}

Duela 15.500 urteko altxorra Praile Aitzen

2005/11/01 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa | Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Dekoratutako bost lepokok eta venus batek --ondoan ikusten denak-- osatzen dute Aranzadi Zientzi Elkarteko lantaldeak Praile Aitz I kobazuloan aurkitutako altxorraren zatirik ikusgarriena. Goi Paleolitoko Madaleine aldikoak dira guztiak, duela 15.500 urte ingurukoak. Europa osoan ez da horrelakorik inoiz aurkitu. Beraz, Ekain eta Leze Txikirekin batera, Praile Aitzeko kobazulo txikia Euskal Herriko historiaurreko santutegien artean sartu beharko da.
Duela 15.500 urteko altxorra Praile Aitzen
2005/11/01 | Eneko Imaz Amiano Beñardo Kortabarria Olabarria | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: S. San jose)

Santutegi hitza ondo baino hobeto datorkio Praile Aitz I kobazuloko aztarnategiari , erritoetarako erabiltzen zutela uste baitute Aranzadiko arkeologoek. Ikerketaren buru den Xabier Peñalverren hitzetan, "Ekain, Altamira eta horrelakoak jendearen bizileku izan ziren, baina, aztarnen arabera, esan daiteke hau erritoak egiteko erabiltzen zutela. Horregatik da garrantzitsua, desberdina delako". Eta desberdina da bai Euskal Herri mailan eta bai Europa mailan ere.

Venus bat eta bost lepokoren zintzilikarioak aurkitu dituzte, 29 pieza guztira, nahita harriztatutako lurrean tarte simetrikoetan jarrita eta geruza estalagmitiko batek babestuta. 100 m 2 -tik gora induskatu dituzte, bi gelatan banatuta.

Lepokoetako bat ahuntz-hortzekin egina dago, hiru hortzekin. Hirurek bina zulo dituzte, bi lokarri erabilita zintzilikatzeko edo, eta batek okreaz margotua izanaren aztarnak ditu; bi gelen arteko pasabidean aurkitu dute.

Gainerako lau lepokoak barruko gelan zeuden eta harrizko zintzilikarioekin eginak daude. Erabili zuten harri-mota oso ohikoa da inguruan; erraz aurki daiteke Deba ibaian, adibidez. Forma egokiko harri leunak aukeratu besterik ez dago. Harri beltzak edo ilunak dira eta, asko, grabatuekin apainduta daude. Zulo bana dute guztiek, lepokoa osatzeko.

Oso harri atseginak dira, bai bistara bai eta ukimenera ere. Peñalverrek ere hala adierazi zuen aurkikuntza aurkezteko prentsaurrekoan: "guk geuk baieztatu dugu, oso kolore atsegina eta distira polita dute izerdiarekin edo urarekin bustiz gero".

(1) Isturitze, Ekain, Praile Aitz, Altxerri, Santimamiñe, Azpitarte, Lumetxa, Bolinkoba, Ermittia, Arenaza, Urtiaga...; hezurrak, tresnak, pinturak; Homo sapiens sapiens . (2) Axlor, Lezetxiki (EHko giza aztarna zaharrena), Olha, Isturitze, Murba...; esku-aizkora, suharri-xaflak, geziak...; Homo sapiens neanderthalensis . (3) Aizpitarte, Aitzabal, Arlanpe...; suharrizko esku-aizkorak; Homo erectus .
(iturria: www.puntubi.com)

Harrizko lepokoetako batek 14 ale ditu eta 1,5 metro inguruko luzera luke. Ale guztiak lurrean, distantzia simetrikoetan jarrita, agertu dira. Gainerako lepokoek 6, 3 eta 2 ale dituzte.

Azkenik, venus-itxurako harri bakan bat ere aurkitu dute; 12 cm luze da, eta horrek ere lepoko gisa erabiltzeko zuloa dauka.

Lepokoez eta venusaz gain, arkeologoek sutondoa, harrizko jarlekua, harrikatza, silexez egindako lanabesak eta zulatutako basahuntz-hezurrak aurkitu dituzte, baita leundutako jarleku bat ere sutondoaren aurrean.

Praile Aitz I

Aranzadiko ikertzaileek 2000. urtean ekin zion Praile Aitz I aztertzeari, premiaz ekin ere, kobazuloa lanean ari den harrobi batean baitago. Hasierako indusketen arabera, bazirudien kobazuloa Cro-Magnon talde baten bizilekua izan zela. Izan ere, kobazuloaren sarreran sutondoa, harrizko jarlekua eta janda edo jateko prestatutako basahuntz-hondakinak aurkitu zituzten; eta, gainera, inguruan badira bizilekutzat erabilitako kobak.

Horregatik, ikertzaileek ondorioztatu zuten hango bizidunak ehiztariak zirela eta basahuntzak harrapatzen zituztela. Noski, harrapatu eta gero, jan egingo zituzten eta kobazuloaren aurrealdean pilatu hondarrak. Errekara jaitsi eta itsasora joaten zirela ere jakina da arrastoengatik, arrainen hezurduren hondakinak ere aurkitu dituztelako. Edonola ere, industria-hondakinik ez dago ia batere.

Lepoko handienak 14 zintzilikario ditu, eta txikiena ale bakarreko venusa da. Halako lepokoak ikusita, pentsa liteke egungo harri-jasotzaileen aitzindariren bat bizi izan zela Praile Aitzen!
E. Imaz

Ondorengo aurkikuntzek, bistan denez, aldatu egin dituzte hasierako uste haiek, eta, orain, bizilekutzat baino gehiago, guztiak bildu eta erritoak egiteko tokitzat jotzen dute. Ezin esan, ordea, zer motatako erritoak egiten zituzten. Garai bertsuko beste aztarnategietan, hezurrak agertu izan dira eta ehorzketa-erritoekin lotu izan dituzte, baina Praile Aitz I koban ez dago halako aztarnarik.

Peñalverrek azaldutakoaren arabera, aurkikuntza oso bakana eta berezia da, eta, gainera, "zientifikoki frogatu gabe dago, baina ia seguru nago pertsona bakar batek landutako piezak direla guztiak, kokapenarengatik eta apaindurek sekuentzia bertsua erakusten dutelako".

Lepokoek markak dituzte alboetan.
S. San jose

Ikertzaileek ez dakite zer funtzio izan zuten lepokoek; arrandiarako, hierarkia azpimarratzeko, apaingarri hutsa. Lanabes-funtziorik ez zuten, behintzat; artelantzat har daitezke, edo funtzio sozial edo espiritualdun piezatzat. "Baliteke, ingurukoen artean jarduera edo gaitasun bereziak zituen pertsona bati lotutako gunea izatea."

Dena den, Praile Aitz I kobaren geroagoko erabilerari dagokionez ere, aztarnak urriak, baina bereziak, izaten jarraitzen dute. Hala, Madeleine aldiaren bukaerako eta Epipaleolitikoko mailatan aginte-makila, jan ez zituzten 200 itsas barraskilo baino gehiago, fauna-aztarnarik ez duen sutondoa, agian erabilera errituala zuena, eta halako beste hainbat aztarna aurkitu dituzte.

(Argazkia: Aranzadi zientzi elkartea)

Inguru bizia

Praile Aitz Deba eta Mendaro artean kokatua dago, iristeko oso zaila den toki aldapatsu batean. Inguru hartan, Goi Paleolitoko aztarnadun kobazulo ugari aurkitu dira. Maldan bertan bazen Praile Aitz II izeneko beste kobazulo bat, baina harrobi baten lanen ondorioz desagertu zen. Zuhaitzek saihestuko ez balute, Praile Aitzetik bertatik Ermittia, Iruroin eta Langatxoko kobazuloak ikusiko lirateke.

Barandiaranek eta Aranzadik 1924 eta 1926 urteen artean aztertu zuten Ermittiako kobazuloa, eta material oso garrantzitsua berreskuratu zuten. Iruroin eta Langatxo 1990eko hamarkadan induskatu ziren, Praile Aitz II bezala. Horrelako pilaketak adierazten du Debabarrena oso preziatua izan zela Goi Paleolitoko gizakientzat.

Praile Aitz I kobako gela nagusia. Aranzadi Zientzi Elkartekoek xehe-xehe arakatu dute koba aztarna bila.
S. San jose

Kontuan hartu behar da Madeleine aldia eta azken glaziazioa aldi berean gertatu zirela, eta, sasoi hartan, 1.000-1.500 metrotik gorako tokietan elurra kendu ere ez zuela egiten. Beraz, Cro-Magnonek babesa eskaintzen zuten bailarak bilatzen zituzten, altitude gutxian eta itsasotik gertu zeudenak.

Peñalverren hitzetan, "horrelako aztarnategien multzoa izatea da benetako altxorra, horrek nolabaiteko ikuspegi orokorra izaten laguntzen digulako". Izan ere, tresna eta material harrigarriak aurkitzetik haratago doa ikertzaileen asmoa, duela milaka urte inguru hauetan bizi zirenen ingurunea nolakoa zen eta haiek nola bizi ziren jakin nahi dute, batez ere.

Gaur egun, Praile Aitz I kobako landa-lanak geldirik daude, baina bildutako laginak eta informazioa aztertzen ari dira azken memoria prestatzeko.

Madeleine aldia
Goi Paleolitoko hirugarren eta azken kultura da, duela 16.000 urte ingurutik 9.500 urte ingurura iraun zuena; Dordognako La Madeleine kobatik hartu du izena.
Goi Paleolitoan gizakiak jada Homo sapiens sapiens espeziekoak ziren, Cro-Magnon kulturakoak, hain zuzen. Madeleine aldian, hezurrezko tresneria ugaldu eta labar-artea garatu zen: harrizko lanabesak, arpoiak, arrantzarako amuak, hezurrezko edo maskorrezko zintzilikarioak, hezurrekin egindako jostorratzak, harrizko zein hezurreko eskultura txikiak, aginte-makilak, venusak eta abar.
Haitzuloetako hormetan margoak ere egiten zituzten, eta Madeleine aldian koloreak erabiltzen hasi ziren. Euskal Herrian aldi hartako aztarna eta artelan ugari dago.
Eneko Imaz Amiano Beñardo Kortabarria Olabarria
3
214
2005
11
23
Paleontologia