EHUk zientzia-dibulgazioko bilduma bati ekin dio
2003/12/15 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Zientzia Irakurle Ororentzat esan diote bildumari, ZIO, eta helburua argia da: zientzien inguruko gaiak guztien eskura jartzea, euskara egoki, bizi eta erakargarrian. Horretarako, mundu zabalean arrakasta izan duten liburuak argitaratuko dituzte.
Bildumako lehen liburua Oliver Sacks egile ospetsuaren Antropologo bat Marten izan da. Zientzia-dibulgazioaren alorrean, maila goreneko autorea da Oliver Sacks neurologoa, oso irakurria eta mundu guztian ezaguna. Haren obra batzuk zinemara eta antzerkira ere eraman dira: Iratzarraldiak eta Emaztea kapelarekin nahastu zuen gizona , besteak beste.
Antropologo bat Marten liburuan, Sacks-ek buruaren berezko akatsez zein ezbeharrezkoez hitz egiten du, autismoaz eta beste zenbait eritasunez nahiz sindrome ezezagunago batzuez; haietatik ikas dezakeguna, halako arazoak dituztenen penak eta pozak, ezinak eta dohainak aztertzen ditu. Eta, guztiaren gainetik, gizakia bera agertzen du, bere paradoxekin.
EHUko Euskara Zerbitzuko Juan Garzia Garmendia eta Iñaki Ugarteburu Gastañares dira bildumaren zuzendariak, eta lehenengo liburu hau Xabier Olarrak euskaratu du. Bildumaren diseinua, berriz, Antton Olariagarena da.
Bilduma Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera argitaratuko dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia