}

Edwin Armstrong

1990/05/01 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Iparrameriketako injineru elektriko hau, 1890.eko abenduaren 18an jaio zen New Yorken. Azkenean, depresioak menpean hartuta, bere burua etxeko leihotik behera bota zuen New Yorken 1954.eko otsailaren 1ean.

Iparrameriketako injineru elektriko hau, orain dela ehun urte jaio zen New Yorken; 1890.eko abenduaren 18an hain zuzen. Egokia iruditzen zaigu beraz bere jaiotzaren ehunurteurrena dela eta injinerutza elektrikoan (irrati-transmisioan batez ere) egin zituen lanak aipatzea.

Edwin Armstrongek gaztetan irakurri zituen dibulgazio-liburuetan Marconik haririk gabeko telegrafian lortutako aurrerapenak eta hogei urte bete baino lehen hasi zen bere irrati-transmisore propioa egiten eta irrati-seinaleak sortzen.

Columbia-ko unibertsitatean ikasi zuen, Michael Pupin bere maisu izan zelarik. Han injineru-titulua lortu zuen, elektrizitate-sailean.

Edwin Armstrong.

Lehen Mundu-Gerran, Armstrong hegazkin-detekziorako sistemak garatzen aritu zen. Ordurarte zeuden metodoak, hegazkinek sortzen zituzten soinu-uhinetan oinarritzen ziren. Armstrongek ordea, beren erreketa-sistemetan sortutako uhin elektromagnetikoetan oinarritzea hobe zela pentsatzen zuen; horrela detekzioa hobeto eta zehatzago egiteko modua zegoela uste bait zuen. Baina uhin haiek frekuentzia altuegia zuten erraz jaso ahal izateko. Horregatik Armstrongek zirkuitu berezia asmatu zuen frekuentzia txikiagotu eta uhinak anplifikatzeko. Aparatuari “hargailu superheterodino” izena ipini zion.

Armstrongek beranduegi asmatu zuen bere aparatua Lehen Mundu-Gerran erabiltzeko, baina Bigarren Mundu-Gerran erabili zen radar-ekipoetan. Gerratik kanpo ordea, edozein irrati-uhin hartzeko mekanismo aproposa zen eta horri esker irrati-hargailuak erraz erabil zitezkeen. Irrati-seinaleak lortzeko ere, injineru elektriko izan beharrik ez zegoen. Superheterodinoa irratiari akoplatuta, disko bat birarazita seinaleak erraz lor zitezkeen. Irrati-hargailuak beraz, ikaragarri ugaldu ziren orduan.

Lehen Mundu-Gerra amaitu zenean, Edwin Armstrong eta Lee de Forest-ek auzi luze eta korapilotsuari eman zioten hasiera. Zirkuitu-mota baten patentea nori zegokion erabaki ezinik ibili ziren elkarren kontra. Armstrongek azkenean auzia galdu egin zuen, baina bere lorpenik garrantzitsuena gero lortzea suertatu zitzaion.

1934. urtean Columbiako unibertsitatean injineru elektriko gisa irakasle-lanean hasi zen, eta sei urtean zehar saiakuntza ugari egin ondoren, 1939.ean atmosferako perturbazio elektrikoen arazoa konpontzea lortu zuen.

Irrati-hargailu normaletan, transmisio-uhinen anplitudea sistematikoki aldatuz eta aldaketa horien bidez transmititutako soinu-uhinen anplitudea aldatuz lortzen dira seinaleak. Horri deitzen zaio anplitudearen modulazio edo AM (“Amplitude Modulation” ingelesez).

Zoritxarrez ekaitzek eta aparatu elektrikoek ere modulatzen dute transmisio-uhinen anplitudea, baina batere ordenarik gabe. Modulazio desordenatu hori gero soinu bihurtzen da irrati-hargailuan, noski, eta horixe da interferentzia izenez ezagutzen duguna.

Armstrongek asmatutako prozesuan, seinalea transmisio-uhinen “frekuentzia” sistematikoki aldatuta igortzen zen. Frekuentzia modulatua edo FM deitzen zaio horri eta badu abantaila handi bat: interferentziak baztertzekoa, zeren eta frekuentzia modulatuko seinaleak atmosferako ekaitzek edo beste aparatu elektrikoek sortutako interferentziarik ez bait du jasotzen.

Bigarren Mundu-Gerraren ondoren FMko irratiak asko hedatu dira bazter guztietan eta musika klasikoa transmititzeko dira batez ere egokiak. Telebistako soinuaren zirkuituetan ere asko erabiltzen da frekuentzia modulatua, musika entzuteko kalitaterik onena horrela lortzen delako.

Zoritxarrez FMko transmisio-uhinak frekuentzia altukoak bakarrik direlako ez dira urrutira iristen. Beraz, frekuentzia modulatuan emititzen den emisora ezin daiteke oso urrutitik entzun. Horretarako tarteka errepikagailuak ipini beharko dira.

Edwin Armstrong oso pertsona setatsua zen, eta etengabe izaten zituen batarekin eta bestearekin auziak. Gainerako pertsonak beti bere kontra azpilanean ari zirela pentsatzen zuen, nahiz eta horretarako batere arrazoirik izan ez. Azkenean, depresioak menpean hartuta, bere burua etxeko leihotik behera bota zuen New Yorken 1954.eko otsailaren 1ean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia