}

Duela 35.000-7.000 urte Atxurrako inguruneak izandako bilakaera ikertu dituzte

2024/01/24 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

duela-35000-7000-urte-atxurrako-inguruneak-izandak
Josu Aranbarri Erkiaga polen-laginak biltzen Atxurran. Arg. Josu Aranbarri Erkiaga

Atxurra (Berriatua, Bizkaia) eta inguruko aztarnategi klasikoetako datuetan oinarrituta, duela 35.000 eta 7.000 urteen artean ingurune hartan landaretzak eta inguruneak izandako aldaketak aztertu ditu ikertzaile-talde batek, Josu Aranbarri Erkiaga EHUko ikertzailearen gidaritzapean. Aranbarri paleolandaretzan espezializatuta dago, eta, baieztatu duenez, ikusi dute landare-komunitate oso hetereogeneoak agertu zirela denboran zehar, aldaketa klimatikoei eta tokian tokiko litologiari lotuta. Horrekin batera, Gravetiar aldiaren eta Neolitoaren artean inguru hartan egon zen giza okupazioa ere aztertu dute.

Hain zuzen ere, Atxurran dago Lea ibarreko giza okupazio antzinakoena. Zehazki, VI maila estratigrafikoan aurkitu dira aztarnarik zaharrenak, eta duela 33.500 urtekoak dira (Gravetiar aldi zaharra). Ikerketan frogatu dutenez, ingurunean koniferoak ziren nagusi, batez ere pinuak eta ipuruak, eta baso atlantiar mistoaren hedapena mugatua zen. Hortik ondorioztatu dute klima hotza eta lehorra izango zela.

Azken Maximo Glaziarrean, Atxurrako kobazuloa hutsik egon zen, eta inguruko aztarnategietan ere giza arrasto gutxi aurkitu dira, Antoliñako koban salbu. 

Geroago, duela 19.400-18.400 urte inguru, pinuak eta ipuruak nagusitu ziren, belar esteparioekin batera, eta ia ez zeuden zuhaitz eta zuhaixka meso-termofiloak. Berriz ere, klima lehorra eta hotza izan zen seinale. Sasoi hartan, Behe Madeleine kulturako okupazioak gertatu ziren Atxurran. 

Erdi Madeleineko sasoian, berriro hutsik geratu zen Atxurra. Aldiz, okupazioak izan ziren Arlanpen, Santimamiñen eta Antoliñako koban.

Pleistozenoaren amaieran, duela 15.000 urte inguru, baso atlantiar mistoa osatzen duten espezieak ugaritu ziren. Horrekin batera, Madeleine kulturako okupazioak zabaldu ziren eskualdean. Arkeologoen ustez, orduan (Goi Madaleine aldian) egin zituzten Atxurra, Lumentxa, Armintxe, Goikolau eta Abittaga kobazuloetako margoetako batzuk.

Horrez gain, ikusi dute garai hartan, lehen aldiz, taldeak antolatu egin zirela Lea ibarrean: kanpaleku nagusiak, ehiza-kanpalekuak, espazio sinbolikoak… Hortik ondorioztatu dute, ehiztari-biltzaileak baziren ere, gutxiago mugitzen zirela eta lurralde-banaketa handiagoa zutela. Antolamendu horrek bat egiten du baso atlantiar mistoa hedatzearekin eta estepa-itxurako inguruneak desagertzearekin; eta, era berean, baita tenperaturen eta hezetasun-mailaren igoerarekin ere.

Atxurrako azken maila estratografikoa duela 7.700-7.000 urte sortu zen, eta baso atlantiar mistoaren eskualdeko hedapena du ezaugarritzat. Arkeologoek ez dute aurkitu Neolitoko giza eraginik paisaia horretan. Ikerketa osoa Palaeogeography, Palaeoclimatology, Palaeoecology aldizkarian argitaratu dute, eta laburpen bat ere egin dute Arkeobasque argitalpenean

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia