasierako talde hark elkartzeko ohitura zuen egun bera, baina goizetik hasi ginen, patxada handiagoz hitz egin ahal izateko. Hitzordua jarrita eta baieztatuta genuen arren, batzuek ezin etorria adierazi ziguten. Lan nekeza izan da sortzaileak biltzea, baina, tira, azkenik, talde honen sorreran partehartze zuzena izan zuten batzuk, behintzat, urreratu zitzaizkigun. Argazki bat egiteko eskatu genien, sorrerako lehen argazkia.

1972. urtea. Iluntzean bi gazte —Juanjo Gabiña eta Mikel Zalbide— Don Bosco ikastetxerako bidean gora doaz moto zahar batean. Bertan Luis Bandresekin hitz egitekotan dira; euskara eta zientzia uztartzeko proiektuari buruz proposamen zehatz bat egin nahi diote: Injineru Eskolan elkarrekin aritutako lagunak eta orain ikasle diren batzuk talde batean elkartzea. Elhuyar Kultur Elkartearen hazia izan zen bilera hori. 1997. urtea. Goizean bakoitza bere automobilean etorri da Elhuyar Kultur Elkarteak Usurbilen duen egoitzara. Orduko, duela 25 urteko, giroaz galdetuko diegu gaur egungo kideok. Proposamen zehatz bat egin diegu: 25 urte horietako ibilbideaz hausnarketa egin dezatela.

Taldea sortu aurreko giroa1964-1970

Gure mahaikideak, gazteago eta inuzenteago zirela, ikasle moduan aurkitu ditugu Donostiako Injineru Eskolan. Ordura arte Seminarioa zen Euskal Herriko ikasleentzat ikasketak egiteko ia aukera bakarra, seme-alabak Salamancara edo Valladolidera bidaltzeko modua zuten apurrentzat salbu. Urte gutxitako aldea dute beraien artean eta une batean edo bestean, batera aritu dira Eskolan.

Luis Bandres: Egia esan, guk geuk ere ez dakigu oso ondo zergatik hasi ginen Elhuyar Taldean elkartzen. Garbi ikusten dugu, ordea, larunbateroko bilera horiek egiten hasi baino askoz lehenago bagenbilkila kezka handi bat buruan: zientziari buruz hitz egiteko, idazteko, lan egiteko eta hausnarketa egiteko, euskara tresna baliagarria izan zitekeela uste genuen. Donostiako Injineru Eskolan ezagutu genuen elkar eta hantxe hasi ginen lanean, Euskal Kultur Taldeak (EKT) izeneko horietan, baita lehenago ere norbera bere kontura.

Andoni Sagarna: Hitz-zerrenda batzuk bazeuden aurretik, baina nahikoa puristak gure irudirako; horiek lantzen hasi ginen eta gero, apurka-apurka, zeregin gehiagotan sartu ginen.

Luis Bandres: Eta hori guztia zertarako? Ezertarako ez, egia esan; geure burua trebatzen hasteko, besterik ez. Kontuan izan behar dugu erabateko basamortua zela guk aurkitu genuena. Etxe-giroko kontuez landa, euskarak ez zuen ezertarako balio. Pentsa, hiztegirik ere ez zegoen.

Andoni Sagarna: Garai horretan, 64. urtean oker ez banago, Plazido Mujikaren hiztegia argitaratu zen eta hori guretzat sekulakoa izan zen. Gaur egun ia produktu arkeologikotzat hartzen dugu, baina pentsa, orduan zegoen bakarra zen.

ARGIA

Juanjo Gabiña: Eskolan, egia da, oso talde interesgarria elkartu ginen. Nik sarritan pentsatu izan dut zorizko kontua izan zela baldintza horiek guztiak ematea. Batetik, gure mailako ikasleen artean geu ginen, euskaldunok, onenak. Bestetik, ordezkariak ginen, ekimen berrietarako izugarrizko gogoa genuen... jarrera oso positiboa zen. Gero, euskaldun dezente elkartu zen garai horretan Eskolan. Lan ikaragarria egin genuen: hitz-zerrendak osatu eta eguneratu, lanak itzuli, artikuluak egin eta, askotan, gainera, gizarte-zientzietako gaiak ere jorratu genituen.

Andoni Sagarna: Eta kontu egin, gainera, Eskolak utzi egin zigula gure erara antolatzen. Guk Donostian aurkitu genuen giroa, dudarik gabe, salbuespena izan zen. Euskal kulturarekiko atxekimendu berezirik ez bazuten ere, halako permitibitatea edo bazegoen eta, areago, gure egitekoa erraztu egin zutela esango nuke. Nahi edo konturatu gabe apika...

Luis Bandres: Egia da oso aldeko giroa izan genuela beti Eskolan. Urteek ematen duten ikuspegitik aztertuta zera esango nuke: egiazki genuen indarra baino gehiago genuela uste zuten Eskolan. Pentsa ezazue zein egoera sozial eta politikoa bizi zen Euskal Herrian garai horretan; benetan uste zuten ikaragarri indartsuak ginela, baina ez zen horrenbesterako.

Juanjo Gabiña: Bagenuen, ordea, eragiteko gaitasun handia. Adibidez, Deustuko Kultur Mintegiarekin eta han-hemenka agertu ziren beste taldeekin harremanetan jarri ginenean guk egindakoari buruz galdetzen ziguten; guk nola egin genuen ikasi nahi zuten.

Luis Bandres: Konplexu ikaragarriak genituela ere aitortu behar dugu. Euskaldunak ginen, euskaraz hitz egiten genuen etxean eta lagunekin, baina gero, fisikari edo matematikari buruz ez ginen gauza euskaraz behar bezala egiteko.

Andoni Sagarna: Ez baikenekien nola esaten zen hau edo hori. Den-dena egiteko genuen; zalantzarik gabe, giro frenetikoa izan zen hasierako hura.

1970-1972

Luis Bandres.

Karrera amaituta, lanean hasi dira gure solaskideetako batzuk. Injineru Eskolan lan eskerga egindako taldetxo hori sakabanatzen hasten da, zeregin profesionaletara erabat emanda. Belaunaldi berria sartu da Eskolan eta gauzak egiten segitzen badute ere, kohesiorik ezaz kezkatzen hasi dira batzuk.

Luis Bandres: Nik jaitsiera hori nozitu nuen lanean ari nintzela, Don Bosco ikastetxean fisikako eskolak ematen, hain zuzen. Euskaldun asko geunden Don Boscon, baina gelara sartu orduko gaztelania zen erabiltzen genuen hizkuntza bakarra. Nik segitu nuen lan batzuk itzultzen eta material berriak euskaraz sortzen, baina nire kasa ibiltzen nintzen edo lagunekin hau edo hori komentatuz.

Juanjo Gabiña: Karrerako azken urtean geundela, Mikel Zalbide eta biok Eskolan ibilitako jendea elkartzeari buruz hitz egiten hasi ginen. Oker ez banago, Mikel izan zen lehen aldiz talde finko bat eratzeko kontua aipatu zuena eta berehala heldu genion. Eskolan biologiako eta natur zientzietako gauzatxo batzuk egiten ari ginen, baina, esan bezala, nahikoa bakarkako lanak ziren. Luis ezagutzen genuen eta bagenekien lanean ari zela Don Boscon. Bi aldiz pentsatu gabe bere bila joan ginen.

Luis Bandres: Moto zahar batean iritsi ziren eta zuzenean proposatu zidaten talde bat osatzeko. Lanaren bizioa edo dugularik, lanean hasteko irrikitzen geunden guztiok eta berehala hasi ginen elkartzen. Larunbat arratsaldero, hutsik egin gabe batek daki zenbat urtetan.

Juanjo Gabiña: Sekulako zortea izan zen Luis aurkitzea. Injineru Eskolan berarekin ibilitako batzuk berehala sartu zituen taldean eta guk ere, gure aldetik, beste askori jakinarazi genien gure proiektua. Gero Iñaki Azkune eta besteak etorri ziren eta talde moduan funtzionatzen hasi ginen serioski.

Andoni Sagarna: Bilera horietan asko eztabaidatzen genuen euskararen normalkuntzari buruz, baina zerbait azpimarratu behar badugu, ekoizpen-gaitasuna da garai horretako giroaz niri gehien gustatzen zaidana. Egin eta egin, horixe zen gure lana.

Juanjo Gabiña: Eta, berez geureak ez ziren arloetan ere sartzen ginen; gizarte-zientzietan, etab. Euskal Herriko historiari buruzko lan potolo bat itzultzera ere ausartu ginen...

Luis Bandres: Garai horretan beste batzuk ere lanean ari ziren esparru horietan, baina ez ziren gure produkzio-mailara iristen. Askotan esan ohi da injineruok burua oso karratua dugula eta behin zerbait kaskuan sartuz gero ez dugula egin gabe uzten...

Juanjo Gabiña.

Andoni Sagarna: Formazioz ere desberdinak ginen, izan ere. Guri erakutsi egin ziguten gauzak egiten, apurka-apurka nahi baduzue, urratsez urrats, baina emaitzak lortzen genituen. Oso gauza abstraktuei buruz eztabaidatzen aritzen ziren horiei, ordea, kosta egiten zitzaien lan jakin batzuk aurrera ateratzea. Guk torlojoak bezala, artikuluak eta liburuak egiten genituen.

