Elikagai transgenikoekin ezer baino lehen, kontuz

1999/10/01 Groome, Helen Iturria: Elhuyar aldizkaria

Teknologia berrien aurrean, nekazariak behar-beharrezkoa du bere ingururako informazio tekniko kontrastatua eta baliagarria, arrisku berrien aurrean babesa emango dien aseguru-sistema berria, eta bere bezero nagusiaren iritzia, kontsumitzailearena, ondo ezagutzea.

Nekazaritzako injinerutza genetikoaren aplikazioan, gaurdaino hiru elementu hauetako bat bakarrik egon da argi: egin diren era guztietako ekintzek diotenez, kontsumitzaileek genetikoki eraldatutako elikagaiei buruzko zalantza handiak dituzte eta etiketa bereizgarria eskatzen dute, ustekabean erosteko arriskurik egon ez dadin. Horrek nekazaritza-populazioari pentsarazi egin behar digu, gure apustua kalitatearen aldekoa eta hemengo bezeroaren araberakoa baita.

Benetan falta dena, nekazaritzako injinerutza genetikoaren onura eta arriskuei buruzko nekazariendako informazio tekniko kontrastatua eta baliozkoa da. Poliki-poliki hasi dira iristen ikerketen emaitzak, baina emaitzei benetako balioa emateko, ikerketa nor egiten ari den eta nork ordaintzen duen jakitea falta da. Bien bitartean, taladroari aurre egiteko gai den arto transgenikoa saltzen zaie arazo hori ez duten nekazariei, edo multinazionalei komeni ez zaizkien ikerketen emaitzetako datuak manipulatu egiten dira, eta horiek une honetan sortzen ari diren arazo etikoen erakusgarri dira. Jarrera horiek, nekazaritza-populazioa teknologia berri hauekiko mesfidati bihurtu dute. Gaur egun Euskal Herrian transgenikoak erabili edo ez erabili erabakitzen laguntzeko baliozko daturik ez dago.

Teknologia hauen arriskuen jabe nor edo nortzuk egingo diren esateko, bada kontuan hartu beharreko hainbat datu. Batetik, aseguru-talde garrantzitsuek genetikoki eraldatutako landareak edo eta elikagaiak aseguratzeko sistema berriak diseinatu beharra azpimarratu dute; duda barik poliza garestiagoak, baina oraindik ez daudenak nahi dituzte. Bestetik, nekazaritzako produktuek eragindako kalteei buruzko Europako legeria berriak argi uzten du erantzukizuna nekazariarena edo ganaduzalearena dela, beti ere kontsumitzaileak arrazoia argitzeko gauza badira (berez oso zaila da). Horiek horrela, nekazaritza-kimika-elikagaietako enpresa handiek, nekazaritzako injinerutza genetikoaren sustatzaileek —beste edozein enpresa bezala mozkinengatik motibatuta— horretaz hitz egiten dutenean eskuak garbitzen dituzte, produktuak etiketatzearen aurka daude eta nekazariei ez diete transgenikoak erabili edo ez erabakitzeko aukerarik ematen, eta, are okerragoa dena, beren teknologiaren edozein eragin edo arrisku gizarteratu egiten dute. Oraindik ez dute azaldu munduko txiroek, gosea kentzeko, beren elikagaiak nola erosiko dituzten, eurek diotenaren arabera lehen helburua hori dela dirudi eta. Egoera horretan, argi dago nekazaritzako sindikatuak —nekazariak (ez ahaztu, aldi berean kontsumitzaile direla) defendatzea helburu duenak— kontuz ibiltzea zergatik eskatzen duen.

Helen Groome EHNE