Juanjo Gabiña: Eta oso zintzoak ginen lanean. Larunbateko bileretan erabakitzen zen zein lan egin eta gero, astean zehar, bakoitzak bere zatia, zegokiona, egiten zuen. Lan-dinamika itzela zen hura.

Lankide berriak agertzen dira

Garai bertsuan sortu zen, bestalde, Udako Euskal Unibertsitatea ere, eta ikastola asko eta jaialdiak egiten hasi ziren euskal abeslariak. Premisa berriak ezartzen dira artearen munduan ere. Basamortua loratzen hasi ote da?

Luis Bandres: Guk hasiera-hasieratik hartu genuen parte UEUren sorreran. Elhuyar zen garai horretan serioski lanean ari zen talde finko ia bakarra, astero-astero elkartu eta lana tajuz egiten zuena. Berehala aditu genituen beste batzuen asmoak eta elkarrekin kezka berriak argitzen hasi ginen. Nire ustez, UEUren sorrera, neurri handi batean, Elhuyarrek ahalbidetu zuen eta gure taldeko kideek pisu handia izan zuten UEUk bere kasa aurrera egiteko modua eduki zuen arte. Helburu bera genuen: euskara etxe-zulotik atera eta egiazko tresna bilakatzea. Materialak prestatzen, jendea erakartzen, propagandan eta, tarteka “dibisa-trafiko” txikiak egiten aritzen ginen. Jende askok izan zuen UEUren berri gure taldearen bitartez. Urte horietan xalabardoa eskuan ibiltzen ginen leku guztietan, jende-harrapaketan.

Juanjo Gabiña: Sekulako eztabaidak izaten genituen. Uztaritzekoak, adibidez, kenketei buruz, eta abar. Gaur egun erabat finkatutzat ditugun esamoldeak eta hitzak orduan sortu ziren luze eta sakon eztabaidatu eta gero.

Zergatik orduan?

Bistan denez, ordukoa ez zen Elhuyar bezalako talde bat abian jartzeko girorik egokiena. Apika, ez da sekula horretarako abagune egokirik izan, baina ezina ekinez egin zuten orduan. Galdera bat sortzen zaigu behin eta berriro buruan. Zergatik orduan? Zein indar aurkitu zuten sortzaileek oztopoak besterik eskaintzen ez zituen giro horretan?

Andoni Sagarna: Baldintza desberdin asko gertatu ziren batera gure garaian eta horien guztien ondorio da Elhuyar taldea. Adibidez, geurea izan zen, gaur egungo ikuspegitik ulertuta, ikasketa unibertsitarioak egin zituen lehen belaunadia. Ordura arteko guztiek ia derrigorrez pasatu behar zuten Seminariotik, ezer egin nahi bazuten, eta unibertsitatera iristen zirenek ere bide bihurriak egin behar izaten zituzten. Valladoliden edo Salamankan ikasitakoak ziren orduko unibertsitarioak. Euskal Herrian bertan ikasitakoak orduantxe hasi ziren agertzen.

Luis Bandres: Elhuyar bere garaiaren emaitza ere bada, giro horretan hazi eta dakigun apurra hantxe ikasi genuelako. Eta eragin soziopolitiko handia zegoen gizarte horretan. Taldeko bileretan gai politikoei buruz ez genuen eztabaidatzen, ez zen hori gure egitekoa, baina hor zeuden; hasieratik oso garbi ikusi genuen hori bereiztu egin behar genuela. Baina gu euskaldunak eta abertzaleak ginen diktaduraren azken hondarretan; kalean zer gertatzen zen ikusi egiten genuen eta, nahitaez, oso azalean zegoen potentzialitate politiko hori. Gerora, batzuek garatu dute, beste batzuek ez, baina hor zegoen.

Andoni Sagarna: Sarritan esan izan da beharrezkoa dela kontrako indar bat egotea aurrera egingo bada. Eta horixe zen guk ezagutu genuen egoera. Giro ofiziala kontrakoa ez ezik, egiten ari ginenaren etsai amorratua ere bazen. Baina euskalgintzan lanean ari ginen, gauzak sortzen ari ziren.

Luis Bandres: Garai horretan, adibidez, euskara batuaren hika-mika zebilen dantzan...

Juanjo Gabiña: Guk ez genuen inolako arazorik izan Euskaltzaindiak esandakoa betetzeko, zentzuzkoa iruditzen zitzaigulako. Nahikoa urrutitik ikusi genituen horren inguruko eztabaidak; gure taldean ez zegoen belaunadi-jauzia, iritzi desberdinik maila horretan eta horixe da, hain zuzen ere, zenbait ingurutan eztabaida benetan garratzak sorrarazi zituena.

Luis Bandres: Gure buruaren kontra harrika ari naizela pentsatuko duzue, baina buru karratuarena aipatu behar dut berriro. Izan ere, gu praktikoak ginen; guk gauzak egin behar genituen eta, beraz, erabat normaltzat hartu genuen hizkuntza finkatzeaz arduratzen den Akademiak esaten zuena onartzea eta ia-ia diskutitu ere egin gabe horrelaxe jokatu genuen hasiera horretan.

Lan-dinamika

Andoni Sagarna.

Behin baino gehiagotan esan den bezala, Elhuyar taldeko kideak bolondresak ziren. Larunbatero elkartzen ziren eta bilera horietan erabakitzen ziren astean zehar egin beharreko lanak. Bilera horietan eztabaidatu egiten zuten, lan-ildoak zehaztu eta oztopoak zerrendatu. Gaurko begiez ikusirik, larunbateko bilera horiek lan-dinamika berezi hori gorpuzteko behar zen “bihotza” zirela pentsa liteke.

Andoni Sagarna: Harrigarria gertatzen zaio gaur egun askori urte luzetan eraman genuen lan-dinamika hori. Batetik, beste modurik ez zegoela pentsatzen genuen; garai horretan, eta aipatzen ari garen baldintzetan, ezin zitekeen lan profesionalik antolatu euskara eta zientzia uztartzeko. Gure bizimodua beste nonbaitetik ateratzen genuen eta bolondres gisa hartzen genituen gure “etxeko lanak”.

Luis Bandres: Eta neuk, behintzat, ez dut sekula sentitu halako sakrifizio handi bat egiten ari nintzenik; ez nuen sentitzen zerbaiti uko egiten nionik Elhuyarren lanean aritzeko. Horretara ohituta geunden eta gaur egun ere horrelaxe segitzen dugu. Ohituraz edo, larunbat arrantsaldetan etxean geratzen gara gutariko asko, gure paperetan sartuta eta, harrigarriena izan daitekeena, gustura, oso gustura egiten dugu hori.

Andoni Sagarna: Eta horrela hazi garelako edo, ni afal ostean oraindik lanean jartzen naiz ia egunero. Elhuyarrerako lanak horrelaxe egin dira urtetan: gauez, iluntzean, igande goizetan, etab.

Juanjo Gabiña: Ez ginen gu bereziki masokistak, ez pentsa. Emaztegaiarekin behin baino gehiagotan diskutitzen bagenuen ere, oso gustura elkartzen ginen larunbatetan eta lan egin ondoren, lagunartea bikainean, poteatzera ateratzen ginen.

Andoni Sagarna: Nik oinarri-oinarrian sakonagoa den beste arrazoi bat ere ikusten dut. Gure formazioak, gure izaera baldintzatu duten faktore horien guztien multzoak erantzukizun soziala edukitzera eraman gintuen. Egiteko zerbait genuela pentsatzen genuen eta pentsatzen dugu gaur egun ere. Gure hezkuntza, formala nahiz arautu gabea, horrelakoa zen: gizarte honetan bizi zara, kultura batera jaio zara eta zure ekarpena egin behar diozu. Horretan oinarrituta zegoen, neurri handi batean, gure egiteko dinamika hori.

Juanjo Gabiña: Hurrengo belaunaldietarako zerbait egin beharra zegoela garbi ikusten genuen. Eta horrek lan itzela eskatzen zuen; sarritan esan dugun bezala, garai horretan horixe zen lan egiteko modu ia bakarra eta gogoz aritu ginen.

Luis Bandres: Beharbada, horixe da nik gaur egun faltan sumatzen dudana. Mutur batetik bestera pasa gara oso denbora laburrean. Lehen, Elhuyar taldea abian jarri genuenean, ez zegoen ezer; basamortuan bizi ginen euskaldunok eta, gainera, erakunde guztiak kontra zeuden, baina ilusioa genuen, lan egiteko grina. Gaur egun, ordea, sasi-profesionalizazioak beste bide batzuk jorratzen ditu; gauzak egin baino lehen dirulaguntza edo antzekoa bermatuta eduki behar da, bestela ez da deus egiten. Ilusiorik gabe lan egiten da sektore askotan.

Andoni Sagarna: Eta dudarik gabe, profesionalizazioa behar-beharrezkoa da, are gehiago talde honetan. Profesional onak behar dira orain lantzen ari garen esparruetan eragin ahal izateko, baina batak ez du zertan derrigorrez bestea ukatzen. Lanaren erabilgarritasuna aldarrikatu behar da; ilusioa eta helburua eduki behar dira egiten ari garena baliogarria dela sinistuz. Zereginik sinpleenean ere, gizarte honi zerbait aportatzen ari gatzaizkola sentitu behar dugu aurrera egin ahal izateko. Funtsean, horregatik lortu dute irautea Elhuyarrek eta euskalgintzako beste talde askok.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia